Banku Zentralaren jardueraz hitz bi

Jakina denez, Banku Zentrala (BZ) historikoki martxan jarri da banku bigarrendarrek edo merkataritza-bankuek jaulki zituzten moneta desberdinak homogeneo bihurtzeko. Zentzu honetan, BZ banku sistema osoaren piramidearen puntan kokatzen da.

BZk bi funtzio nagusi ditu. Alde batetik moneta (edo dirua) jaulkitzea, beste edozein bankuk egin dezakeen moduan; bestetik, merkataritza-bankuen arteko merkatuan kredituak hornitzea, epe laburreko kredituak luzatuz eta bereganatuz.Egia da BZk, beste edozein banku bezalaxe, bere moneta propioa emititzen duela, kasu, txanponak eta billeteak. Haren eginkizunik garrantzitsuena, alta, ondokoa da, alegia, BZk daukan ahalmena banku bigarrendarren arteko zorrak konpentsatzearren. Horretarako moneta zentrala (edo diru zentrala) jaulkitzen du (Deutsche Bundesbank, 1994, Recent trends in the Deutsche Bandesbank’s cashless payments). Hori egiten da merkataritza-bankuen arteko zorrak kontrolatzeko. Izan ere, sistema monetario batek BZ behar du merkataritza-bankuek kreditu gehiegi ez luzatzearren, eta era horretan, inflazioaren arriskua alboratzearren.BZk banku bigarrendarren arteko zorrak (kredituen bidez sortuak) konpentsatzen ditu, banku bigarrendar batek beste banku bigarrendar batekiko ez izateko inolako erreklamaziorik edo eskaririk. Ordaintzen duen bankuak (B1), ordaindua den bankuak (B2) eta BZk triangelu itxi bat osatzen dute. Horrela eginez, BZk moneta zentraleko kopuru bat (x) sortzen du B1 bankuari luzatzeko, honek B2rekiko bere zorra (x) ordaintzen dio, eta ordainketa hori dela-eta, B2 bankuak BZn banku-gordailu bat (x) dauka. Ondorio gisa, B1 bankua zorduna da BZrekiko diru zentraleko x kopuruarekin; eta B2 bankuak moneta edo diru zentraleko kopuru berbera dauka, gordailu gisa, BZn. Hortaz, B1 eta B2 bankuen arteko ordainketa gauzatu da Banku Zentralaren diru-emisio baten bidez. Horrela, banku hartzekodunak, B2, ez dauka inongo erreklamaziorik banku zordunean, B1. Orain kreditu/zor harremana BZrekiko da definitua.

Baina BZ, bankuen arteko merkatuan, kreditu-hornitzaile gisa ere aritzen denean, badauka beste funtzio bat, baldin eta banku zordunak, B1, ez badauka fondorik. Orduan, BZk berak hornitzen ditu behar diren fondoak (Committee on Payments and Settlement Systems, 2003, The Role of Central Banks Money in Payment Systems). Kasu honetan, diru zentrala eta kreditua, biak, kontuan eduki behar dira.Aurreko artikuluan esan genuen bezala, «baldin eta merkataritza-bankuen artean, likidazioari eustearren, kreditua ez bada lortzen, BZk kreditu horiek luzatu behar ditu, epe oso laburreko tituluen bitartez (Committee on Payment and Settlement Systems, 2003). Kreditu horiek ez ditu BZk ‘sortu’, aurreratu baizik: izan ere, bi merkataritza-bankuren artean BZ bitartekaria izanik, banku bati (B1) aurreratzen dio, epealdi oso labur baterako eta epe laburreko tituluen bidez, beste merkataritza-banku batek (B2) banku zentralean bertan ezarritako BZko gordailua». Bankuen arteko merkatuan, banku bigarrendar batek banku-sistemarekiko daukan zorra konpentsatzeko behar dituen funtsak aurkitzen ez dituenean, BZk parte hartzen du berari kreditu bat luzatzearren. Kasu honetan, BZk azken mailegu-emaile gisa funtzionatzen du, prozesuan beharrezko kreditua luzatuz. Baina BZk ez du inoiz kreditu horiek sortu. BZk bere bitartekaritza finantzarioaren bidez herrialde osoko banku-sistematik lortzen ditu epe laburreko titulu horiek, gero beharrean dagoen banku bigarrendarrari aurreratu ahal izateko.

Aukera ederra eman du Europar Batasunaren eraikitzeak Banku Zentralen rola berriz analizatzeko. Izan ere, Europar Banku Zentrala (EBZ), jadanik eraturiko estatu desberdinetako Banku Zentralen gainean gauzatu da. Orain, piramidearen puntan EBZ agertzen da, estatuetako BZk haren adarrak izanik.EBZk euroa jaulkitzen du, estatu ezberdinetako BZ bakoitzak bere euroa emititzen duen bitartean. Bere aldetik, BZ bakoitzaren azpian beste piramide bat dago, herrialde bakoitzeko merkataritza-bankuek osatua. Alde batetik, herrialde bakoitzean, berari dagokion BZk kontrolatzen ditu herrialde horretako sistema monetario eta finantzarioa. Bestetik, EBZk kontrolatzen ditu BZ guztien emisioak eta BZ guztien arteko jarduerak.

Esan dezagun bi hitz EBZren jarduera monetario eta finantzario horietaz, aurretik esandakoa kontuan edukiz.Aipatu dugunez, herrialde bakoitzeko jarduera monetarioa eta finantzarioa (kredituak eta abar), bertako BZk kontrolatzen ditu. Izan ere, aurreko artikulu batean esan genuenez, BZk rol adierazgarria jokatzen du. BZ ez da soilik krisi-denboran erabiltzen den azken mailegu-emailea. Alderantziz, haren beharrezko parte hartzeak egunero sistema finantzarioaren egonkortasuna bermatzen du. Zer gertatzen da mugaz bestaldetiko transakzioekin? Demagun Hego Euskal Herriaren (espainiar BZren menpe dagoena) eta Ipar Euskal Herriaren (frantziar BZren menpe dagoena) arteko transakzio bat. Bi aldeetan euroa erabiltzen da. Hortaz, nahikoa ote litzateke hego euskal herritar batek ipar euskal herritar bati eurotan ordaintzea? Ordainketa hori banku-diruaren bidez egiten denez, analisia sakondu behar da. Izan ere, estatu propioa ez daukagulako, euskal BZ ez dugulako, frantziar eta espainiar estatu bakoitzean, BZ bakoitzak kontrolatzen ditu zeinek bere esparruan bere banku bigarrendarren arteko transakzioak, barnean herrialde bakoitzean bi banku desberdinetako bi bezero ezberdinen kasua. Baina aipatu dugun kasuan, bi bezeroak bi BZ desberdineko bi piramide ezberdinetan daude kokatuta. Hortaz, Banku Zentralen Banku Zentral bat martxan jarri da, EBZ dena, mugaz bestaldetiko transakzioak homogeneo bihurtzeko helburuarekin. Nazioarteko maila horretan diru elektronikoa jaulki beharko litzateke (jendartean erabiliko ez litzatekeena) eta era mekaniko batez arituko litzatekeena. Parte hartzen duten BZ biek (gure kasuan, espainiar BZk eta frantziar BZk) eta EBZk triangelu bat eratuko lukete, non aurretik aipatu duguna (hots, herrialde konkretu baten BZ eta bi banku bigarrendarren kasuan), orain BZen arteko merkatuan birplanteatu beharko litzateke. Kasu honetan ere, EBZk bi funtzio beteko lituzke. Bata, ikusi duguna, diru elektroniko jaulkitzea; bigarrena, BZ ezberdinen arteko merkatuan kreditu luzatzea, alegia, epe laburreko tituluei dagokiena.