Ezinaren mugetan

Aho batez onartuko genuke gehientsuenok honako hau: euskararen erabilerak huts egin du ustezko normalizazio sozialaren bidean. Ikasi, nola edo hala ikasi, ikasten omen dute ikastetxe batzuetan, erabiltzen ez den hizkuntza ikastea ezina badirudi ere. Nolanahi ere, azken hamarkada hauetako euskalduntzearen ebaluazioa egiten hasita, erabileraren porrota izango genuke daturik adierazgarriena Euskal Autonomia Erkidegoko euskalduntze-politikan. Hori horrela izatekotan, zergatik ez da erabiltzen hizkuntza bateuskara gurea bezalako baldintza soziolinguistikoetan? Gauza askorengatik izan liteke hori, baina bada zehazki gogoratzea eta azpimarratzea merezi duen faktore bat: identitate soziolinguistiko indibidualaren eta kolektiboaren arteko dialektika. Posible al da hizkuntza baten erabilera soziala normaltzea identitate horiek kontrajarriak direnean?

Nire iritzia hauxe da auzi horri buruz: nire iritziz, aurreko bi identitate-dimentsio horien arteko dialektikak determinatzen du hizkuntzaren erabilera. Gizartearen identitate soziolinguistikoak mamitzen eta sortzen du hiztunaren nortasun soziolinguistikoa. Garenak gara, eta ditugun motibazio eta jokabideak identitate-joko horien mendeko dira. Geure sozializazioaren dialektikak determinatzen du gure identitate soziolinguistikoaren izaera, eta izaera horrek determinatzen du gure hizkuntza-jokabidea. Aldi berean, garena izanarazten gaituen sozializazio-jardunaren oinarrian botere-harremanen sarea dago, eta sare horretan daukagun lekuak edo posizioak determinatzen du hiztunaren identitate soziolinguistikoa.

Beraz, azken buruan, botere-harremanen efektuak eraikitzen du gure identitate soziolinguistikoa. Hiztunaren sozializazioan eraiki den identitate pertsonalaren mamia eta materiala, beraz, gizartearen identitate kolektibo orokorraren baitako sorkaria da. Hizkuntza ez da elementu arrotza gizarte-eremuan eta gizarte-bizitzan, ez dago hortik kanpo. Hizkuntza, hala, bizitzaren munduan komunikazioa bideratzen eta taxutzen duen oinarria eta bitartekoa denez gero, gizarte-identitate soziolinguistiko kolektiboaren eraikitzailea da. Horregatik, nekez ulertuko dugu espainiar edo frantses baten nortasun espainiarra edo frantsesa espainierarik edo frantses hizkuntzarik gabe. Espainiarra edo frantsesa izatea hizkuntza horretan bizitzearekin lotzen dugu guk nahigabe ere.

Bizitzea, hizkuntza batean bizitzea delako, hizkuntza baten baitan bizitzea, giza bizitzarik ez dagoelako giza hizkuntzatik at. Zer esan nahi izan dugu orain artekoarekin? Zer esan nahi du gizartearen identitate kolektibo orokorraren eta hizkuntza-identitate soziolinguistikoaren arteko elkarreragin eta elkar mugatze horrek? Esan dugunean zuzen baldin bagabiltza, elkarrekiko osagarriak dira bi identitate-dimentsio horiek: alegia, hizkuntzak bere izaeraren ezaugarria eransten dio gizarteari horrela, hizkuntza frantsesak sortzen du neurri ohargarri baten herri eta herritar frantsesaren nortasun frantsesa, eta gizartearen izaera nazionalari darion identitate kolektiboak eransten dio bere berezko ezaugarria hizkuntzari.

Elkarrekiko jardunean dihardute bi dimentsioak: kolektibo-orokorrak batetik, hizkuntzarenak bestetik. Hizkuntzaren fenomenoa, alderdi horretatik begiratua, ezin da gizartearen identitate ekonomiko, politiko, sozial, juridiko, historiko, sozial, kultural eta lurraldezkotik bereizi eta eten. Bizitza sozial eta pertsonalaren dimentsio horietan gauzatzen da hizkuntzaren komunikazioa, eta komunikazio horretan darabilgun hizkuntza barne-harreman estuz loturik dago dimentsio horietan nagusi diren identitate, balio, interes, helburu eta atxikimenduekin. Gizartea hizkuntzazkoa da, eta hizkuntza gizartezkoa.Horiek horrela, hizkuntza ezin da izan elementu arrotza gizartearen eredu sozial, kultural eta nazionalarekiko.

Hala gertatzen baldin bada, eta hauxe da hain zuzen euskararen kasua, hizkuntza hori ez da gizarte horren funtzionamenduan komunikazio-bidea izango. Esate baterako, egungo Irunen bizitzeari espainiera dagokio komunikazio-jardun, Hendaiako bizitza sozial eta nazionalaren ereduari frantsesa dagokion moduan. Hala, espainiera izango litzateke Irungo bizimodu sozialaren baitako osagarri eraikitzailea, bertako herritarren bizimoduaren euskarri, herri horren funtzionamendua eta jardun soziala pentsaezinak direlako hizkuntza hori gabe. Eta, bistan denez, gauza bera esan beharko genuke Hendaiari buruz, mintzaira aldatuta. Zer esan nahi du horrek, egia izatekotan? Egia izatekotan horrek esan nahi du gizarte-identitate kolektibo bakoitzari hizkuntza bat dagokiola. Eta hizkuntza bat baino gehiago daudenean ere hizkuntza hegemonikoa izango dela herri edo nazio-identitatea oinarritzen duena; besteen egitekoak ez du identitate soziala eta kulturala sortzeko gaitasunik erakutsiko. Horixe da gainera egungo elebitasunean euskararen egoera: hizkuntza antzua da, identitate-efekturik eragiten ez duena. Horregatik, bada, horrek esan nahi du hizkuntza-aldaketa ez dela mintzaira-aldaketa linguistiko soila, gizarte eta nazio-identitatearen aldaketa globala baizik. Gizartearen eta hizkuntzaren artean nolabaiteko elkarrekikotasuna dagoela alegia. Eta, xehetasunetan sartuta, esan beharko genuke, gizarte-eredua ez dela hemen ulertu behar esanahi sozial hutsean hartuta, ez alegia klase-balio sozialen aldetik begiratuta, balio nazional eta identitate kulturalen aldetik so eginda baizik.

Horrek ez du esan nahi, noski, naziotasunaren eta klase izaeraren artean harremanik ez dagoenik. Hori eta horrenbestez, Euskal Herriko identitate kolektiboaren egungo baldintza soziolinguistikoetan euskara erabiltzea ia ezinezkoa da. Baldintza horietan euskal hiztuna, herri euskaldunaren ahotsa, ahots arrotza da egungo Euskal Herrian. Eta, besterik uste bada ere, arazoa ez da arazo demolinguistikoa: orain omen garen %30 biharko balizko 80 bihurtuta ere, funtsean ez litzateke aldaketa sakonik gertatuko herri honen hizkuntza-egoeran. Euskararen arazoa ez da batez ere arazo demolinguistikoa, inoiz ez da izan gainera: Larramendiren lekukotasunak kontuan hartuta, euskaldungoa gehiengoa zenean ere, ez zen bere buruaren jabe. Sistema soziolinguistikoa ez zegoen bere kontrolpean, erdal komunitatearen esanetara baizik. Gehiago edo gutxiago izateak ez du funtsezko aldaketarik inoiz ekarri: gorago esan dugun moduan, sistema soziolinguistikoaren botere-harremanetan komunitateak eta hiztun bakunak daukaten lekuneak determinatzen du hizkuntza eta komunitate bakoitzaren ahalmen eta legitimitate soziala. Hiztunen kopuruak berez ez du egitura soziolinguistiko autonomo bat sortzeko berezko ahalmenik. Egitura soziolinguistikoa da problema, eta problema hori herri euskaldunaren botere-ahalmenarekin dago loturik, ez euskal hiztunen honenbestekoarekin edo horrenbestekoarekin.

Gurpil zoroak atakan harrapaturik gauzkala dirudi: euskararen identitate soziala eta kulturala arrotza da egungo gizartearen funtzionamenduan eta izaeran, eta, orobat, egungo gizartearen identitatea ere arrotza da euskal hizkuntzaren funtzionamendu edo erabilerarako. Euskarak euskal gizartea eta euskal giroa eskatzen du erabilia izango bada, euskalduntasunean arrotza ez den gizarte-modua, ez egungo erdal gizartea. Bi identitate horien hizkuntzarena batetik, gizartearena bestetik arteko etena eta haustura erabatekoa denez, euskararen erabilerak ezin du bere burua bazter-erabilera diglosikotik atera. Egiturazko eta sakoneko kontraesan horrek bihurtzen du euskararen normalizazio soziala ia ezinezkoa. Eta berriro diot: ez da hiztunen kopuru-kontua. Esan bezala, Larramendiren garai haietan, Gipuzkoako erdal komunitate murritza eta minoritarioa erdaraz bizi zen. Hizkuntza-identitatearen eta gizarte-identitatearen arteko kontraesan sakonak egiten du ezinezkoa euskara gizarte-hizkuntza bihurtzea. Horra hor eskola-esparrua euskaren kartzela bihurtu izanaren arrazoi bat.

Artikulu honetan adierazi nahi izan dudana hobeki ulertarazteko, esan dezadan, Iparraldeko frantsestea eta Hegoaldeko espainoltzea prozesu globalak izan direla. Alegia, euskara ez dela ordezkatua izan bere bakar hutsean, ordezkapen hori gizarte-eredu nazional globalaren ordezkapena izan dela. Eta, horrenbestez, alde bateko eta besteko herritarren nortasun globala izan dela ordezkatua, bizitza-esparru ekonomikotik hasita barne bizitzaren zokorik ezkutueneraino. Aldi bereko iraultza izan da alde bateko eta besteko euskaldunen alienazio linguistikoa, soziala eta nazionala; dimentsio anitzeko eraldaketa sakona. Herri honek ba ote dauka, gauden gaudenean, ezina ekinez egina egia bihurtzeko gaitasunik? Ez dirudi. Lagun batek dioen moduan, euskaldunok erosoegi bizi gara inolako iraultza soziolinguistikoetan barrena abiatzeko. Erosotasun horren zabarkeriak galdu gaitu. Bizitza ulertzeko pragmatismo material eta ekonomiko hutsal batek. Ustezko aurrerapenaren lilurak. Ez frankismoak. Iparraldea lekuko.