Inicio Egunekoa “Gipuzkoaren historia nafarra” historiaren errelatoa biziberritzen

“Gipuzkoaren historia nafarra” historiaren errelatoa biziberritzen PDF Imprimir E-mail
Nabarralde   
Jueves, 07 de Diciembre de 2017 11:55
beni_agirre_aurkezpena

Beñi agirrek nabarralde fundazioaren eskutik plazaratu duen “Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik” liburua aurkeztu da donostian

Beñi Agirre idazleak Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik liburua aurkeztu zuen Donostiako Untzi museoan. Nabarralde Fundazioaren eskutik argitaratutako lan honetan, “Gipuzkoa eremu zabalago batean kokatzen du” egileak, Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak azpimarratu zuen bezala.

“Esango nuke lan xume hau Gipuzkoako historia dela, baina, beste modu batean kontatua. Antzinarotik Lizarrako 1931ko Euskal Estatu baten Estatutua idatzi zen arteko gertaerak aztertzen dira, gertaera horietako bakoitza ulertzeko behar den testuinguruan jarrita. Betiko bertsio akritikoetatik ihes, zerotik hasi eta narrazio berri bat sortu nahi izan dut. Gu subjektu izango garen historia, alegia”, argitu zuen egile hernaniarrak.

Liburuan, Agirre Gipuzkoaren erraietan barneratzen da, lurralde honen jatorria eta eraketaren muinera joz. “Egun ezagutzen ditugun Gipuzkoaren mugak Gaztelaren interesen arabera sortutakoak dira. Historian zehar liskarrak, gerrak eta ezustekoak hark eragindakoak baitira. Ezin da ulertu Gipuzkoa euskararen lurralde historiko zabalean kokatu gabe”, gehitu zuen Rekaldek, liburuaren hitzaurrea idatzi duen Idoia Arrieta historialariaren hitzei jarraituz.

“Argi dago Gipuzkoa hitzaren jatorria Ipuzkoa tenentzia nafarra dela, baina, eremu geografikoak ez datoz bat”, gehitu zuen idazleak. “1200. urtean Gaztelak inbaditu zituen lurralde hauek eta harez geroztik eurek antolatu izan dute lurraldea gaur duen itxura lortu arte. Mugak erabat administratiboak eta artifizialak dira; zeren eta, ez al daude, bada, hizkuntza, kultura, ohiturak edota identitate berberak Hondarribian eta Hendaian, Hernanin eta Aranon, Idiazabalen eta Altsasun edo Eibarren eta Ermuan? Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren historia ezin da ulertu Nafarroaren, Gaztelaren eta Frantziaren historia kontuan hartu gabe”.

aurkezpena2

Agirrek erran bezala, bere liburuan historiaren begirada berri bat eskaintzen du, non gertakari historikoei fidel mantenduz, errelato berri bat eskaintzen duen. “Funtsean, historia ofizial deitzen diren horiek bestelako subjektu bat izaten dute euren narrazioan. Hortik, gertaera berbera eta datu berberak erabiliz interpretazio ezberdinak izatearena. Beraz, subjektu historikoa definitzea da gakoa. Bere oroimen historikotik abiatuta egin behar du narrazioa eta hori berak bakarrik egin dezake. Historia idatzia, benetakoa, dokumentatua, egiaztagarria eta metodologia zientifikoz osatua izan behar du; eta narrazioa, memoria historikoarekin koherentea izan behar du. Zer egin behar dugun? Besteena kopiatzeari eta itzultzeari utzi eta gurea propioa eraiki”.

Beñi Agirre Oiartzabal (Hernani, 1953). Nabarraldeko kidea da gaur egun. Hernaniko gau-eskolan arduradun eta irakasle. Euskaltzaindiaren babeseko gau-eskoletako Gipuzkoako arduradun. AEKren presidente-orde eta Gipuzkoako koordinatzaile (1979).

Nafarroako historiari buuruzko Puntubi.com webgunearen sortzailea (2000). Nabarraldeko kide bezala, zenbait proiektutan dokumentalista, ikerlari eta parte hartzaile izan da. Hedabidetarako ehunka artikuluren egile.