‘Spain needs us’

16 urterekin Filadelfiara bidali ninduten gurasoek. High School hartan liluratu ninduen Hamlet-ek. Ordura arte, nire zalantza existentzial ugariren ondorioz amak adarra jotzeko ezartzen zidan ohiko ezizena baino ez zena.

Bere etxean hartu ninduen mutila etorri zen gurera hurrengo urtean. Heldu eta gutxira deitu zion bere amari berri garrantzitsua emateko: «Ama, ez nago Espainian, Euskadin baizik, argi irakurri dut errepideko seinale handi batean. Hemen ez dago eguzki itogarririk, paisaia berdea da, euria egin du hainbat egunetan, ez dute paella jateko ohiturarik, espainiar banderarik ez dago, britainiarraren itxura duen beste bat baizik, beste hizkuntza bat…. eta Espainian gauden galdetze hutsak serio jartzen du jende guztia».

Manuel Hoyos Sainz etnografo handia, bere espainiar herri kulturaren gaineko Manual de Folklore ospetsuan, ondorio esanguratsura heldu zen: ez dago espainiar guztientzat komuna den kultura ezaugarri bakar bat ere. Horrek, Barandiaranek euskaldunei buruz guztiz kontrakoa frogatu zuen sasoi berean, espainiar nazioaren existentzia ukatzeaz gain, su eta odolez eraikitako estatuarentzako irudi kulturala sortzera behartu zuen frankismoa. Horretarako, ezaugarri musulmanez jositako kultura andaluziarra aukeratu zuten. Bitxia, Kristo errege nahi zutenen hautua.

Guri, egia esan, mesede galanta egin ziguten. Ez dago Espainiak bere buruaz saltzen duen irudia jaso duen turista gure espainiartasunik ezaz konbentzitzea baino gauza errazagorik. Lopezen gobernuak jarrai dezala inperioaren izen eta ikurrekin obsesionatuta. Gehiengoa duen gutxiengoak alfer-harria igarotzen du besteon gainetik. Aralarreko koadroek, etorkizuneko lanpostua salbatu guran, transbertsalitatearen aipamena independentiston elkarlanerako baldintza bihurtu gura duten une berean.

Euskal Herriak, are gehiago baserritar konplexua duten guztiei modernismoaren sukarra igarotzen zaienean, erakargarritasun indar izugarria dauka bera izate hutsarekin. Espainia da, beti espainiar herri xumearen aurka eraikitako mamu hori, inor dela erakusteko besteon beharra duena.

Publicado por Berria-k argitaratua