Nora begira daude gure politikoak?

Euskal politikari nafarrak ez dira ohartu 1512ko konkistaz. Ez dira jabetu konkistaren gaia Memoria Historikoaren gunean sartzeak izan lezakeen ahalmenaz. Ez dira konturatu independentziaren eta lurralde batasunaren kontzeptuak gizarteratzeko Estatu propioa genuela eta inbadituak izan ginela jakiteak izan lezakeen indarraz.

Gure politikoei bostehun urte atzera jotzeak Aitzin Arora joatea iruditzen zaie, beraz, nahiago dute laburreko memoria historikoa. Gure identitatea garatzeko etorkizunerako proposamenak egiten baino, hobeto moldatzen dira Errepublika garaian muga jarrita errepresioaren sentimenduak kudeatzen.

Kaleko aldarri nagusia, ordea, “independentzia” da, ez “errepublika”. Ez da hau herritarrek politiko profesionalei aurre hartzen dien lehenengo aldia, ezta azkena izango ere. Herri honi oroimena, egia, justizia eta kaltearen ordaina zor zaio, baina ez azken mendearen hiru laurdenekoa soilik, osoa baizik. Memoria Historikoa osoa da ala ez da memoria.