Konfuzio Euskal Herrian

Konfuziok honako hau erantzun zuen, duela 2.500 urte, Wei estatuko administratzaile kargua hartu zuenean, bere lehen erabakia zein izango zen galdetu ziotenean: «Premiazkoena hitzak zuzentzea da, adierazi behar dutena adierazi dezaten, eta ez beste zerbait. Arretarik handiena jarri behar dugu kasu bakoitzean hitzik zehatzena erabiltzen, hizkuntza errealitatearekin bat etor dadin».

Zehatza da planteatzen duena: Arazo baten izena aldatzeak arazoa konpontzen al du? Arazo baten izena leuntzeak arazoa leuntzen du? Hori aurrerapena al da, ala iruzurra?

Japonian diotenez, hitzek beti dute erremedioa, baina errealitateak ez. Bihurritu liteke egoera baten deskribapena, baina errealitateak edozein lekutatik eginen du jauzi mahai gainera. Hitzak eta errealitatea bat ez etortzeak niri deserosotasun itzela sorrarazten dit. Hitzak eta errealitatea bat ez datozenean engainua dago, zintzotasun falta, inpostura, manipulazio-borondate zital bat, politikan ohikoa dena, baina herritarrok onartu behar ez genukeena. Hitzak, eta, egunero ikusten ditugun ekintzak zenbat eta disoziatuago egon, orduan eta desorekatuagoa da herri baten ikusmena dauzkan arazoei buruz.

Euskal Herriak nozitzen duen distortsio narratiboa oso nabarmena da maila guztietan, eta, historia garaikidera mugatuz, 1978an hasi zen, espainiarrentzat antolatu zen demokraziari ez geniolako deitu, guk, gurekiko zeukan izenez: Inperialismoa. Eta hauteskunde espainoletan parte hartuz gure aurkako sistema politiko bat Europan homologatu genuelako. Geroztik sakondu baino ez da egin errealitateak daukan erraztasuna gure hitzen kristala apurtzeko. 2016an, adibidez, GED-en deialdian independentziari bai esan zioten gehienek, handik bi astera, Espainian zeinek agindu bozkatu zuten ekainaren 26an. Antinomia hutsa.

Oso erraz detektatzen da politikan. Mezu politiko ia guztiak buruzagien inoperantzia estaltzera bideratuak daude; hitzak mozorro gisan, ez argitasun meategi. Ahantzezina da PNVren honako sekuentzia. 2016ko abuztuko titularra: «PNVek Rajoyri gaztigatu dio Euskadin beste fronte bat daukala», euskal arazoaz hitzik ez zuelako esan inbestidura hitzaldian. Urkulluk irailean: «Badago [Gasteizen] gehiengo bat Kataluniako bidea jarraitzera bultzatzen gaituena, baina ez dut jarraitu, eta ez dut jarraituko». Aurten PPren aurrekontuak babestu ditu PNVek, eta irailean dute biek bilera, 40 urte ondoren Gernikako Estatutua deituriko akats historiko haren hondar-eskumenei buruz. Itzul gaitezen hasierara: Zer zen Rajoyk Euskadin zeukan fronte hura? Errealitateak txikitutako ispilu sintaktiko hutsa.

Baina Rajoy (edo Espainiako estatua) gurean etsaitzat hartzen den edo ez antzematea ez luke erraza izango ezta Konfuzio berak ere, etsairik gabeko herri bat eraiki nahiaren falaziak bide luzea egin baitu; hori laguntzera ekarri dituzte bi mozorro linguistiko, aniztasuna eta bizikidetza, iraungitze datarik gabeko asimilazio baten errealitatea ezkutatu nahi luketenak.

Uztailean irakurri diogu Bilduko buruzagi bati: «Beldurra ematen du Rajoyk Euskal Herria denerako eredu gisa jartzeak, haren gobernuak herri honi behin eta berriro bere identitatea ukatzen baitio». Alabaina, pertsona berberak justu kontrakoa esan zuen 2016 irailean, elkarrizketa digital batean, Rajoyrekin kaferik hartuko al zuen galdeturik: «Baita 125 kafe ere hartuko nituzke. Eta eskatuko nioke Euskadiri begiratzeko, bere behar guztiak. Eta kasu egiteko Euskadiko hiritarrek nahi dutenari». Hau gertatzen da alderdiko interesak direnean jomuga (iraileko hauteskundeak), eta ez egia, argitasuna, herriaren berrarmatze ideologikoa.

Diskurtso politikoa zirrara ahalmen oro galdu duen murmurio monokorde astuna bilakatu da, ideia askatzaileen hutsune larriaren zama daramana hitz, esaldi eta deklarazio bakoitzean. Irrealitateak dena kutsatzen du: euskarari buruzko diagnostiko baikorrak, 650 eurorekin legokeen bizitza duina, etorkinei egozten dizkiegun ezaugarri negatiboak, AHT bera, turismoa… Erakunde guztien txostenetan inflazio baloratiboa gertatzen da, errealitatea dena baino ederrago agertzen da, oso koloretsu eta glamouros, haien erdipurdiko ekimen grisak estaltzeko. Ez dago nahiko hitzik kolore guztietako inkonpetenteak mozorrotzeko! Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaileak dioenez, «Hemen, albisteen protagonistak politikariak dira, baita kultur albisteetan ere. Ez dago kultur eragilerik Teleberrin. Gurean, politika kazetaritzaren gainetik dago». Gezurraz ohartzea euskal herritarrok daukagun zeregin zibiko nagusiena da.

Presoen gaira ere iritsi da ordezkapen semantikoa, Iñaki Lasagabaster Zuzenbideko katedradunak zioenez: «Presoen gaiaz aritzen garenean, ez gara politikaz ari, giza eskubideez baizik». Madrileko talde parlamentarioei agertu die arazoa, hiru urraketa mintzagai: presoen sakabanaketa, zigorrak metatu ezina, eta hiltzeko zorian daudenen auzia. «Politika» hitza ez omen dute inoiz aipatzen. Baina Jakes Goikoetxeak azpimarratzen zuenez, «(…) agerian geratu da Espainiako Gobernuak irizpide politikoak eta estrategikoak lehenetsi dituela presoen zaintzan (…)». Etsaiak gogorarazi behar digu zinez preso politikoak direla, haien errealitateari dagokion hitza «politika» dela; bestela Gurutze Gorria arduratuko litzateke haietaz.

Eta errematean giza-eskubideak eta demokrazia binomioa aipatzen zuen Lasagabasterrek: «Giza eskubideak errespetatzen ez dituen estatu batean ez dago demokraziarik». Menderakuntza egoera bat demokratikoa izan baliteke bezala! Lehen giza eskubidea herri batek bere burua nahi bezala gobernatzeko eskubidea da, eta hortik eratorriak dira beste guztiak. Giza eskubideak ez dira existitzen testuinguru politikotik aparte. Eta «politiko» epitetoa kenduz arrazoiz desjabetzen da presoen gaia; ahaztu barik, espetxeez ari garelarik, giza-suntsiketa praktikatzeko esparru ezin politikoagoak direla demokrazia guztietan. Kepa del Hoyoren izenak bat egin du, tamalez, errealitate honekin.

Errelatoa ez da hainbeste zeinek zer egin zuen ezagutzea, herri baten adimen kolektiboa aktibatzea baizik. Ezagutza memoriaren ondorioa da; ezagutu litezke gauza asko, fitsik ulertu gabe. Jakinduriak dakar ulermena, bizitzea egokitu zaizun garaia irakurtzen jakitea da, eta adimena horretarako tresna, errealitateak apurtuko ez dizun begirada propio bat, eta errealitate horretatik urruntzen diren perifrasi maltzurrak detektatzen lagunduko dizuna. Eta hitzak egoki erabiltzea da, milesker, Konfuzio, horretarako baldintza lehena.

BERRIA