Identitate-borroka Euskal Herrian

Mendebaldeko gizarte modernoen identitate nazionala ez omen da monolitikoa, ez omen da bakuna eta soila. Are gehiago, nazio-identitateen sorrera eta bilakaera lehen ere ez omen zen halakoa. Adibidez, koka gaitezen XVIII. mendeko eta XIX. mende hasierako Bretainia Handian: honako gizatalde hauek omen zebiltzan lehian nork bere izaeraren araberako irudia eta mamia hango nazio-identitate jaio berrian zizelkatu nahirik. Tratulariak, emakumeak, galestarrak, eskoziarrak eta aristokrazia ingelesa omen zebiltzan borroka horretan sarturik, naziotasun bretainiarraren baitan nork itzal sakonagoko marka ezarriko.

Orain badakigu identitate-borroka hura nork irabazi zuen. Orain badakigu zein naziotasun gailendu zen eta zeintzuk galdu ziren historiarik gabeko herrien osinean. Izan ere, nazio-identitateen historian parte hartu duten nazio-aniztasunaren ipuinak atarramentu berbera izan du mundu zabalean, eta ez bakarrik herrialde modernoetan. Naziotasunaren elementuak ez direlako hain zuzen ezaugarri modernoak bakarrik izan, aurretikako tasunen eragina ere hortxe egon da gori-gori etnonaziotasun bizi-bizian. Nolanahi ere, esan dezagun, ipuinaren bertsio berberarekin jarraitzen dugula euskaldunok ere: nazio-identitatearen askotarikotasuna dugula arau eta gizalege gurea berreraikitzeko orduan. Gailendu ziren naziotasunen (ingelesa, frantsesa, espainiarra….) ideologian ari gara bazka eta bazka, gure naziotasuna horren esanetara eraiki dezakegulakoan edo, beraiena pluraltasunaren eredua izan bailitzan.

Euskal Herrian aniztasunaz eta pluraltasunaz eta tolerantziaz mintzo garenean, badirudi euskal identitate-eraikuntzaren prozesuan hemen bizi diren nazio-talde guztien eskubideak eta ezaugarriak onetsi beharko genituzkeela demokratak izateko. Nazio-identitatea prozesu historikoen barrena eraikitzen den gizarte-molde bat denez gero, gizarte hori osatzen duten identitate-aukera guztiek parte hartu ezean, ez dirudi demokratikoa izango litzatekeenik euskal naziotasunaren berreraikuntza. Zertan da, ordea, zinez eta benetan, egungo euskal gizartearen baitan nazio-identitateen arteko lehia eta borroka hiru naziotasunen arteko sokatiran?

Euskal identitatearen eraikuntzan, uste izatekoa denez, hemengo talde nazional bakoitzak bere irudia eta izaera itsatsi nahiko dizkio hari, emandako zizelkadak ahalik eta sakonenak izatea nahiko du. Naziotasun espainiarrak bereak, frantsesak bereak, eta euskaldunok ere ahalegindu beharko genuke zizelari ahalik eta mailukadarik sakonenak jotzen, hemengo nazio-identitateak euskaldunetik zer edo zer izatea nahi baldin badugu behintzat. Talde nazional bakoitzak bere identitatearen elementuak eta ezaugarriak ezarri nahi izatea, funtsaren funtsean, nork bere hizkuntza, kultura, historia, lurraldea eta nork bere interpretazioa eta definizioa ezarri nahi izatea besterik ez da. Besterik ez, nioen, gutxi bailitzan: baina gaur gaurkoz gure esku ez dagoen herri euskaldunaren boterea eskatzen du herri-proiektu horrek.

Edonola ere, esan dezagun, euskal identitate nazionalaren proiektua nola edo hala mamituko balitz, prozesu horretan esku hartuko luketen hiru nazio-identitateen eragina izango lukeela hemengo identitate nazionalak, eta, horrenbestez, identitate konplexua eta nahasia izango litzatekeela hori. Hori onarturik, zehatz dezagun areago esandakoa: egia izango ote litzateke diskurtso politiko abertzale guztiek hitzetik hortzera sinestarazi nahi digutena? Alegia: talde nazional bakoitza bere identitatearen eta leialtasunen arabera bizitzeko moduan eratu beharko genukeela euskal gizartea, identitate-zati horiek konpartimentuetan sailkatuz edo. Ondorengo galdera honek jarrera horren funtsa auzitan ikasi nahi luke: izan ere, litekeena ote den gizarte bakar eta berean nazio-identitateak zatikatzea eta bakartzea aldi eta alde berean denen arteko batasun politikoa partekatzeko, Suitzako eredua edo aplikatu ezean? Suitzakoan horrelako zerbait gertatzen da, baina han nazio politiko bakarrean nazio-identitate kulturalak eta linguistikoak banaka daude eratuak, banaka eta zehatz-mehatz mugarrituak.

Hemen ez, hemen nazio politiko bakarrean, hiru nazio-identitate linguistiko eta kultural eratu nahi dizkigute abertzaletasunaren bertsio guztiek, xehetasunak xehetasun. Horietako bakoitzak bere izaeraren arabera bizitzeko modua izango omen luke, herritarren eskubide zibilak eta politikoak babestuko balira. Giza eskubideen trikimailuan erori gara, hizkuntza eta kultura eskubideak praktikan giza eskubideen altzoan ez daudenean. Zergatik gertatzen ote zaigu hori, ordea? Errealismoak eta pragmatismoak horretara garamatzalako, eta beste aukerarik ikusten ez dugulako? Edo nazio politikoaren eta nazio linguistiko eta kulturalaren arteko metamorfosian sinesten dugulako? Gertatzen ari zaiguna ulertzeko orduan, bietatik aurki dezakegula iruditzen zait: alde batetik, abertzaletasun autonomista errealismoaren zuhurtziak zikiratuta utzi du, eta, beste alde batetik, abertzaletasun independentista metamorfosiaren fedeak itsututa dauka. Alegia, nazio politikoari nazio linguistikoa eta kulturala berez omen darioneko fedeak.

Euskal Herriko nazio-taldeen indarra eta eragina kontuan izanda, demagun, ematen hasita, hemengo nazio-identitateen itzala eta boterea honako hau dela gutxi gora-behera. Jo dezagun, alegia, Hegoaldeko herritarren euskal (euskarazko) identitate nazionala % 10-15an dabilela. Horiek direla alegia besteek (espainiarrak edo frantsesak) bere naziotasuna bizitzeko modura gehien hurbiltzen direnak. Eta identitate espainiarraren arabera bizi direnak %85-90 direla. Iparraldera begiratuta, talde nazional bakoitzaren bizitasun etnolinguistikoa, etonokulturala eta etononazionala banatu dezagun beste modu honetara: euskaldunena koka dezagun %5ean eta frantsesena %95ean. Euskal Herriko hiru nazio-identitateen egoera antzeko zerbait balitz, zer gertatuko litzateke herritarren eguneroko identitate-praxian?

Euskal Herriko herritarren identitate praxia, hots, herritar horiek nazio-identitate horien elementuak, ezaugarriak eta tasunak partekatzeko unean, nola jokatuko lukete? Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta beste hiri eta herri handi eta hazietan bizi diren milaka eta milaka euskaldunek nola mamitzen dute beren nazio-nortasunaren araberako bizitza soziala, kulturala eta linguistikoa? Talde nazionalen indarra eta itzala neurtzeko egin dudan sailkapenean irakurle askori agian irudituko zitzaion oso behetik egin dudala kalkulua euskal identitateari dagokionez. Haatik, jakin nahi nuke, gustura jakin ere, ehuneko horiek ere beteko ote diren hemengo herritarren identitate-praxian. Ezezkoan nago ni.

Naziotasunaren gorabeherak gaur egungo gizarte modernoetan ezin dira eratu eta uztartu konpartimentuetan zatikatutako gizarte-molde zaharretan bezala. Hizkuntza, kultura, lurraldea, historia eta gainerako bizi-baldintzak, baldintza hegemonikoen logikapean ekoitzi eta berrekoitzi ohi dira gizarte modernoetan. Gaur egun ez dago aukerarik eta modurik, garai batean bezala, gizarte-bizitza konpartimendu estankoetan eratzeko eta egituratzeko. Esan izan da, eta zuzen esana nire ustez, herri euskaldunaren biziraupen harrigarria gizarte-molde tradizional horren ereduari esker gertatu dela. Alegia, estatu espainiarraren eta frantsesaren eragin hilgarria balaztatu eta leundu zuela gizarte-eredu horrek, euskaldungoaren egitura soziolinguistikoa konpartimentu kultural autonomoen arabera eratua zegoen neurrian. Horrela, egitura soziolinguistiko diglosiko horri esker, euskal herriaren hondakinak, herri euskaldunak, nola edo hala iraun ahal izan duela Iparraldean XX. mendeko tsunamiak jo eta errotik erauzi duen arte, eta Hegoaldean jazarpen politikoak eta inbasio demografikoak azken arnasetan utzi duen arte.

Erresuma Batuan, Frantzian, Espainian eta gainerako estatu moderno eta tradizionaletan gertatu dena gertatuta, esan dezakegu, nazio-identitateen sokatiran irabazi edo galdu egiten dela. Orain ez dago garai bateko konpartimentu-bakartze eta autonomia-esparrurik. Eta ondorioak begien bistan dauzkagu: eskoziarren eta galestarren naziotasunak ez du ezertarako balio, futbol kontuetarako ez baldin bada behintzat. Eskoziarren ustezko naziotasun politikoa, munduan horrenbesteko oihartzuna omen duen hori, patetikoa da, euskalduntasunik gabeko euskal nazioa bezain patetikoa. Nazio-identitatea ez da berez datorkigun identitate historiko bat bakarrik, baizik-eta eraiki behar dugun bizitzeko mundu eta modu bat, giza eta gizarte balio batzuk aukerarazten dizkigun herri-bide bat. Euskal Herrian euskalduna izatea da bizitzeko eta izateko modurik etikoena, herri bakoitzak bere identitatearen arabera bizitzeko eskubiderik eta duintasunik ez baldin badu, nekez izan litekeelako demokratikoa eta etikoa.

Ez da demokratikoa eta etikoa hemen bi nazio-identitate bortxaren bortxaz edo legenaren izenean kanpotik inposatu ondoren orain euskaldunoi baldintza berdinetan jokatu behar dugula eskatzea. Hori ezin da izan gizalegea. Naziotasunaren etikak, herri bakoitzak bere nortasunaren arabera bizitzeko eskubideak, eskakizun zorrotza du alde horretatik. Hain zuzen ere, gaur egungo borroka abertzaleak bere egiten ez duen eskakizuna: hau da, identitate-borrokarik gabeko borroka politikoa, estrategia emankorra gerta liteke herritartasun politikoaren aldetik, baina estrategia horren naziotasun-emaitzak zeharo antzuak dira. Naziotasunaren eskubideak ere badu bere mami morala eta etikoa, ez bakarrik herritartasun politikoak.