Pilotariaren auto-etnozidioa

Kultura ezak kalte egiten omen dio euskarari: «Ezjakin batzuentzat euskara kaka zaharraren parekoa da. Zergatik emango diogu inori ezertxo ere balio ez duen gauza?» (Ezjakinentzat euskara hutsaren hurrengoa, Gara, 2006-10-25). Gotzon Garateren hitzok pilotaren munduarekin loturik daude aldez edo moldez, nahiz eta bata eta bestea nahastea zilegi ez izan nire aldetik. Zehazki esateko, pilotari izandako Retegiren eta Arretxeren hizkuntza jokabidea hizpide hartutako artikulu bateko kontuak dira hauek.

Horien semeak ere pilotariak dira, baina ez dira euskaldunak, bi aitak diren bezala: «Piztu telebista. Retegi Bi eta Arretxe II. elkarren aurka. Eskuz, buruz buru, nor baino nor. Nafar euskaldun peto, umetan elebakarrak aitak, erdaldun peto seme pamplonesak. Erdaldun peto diot, egia esan, informazioa kontrastatu gabe eta horrek dakartzan arriskuekin». Hitzok, berriz, Joseba Barandiaranenak dira (Lingua Arrarorum, Argia, 2006-1-15).

Gotzon Garate atsekabetuta dago bi pilotari ohien jokabidearekin. «Pilota partida bukatu eta galderak gaztelaniaz egin behar dizkiete, Extremadurakoak balira bezala». Gurasoak, aita behintzat, euskaldun izan, eta semeak erdaldun huts. Zergatik ote? Garateren erantzunak jakintzaren eta kulturaren auzira garamatza, nahiz eta, arestian aitortu bezala, batak ez duen bestea inplikatzen nahitaez: «Zergatik holako estimazio eza ezjakinen artean? Euskara beharrezkoa ez delako. Beharrezkoa balitz estimatuko lukete. Gaztelania estimatzen dute. (…) Guraso askoren kultura eza: euskara gutxiesten dutenak edo gorrotoa diotenak gehienetan nahiko ezjakinak dira. Eskuarki ez dituzte ikasketa oso handiak egin. Ez dituzte euskararen alderdi onak ongi ezagutzen. Ezagutzen ez dena, berriz, ez da aintzakotzat hartzen. Zenbat eta gehiago ikasi, gauzen balioa hobeki jakiten da».

Retegi eta Arretxe aitek beren semeei euskaraz ez hitz egin izana ez dirudi kultura-gaitasunarekin azal dezakegunik. Biak ala biak gizaseme azkarrak iruditu izan zaizkit beti. Argiak eta burutsuak. Ez dut uste kasu honetan behintzat euskara alde batera utzi izanaren arrazoia ezjakintasunarekin eta kulturarik ezarekin loturik dagoenik. Bidenabar, esan dezagun, aski jokaera ezaguna dela egoera txikituan eta murriztuan dauden munduko hizkuntza askotan: hizkuntzaren balio pragmatikoak itsututa, guraso askok ahaleginak egiten dituzte beren identitate-hizkuntza ez irakasten.

Garateren esanak aintzat hartuta ere, hizkuntzen inguruan dauden aurreiritzi makurrak kultura ezarekin daukaten lotura onartuta ere, ez dezagun pentsa, haatik, jakintza eta kultura hizkuntza menderatuen adiskide minak direnik berez. Jakintza eta kultura normalean ez dira herri-hizkuntza baztertuen mirabe. Nahiago dituzte aukeran boteretsuen jauregiak. Nagusia eta jabea nahiago langilea eta maizterra baino. Hiria nahiago herria baino, hiritarra nahiago herritarra baino. Eta gizarte-indar hegemonikoen morroiak izaten dira ia beti jakintza eta kultura. Beraz, ez dezagun uste izan euskara eta herri euskalduna jakintzak eta kulturak salbatuko dituenik.

Gatozen berriro ere pilotarien plazara, erabat erdaldundua dagoen pilotarien frontoira, euskal pilotatik izenaz aparte ezer askorik ez duen horretara. Hori eta horrenbestez, nola definitu behar genuke Retegi eta Arretxe aiten hizkuntza jokabidea, jakintza eta kultura kontuek ezer argitzen ez badigute? Hizkuntz arakiria izan ote liteke jokabide hori argitzeko modu bat? Barandiaranen esanetara ari naiz hemen: «Baina Sanz eta Pegenaute hizkuntza genozidatzat jotzen ditugunok, ezin ditzakegu hizkuntza arakiria egiten dutenak ahantzi. (…) Euskal talibana naizela pentsatuko du askok. Baina niri hizkuntza arakiriak pena ematen dit, zer egingo diogu».

Retegi eta Arretxe aitak kolonizatuaren mentalitatea ote daukate bada beren jatorrizko hizkuntzaren biziraupenari arakiria egiteko? Gutxiespen sentimenduak eta jarrerak jotakoak izan ote dira? Mentalitate horren ezaugarria da noski kolonizatzaile linguistikoaren eta kulturalaren ereduetara makurtzekoa, hura gurtzekoa, eta nork bere herriko mintzaira eta identitatea gutxiestekoa eta baztertzekoa. Nork bere nortasun linguistikoari eta kulturalari uko egiten dion gizakia herabe da bere herriaren identitateari eta duintasunari eusteko. Hori gertatzen da mendeko herri eta herritar askoren mentalitatean eta ideologian, esan berri dugunez: alderdi honetatik begiratuta, egia da, Garateren arrazoibidea ez dabilena hain oker, ustezko gizaki modernoaren atzean gutxiespenaren konplexuak taxututako gizaseme koitadua besterik ez dagoelako sarri askotan. Nagusiaren estatusa lortzeagatik bere izaeraren alderdirik baliotsuena hutsaren truk saltzen duen maizterra, garai bateko baserriko kutxa zaharrak saltzen ziren prezio bertsuan.

Arakiariaren hizkuntz jokabide hori etnozidioarekin lotuta dagoela dirudi. Hori praktikatzen duenak, izan ere, bere jatorrizko herri-hizkuntzaren biziraupenari muzin egiten baitio. Etnozidioaren konplize bihurtzen da halakoa. Esango zait, jakina, etnozidioaren glotofagia hori, Estatu totalitarioen asmoa eta egintza direla, ez gizartearena eta herritarrena. Eta erantzukizunak hari eskatu behar genizkiokeela. Ederki. Erantzukizun nagusia haiena izango da, haiek jarriko zituzten hemen eta munduan sei mila hizkuntza, kultura eta herri hilobirako bidean. Baina inork ez dit ukatuko hala ere etnozidioaren burutze-lanetan gizarte zibilaren erantzukizun zuzenik ez dagoenik. Ordezkapenaren eta asimilazioaren kolaborazionismorik ez dagoenik herritarren artean. Eta, horrenbestez, herritar zintzorik ez dagoenik lan zikin hori egiten. Pilotariak ere, nik dakidala, herritarrak dira, eta horietako batzuk, gainera, zintzoak izateaz aparte, eredugarriak. Ez al dauzkagu ba halakotzat?