Nabarralderi galderak Berrian

Harkaitz Etxegoien: Herririk herri aritzen zarete, hitzaldiak emanez eta Nabarralderen proiektua aurkeztuz. Nolako harrera izan duzue?

Erantzuna: Mundiala. Ezin hobea. Toki guztietan mezu berbera zabaldu eta bi urte iragan aurretikmila sustatzaile baino gehiago dugu, berrehun herri baino gehiagotan, Bizkaiko Ezkerraldean, Lapurdi edota Zuberoako herri txikienetan, Trebiñun, Arabako Errioxan, Gipuzkoako herri gehienetan, Tutera inguruetan, New York edota Mexikon. Egunero berriak. Normalean pertsonak dira, baina baita ikastetxeak, elkarteak, fundazioak eta udalak ere. Hau benetan biziki ilusionantea da, Harkaitz, eta ardura handi-handia!

Mirari Altuna: UPNren nabarrismoak ez du zerikusirik zuek planteatzen duzuenarekin, ezta?

Erantzuna: Nabarralden gure kultura sustatu, berreraiki, hedatu egiten dugu, nafarron hizkuntzari lehentasuna emanez. Denok gara nafarrak, denok euskaldunak, Bilbo izeneko hiririk populatuenean, Zuberoako herririk tipienean, muga historikoetan, diasporan sakabanaturik edota Iruñean, iragan, orain eta etorkizuneko hiriburuan. Edozein alderdiren gisa, UPNen alde bozkatzen duen jendeak ere, aurrekoarekin bat egiten duen neurrian, Nabarralden du topagunea. Eta, zorionez, itxaropen handiz, badira, Mirari, badira…

Aitor Goikoetxea: Nabarraldetik Nafar Estatuko herritartasuna berreskuratzea aldarrikatzen duzue. Zertan bereizten zarete euskal abertzaletasun tradizionaletik?

Erantzuna: Nabarralde kultur arloan aritzen denez, bere eguneroko lana hamaika arlotako kultur ekoizpenetan islatzen da. Era berean, eta gure identitatearen berreraikitzeko, Europar Batasunean eserlekua izatea ezinbestekoa dugu. Horrela, egun, bidea eginez, bozkatzen ahal den alderdi politiko guztietako sustatzaileak ditugu, baita euskal abertzaletasun tradizionalaren esparru oso-osoan ere, jakina. Beraz, bereizi ez, Aitor, hurbildu, ulertu, elkartu, bildu, batu.