Euskal Herrian euskaldun izatearen komeriak

Lehengo batean, adiskide euskaltzale batzuekin berbetan, aipatu genuen galestarrek iparrorratz dutela, neurri batean, Euskal Autonomia Erkidegoak euskara biziberritzeko daraman politika. Irlandakoa ere eredua dela esan nuen nik, gutxienez zein harrirekin ez dugun estropezu egin behar ohar gaitezen. Izan ere, beldur naiz ez ote garen egunetik egunera Irlandako hizkuntz errealitatera lerratzen ari. Eusko Legebiltzarrak euskararen erabilpena arautzeko legea onartu zuenetik 23 urte bete direnean, zantzu kezkagarriak daude. Horietan larriena, euskararen erabilpena geldirik-edo egotea, ezagutzak gora egin arren.

Ez, gizona, gure errealitateak ez du zerikusirik horrekin. Irlandak aspaldian sakrifikatu zuen hizkuntza, guk ez bezala, erantzun dit adiskideetako batek.

Beharbada ezkorra naiz erantzun diot eta euskararen egoera bestelakoa da.

Nonbait irakurrita nago irlandera derrigorrezko ikasgaia dela eskolan, eta unibertsitatean sartzeko irlandera azterketa bat egin beharra dagoela. Han ezinbestekoa da irlandera jakitea Administrazioan lanean hasteko eta, hemen bezala, herritarrek aitortua dute Administrazioarekin irlanderaz zein ingelesez komunikatzeko eskubidea. Guztiarekin, 2002ko erroldaren arabera, biztanleen %43k irlandera badaki ere, %2,6k besterik ez du eguneroko bizimoduan erabiltzen. Ezer gutxi dakit soziolinguistikaz, baina euskalduna naizen aldetik bizitutako komeriak errealitate-zatiak dira eta, finean, euskararen erabilpenaren neurgailu. Aspaldian ez dela, oinez nindoan Bilboko finantza-auzuneko kaleetan barrena. Justizia Jauregiaren inguruko plazan atentzioa eman zidan ingelesezko izena zuen estiloko kafetegi batek. Atean jarritako kartelak On parle français zioen. Poliglotismoan maila bat gorago, English spoken irakurtzen zen jarraian. Naturaz gaindiko dohaiaren antza hartu nion hirugarren lerroan, Man spricht deusch irakurritakoan. Laugarrenarekin, zer esanik ez, pozaren poza izan nuen: Euzkeraz (sic) hitz egiten da. Birritan pentsatu gabe, eleaniztasunaren santutegi hartan kafe bat hartzea erabaki nuen. Barraz bestaldeko neska gazteari zuzendu nintzaion: Ebaki bat ipiniko didazu, mesedez? Zerbitzariak, begiak zabal-zabalik eginda, nengoen aldera begira: ¿Pero…, qué es esto? eta une batez buelta eman ez eman egon nintzen atzean zer ote neukan jakitearren. Neu nintzen, ordea, neurriz kanpoko harridura haren motiboa. Lo que quiero es un! hasi nintzen azaltzen, baina ez nuen esaldia bukatzerik izan, ordurako sukaldeko ate ondoan zegoelako: Hay un señor aquí que no le entiendo lo que dice. Berehala, arduraduna-edo izan behar zuena irten zen barrara eta adiskidetsu esan nion ebaki bat besterik ez nuela nahi, eta ate ondoko kartelean hainbat hizkuntzarekin batera euskaraz ere bazekitela ikusia nuenez, hizkuntza honetan eskatu nuela kafea. Sí, pero la persona que sabe todas esas lenguas no está ahora en el establecimiento izan zen arduradunaren erantzuna. No importa, póngame un cortado, por favor, esan nion etsipenez. Neska hark esan niona ez ulertzea gutxienekoa zen. Kezka gehien eragin zidana euskara izan zitekeenik ere ez antzematea izan zen. Norbait eslovenieraz mintzatu balitzaio erreakzio bera izango zukeen. Arrotz sentiarazi ninduen. Duela gutxi kafetegi horren ondotik pasa naiz. Hantxe dago oraindik kartela.

Orain aste gutxi, Gasteizko liburudenda batera joan naiz, erdararen basamortuan egarria asetzeko asmotan. Balizko oasi honek euskara eta euskal kultura sustatu eta garatzeko helburua jarria dauka bere sortze-gutunean. Ilaran jarri naiz ordaintzeko. Liburua eskuratu diot dendariari: Arratsalde on. Kobratuko didazu, mesedez? Ixiltasuna erantzun. Bizkarra eman dit kutxa erregistratzailera begira, eta ondoren: Diecinueve euros. Hemeretzi galdetu diot, egoskor. Sí erantzun dit, disimulatu gabeko ezinegonarekin. Gaurkoan dendariak ez nau batek-daki-nongotzat hartu, eta euskara identifikatzeraino ailegatu da, baina egoera ez zait lehengo nahigabeen kontsolagarri nahikoa begitantzen. Ordaindu egin dut. Gero arte esan diot boltsa jaso ondoren. ¡Siguiente! entzun dut aterantz abiatu orduko. Euskaldun arrunta naiz. Hori bai, euskaldunari euskaraz egiten diot. Ez naiz euskal hiriburuetan edo euskaldun-dentsitate urriko herrietan ezezagunari lehen hitza euskaraz egiten diotenetakoa. Ez nuke nahi inortxok niri erradikal-lelorik eransterik, jakina baita gaur eta hemen hizkuntza neutro bakarra gaztelania (edo frantsesa) dela. Guztiarekin, gizagaixoa, euskal liburudenda bateko kutxazaina euskalduna izatea espero nuen. Azken egunotan Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoako herri batean daukan ikastegira deitu dut. Zentralitakoak erabaki du bi hizkuntza ofizialetatik zeinetan jardungo dugun: Buenos días, ¿dígame? Sinesten hasita nago ez dudala sekula ikasiko. Nire eskubidea delakoan, ez diot esan bada: Egun on. XXXX zenbakiarekin, mesedez zenbakiaren digituak banan-banan adierazita. A ver, ¿pero usted con quién quiere hablar? Gizalegez, eta etsipenez, gaztelaniaz jarraitu dut.