Gure Txillardegi

Euskararen eguna benetan ospatu nahi luketen guztiei gomendatu nahi diet Pako Sudupek maisuki Txillardegiri buruz idatzi duen liburua, honek Euskal Herriari egin zion ekarpen sakona jaso, ikertu eta dosi zehatzetan eskaini diguna: Txillardegiren borroka abertzalea. Haratago joanda, egun honek urtero idazle bati dedikatua behar luke egon, haren obra ezagutzera eta (garrantzitsuagoa dena) irakurtzera emana izan dadin. Egun seinalatuekin beste modu batera joka liteke, hain da urria jendeak bere kulturaz eta hizkuntzaz ezagutzen duena!
Lan handia, ongi egina eta modu ezin interesgarriagoan aurkeztua da Sudupek egin duena, Txillardegik etengabe idazten eman baitzuen bere bizitza, testuinguru sozio-politiko bakoitzari erantzunez. Gaztetako Txillardegi da, zentzu horretan, zorrotzena, garaiko giro politikoan ere gauzak gaur baino argiago zeuden seinale edo. Zer zen hura! Ez pertsona bat, hiru baizik, gutxienez. Berak aipatzen du 1976ko testu batean, Iparraldeko bizitza lasai eta europarra utzi eta Hego Aldeko borrokalekura itzultzea erabaki zuenean: «[…] Larresoro hemen geldituko da aurrerakoan, Iparralde honetan, Kanbo-alde baketsu horretan, urte luze hauen lekuko mutu. Txillardegi, berriz, antiguar ezaguna, hor doakizue, ene aurretik, mezulari, herra-zulo madarikatu horretan burrukan segitzeko gertu; ondotik ni neu ere zuen artera agertzeko esperantzan». Eta zehaztu zuen euskal intelektualaren papera: «Zer egin behar du euskaldun intelektualak? Gure herria barnetik eta sakonki ezagutu: gaurkoa eta atzokoa. Intelektual batek argi egiten lagundu behar du, eta huntarako bere herria eta bere mendea ezagutu behar ditu: ezagutu, maitatu eta nortu».
Liburuak, bere horretan, sentipen gazi-gozoak sortzen ditu, ilusio zapuztuen kronika bilakatzen da, eta bere bigarren zatian, Txillardegi zahartzen doan heinean, ezintasun baten ispilu, berea eta kolektiboa dena, ezin kokatu bat, sigla asko, iritzi kontrajarriak, ezer aportatzen ez duten joan-etorri estrategikoak, eta nahasmen ideologikoa; azken batean, herri honen askatasunaren helburua lortu ez duenaren eta ezin duenaren etsipen eternala. Baina orriotan ikusi dugu nola saiatu den bere bizitza guztian handik edo hemendik menpekotasun hegemonikoari arraildurak aurkitzen, irmotasuna puskatzen, sarritan bertako kolaboratzaileen aurka.
1978an utzi zuen definizio antologikoa, etorkinen inguruan piztutako polemika baten harira, euskaldun nor den eta nor ez erabakitzeko: «Euskalduna da, Euskadin bizi eta lan eginda, gure herria bere egiten duena». Eta Sudupek egiten dion iruzkina: «Planteamendu horietatik hain urrun sumatu dugu gure herriko iritzi publikoa, ezen irakurtzeak bakarrik harridura sortzen baitu».
1980an 35 urtez aurreratu zen gaur independentziaren ideologo batzuek diotenari, euskara ez ote den galga indarrak biltzeko orduan: «Oraindik pentsatzen dugu, edo pentsatzen dute batzuek, kontu linguistikoa galga dela. Hori faltsua da. […] Planteamendu linguistikoak ez du zertan izan apolitikoa, lotsatia, askotan esan den moduan; erabat planteamendu politikoa izan behar du».
Aurreratu zen, baita ere, gaur ia inork zalantzan jartzen ez duen sistema autonomikoa gure herria asimilatzeko tresna huts bat baino ez dela kritikatzera. 1975ean gobernu probisional baten ideia plazaratu zuen: «Euskal Herriak ez dauka oraindik erakunde abertzale bat, ez klandestinoa, ez exilioan, Madrilen euskal alternatiba bat inposatzeko gai dena, Hego Euskal Herriko indarren sostenguarekin. Euskal gobernua deritzana, gaur egun eratua dagoen bezala, ez da. Hilabeteak badoaz, urteak badoaz; eta Euskal Erakunde Goren ospetsu hori, beste askoren artean Enbatak eskatu duena, ez da agertzen inondik ere. Norena da errua?».
1997an ere berretsiko du autonomismoaren amarrua: «Azkeneko hogei urte honetan Hegoaldean, Madrilen onespenarekin eraiki den tramankulu autonomikoak helburu hau dauka: trauma mingarririk gabe, poliki-poliki, ikurriña balkoi ofizialetan eskegita, Hego Euskal Herria Espainian integratzea. PNVa, Madrilen beharrezko laguntzaile bihurtu da. Madrilek berak egin ez dezakeena, jelkideek egiten diote […]».
2000. urtean berretsiko zuen mesfidantza: «[…] Nik uste garaia dela saio politiko bat egiteko; baina ez politika parlamentarioa (hori behar bada egin dezatela, baina nik ez dut horretan sinesten), baizik eta desobedientzia zibilaren politika, gandhismoa: masiboa, gogorra». Baina 2002an Aralarren afiliatu zen, zeinak parte hartzen zuen ahal zuen erakunde guztietan. 2007an dimisioa eman zuen, eta 2008an EAE-ANV alderdiko kideekin hedabideen aurrean agertu zen, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda aurkezten.
Halere, ez zuen inoiz bistatik galtzen gure herriaren arazoa zein zen. Hau dio 2005ean: «Euskal arazoa beste hau baita: orain dela bost mende, herri hau zapalduta bizi dela. Eta vascongado/navarro/vasco-frances zatiketa hirukoitzak geure hondamendira garamatzala. Ongi dakite, era berean, hemen hispano-frantses legetasuna gerra bidez inposatu zela behin eta berriz. Euskal herriak bizirik iraungo badu, Auto-determinazioa eta Independentzia behar ditugu […]».
Nik esango nuke ezin dela Independentzia defendatu, eta era berean independentziaren uko nagusia den sistema autonomikoa defendatu, eta Txillardegik agertu zuela, bere konpromisoaren ausardiaz beti ere, herri honek heldutasun estrategiko batera iristeko daukan ezintasun guztia.
Baina Txillardegi irakurtzeak denok inplikatzen gaitu bete-betean herri honen etorkizunaren aurrean. Iragan uztailean, BERRIAn, honela titulatzen zuen Dani Goñik artikulu bat: «Ai Txillardegi, zer egin huen horrela tratatua izateko?». Bertan kontatzen zituen Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko egin zituzten gestioak, eta hara non aurkitu zuten hitz magikoaren murraila: kontsentsua. Eta zabala, gainera. Eta nola PSEk pikutara bidali zituen, etsipenaren galbidean geratu da egitasmoa. Gaiak, ordea, gu interpelatzen gaitu, eta honela behar luke izenburuak: «Barka Txillardegi, zer egin dugu guk zu horrela tratatzeko?». Gu gara bere lekua errebindikatzen jakin ez dugunak, arduradun sare itzela osatu arte, Euskaltzaindiatik hasita, eta gure ahuldade politikoa da omenaldirik kaskarrena.
Zer egin zuen Txillardegik? Lana gogotik, eta herri honen askatasuna desiratu. Hustu zuen bere garuna, eta katarsi horren olatuek denok bustitzen gaituzte. Espainolismoak ez du maite, lana ondo egin zuen seinale. Gu gara, orain, espainolismoa garaitu behar dugunak. Jose Luis Alvarez Enparantza, gure herriaren ispilu, zer ikasi, zer pentsa ugari eman zigun gizona, baita zer ahaztu, gainditu eta arbuiatu ere.

BERRIA