Gipuzkoako historia nafarra

Nabarraldek liburu berri bat eramango du Durangora: “Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik”. Egilea Beñi Agirre da, ni neu alegia. Liburu honetan ere, Ignacio Barandiaranek esaten zuen moduan, metodoari buruzko bi ñabardura egin behar dira. Lehenengoa da, ezin dela Gipuzkoaren gaia ikertu bere inguruan dituen euskal probintzietatik bereiziz eta, eremu zabalago batean, Europako Hego-mendebaldeko testuingurutik aparte. Euskal Herria, bere osotasunean, eremu zabalago batean kokatu behar da: Europan.

Euskal Herriari ezagutzen dizkiogun mugak Gaztelaren eta Frantziaren interesen araberakoak dira. Historian zehar liskarrak, gerrak eta inposaketak haiek eragindakoak izan baitira. Ezin da ulertu Euskal Herria Nafarroaren eta euskararen lurralde historiko zabalean kokatu gabe. Bi estatuen debekuen aurrean herri berberaren aitortza egin gabe. Hor kokatzen da geografikoki Gipuzkoa. Historiaren pasarte asko, herri honen kokapen geografikoak baldintzatuak izan dira. Espainiako eta Frantziako, bi erreinu erraldoiek Nafarroaren banaketa hitzartu zutenetik, Gipuzkoak mugako izaera izan du Europako komunikazio bideen testuinguruan. Euskaldunok 1659ko Pirinioetako banaketaren ondoren, herriz herri bereizi gintuzten frantses ala espainolen gudu-lerroetan, salbuespenik gabe.

Euskaldunok, ordea, ez dugu ahantzi oroimen historikoaren garrantzia. Euskara, herri honen oroimenean dago bizirik. Ondarea da, oroimen lekua. Bidasoa ibaiaren erdian dagoen Banaketaren uhartea horren lekuko ere bada. Bertan sinatu zuten gaurdaino dirauen bi estatuen arteko banalerroa. Pirinioetako Ituna eta Bakearen Ituna deitu zioten. Sinatzaile indartsuek gaztelaniaz eta frantsesez mintzo ziren, Irungoak zein Hendaiakoak, aitzitik, euskaraz. Beti nagusitu izan dira ez hizkuntza indartsuenak, baizik eta indartsuenen hizkuntzak.

Ekuadorrera egindako bidaia batean neronek entzun nion Amazoniako indigena bati ibaia zeharkatzeko erabiltzen zuen ontzi txikiari txalupa deitzen. Bertan urte mordoxka zeraman Nafarroako misiolariak eman zidan azalpena: aspaldiko kontua da euskaldun jendea paraje hauetan ibiltzearena. Bertakoek diote misiolari euskaldunek irakatsi zietela hitza eta gaztelaniaz hitz egiten dutenean ere txalupa hitza erabiltzen dute denek. Indigenek indartsuenen, konkistatzaileen, hizkuntza darabilte gaur.

Peio Monteano ikertzaileak dio XVI. mendeko Nafarroa Garaian bi hizkuntza erabiltzen zirela: Euskara, nafar gehienek hitz egiten zuten hizkuntza, baina ia inork idazten ez zuena. Eta erromantzea, hizkuntza hau jende gutxiagok erabiltzen zuen, baina hauxe soilik erabiltzen zuten idazteko. Gauza bera gertatzen zaigu euskaldunoi historiarekin. Gu gara gure historiaren subjektu, baina, besteek idazten digute historia.

Ez dut esaten idatzi ez genuenik, hainbat pasarte bai bederen, baina, gutxi da guregana iritsi dena. Konkistatzaileek zokoratu, deuseztatu edo Inkisizioaren sutetan erre zituztenak ere ugari izan ziren, ziur. Bestelako subjektua duen historiografia tradizionalak kontatu izan du funtsean euskal herritarren irudia eta eman izan dio errelatoari haien ikuspegiko moldea. Aski da. Nire helburua izan da liburu honetan kontatzen denarekin beste pauso bat ematea aurrera. Etorkizunean, guztien esku egotea haien tradizio historikoa apurtzea eta gurea oparoa bihurtzea.