Euskaratik eta euskaraz!

Garai batean Euskal Herriko lurralde oso-osoan hitz egiten omen zen euskara. Erdi Aro hasieran espainiar probintzia ziren Burgos eta Errioxan ere hitz egiten omen zen, baita Kataluniara bitarteko Pirinioetan ere. Gaur egun sinestezina badirudi ere, gertaera hori frogatzen duten aztarna ugari bildu dira. Euskara, kasu bakarra Europako mendebaldean, ez zen baztertua izan eta gaurko garaietaraino ailegatu da bizirik. Nolanahi ere, Indoeuropar aurreko hizkuntza berezi honi ez zaio dagokion merezimendurik eman, azken aldian ez zaio behar adina fereka eta laztan egin, gure ama hizkuntza ez dugu behar bezala zaindu eta ondorioz gaixorik dago. Oharkabean trakestu eta herdoildu egin zaigu.

Euskaldunoi euskara hutsean mintzatzea kaltegarria eta atzerakoia izatearekin arbuiatu izan digute. Elebitasunari eutsi behar diogula entzutearekin gutxi ez eta orain gobernu espainola hezkuntza eleanitzaren ereduarekin dator ate joka. Beraz, hemendik aurrera euskaldunok hegoaldean euskaraz eta gazteleraz bakarrik ez, horrez gain, ingelesez egitea ere derrigorrezkoa izango dugu. Gauzak honela, espainolak eta frantsesak ez dira gu baino gutxiago izango ezta? Behin eta berriz bonbardatzen gaituzte, bederen, horrelako mezu subliminalekin! Beraz, eurek ere bi edo hiru hizkuntza jakin beharko lituzkete orduan? Badirudi, ordea, ideia hori euskaldunontzat bakarrik dela onuragarria…

Herri batek ezin du bi hizkuntzez ongi hitz egin, hori herri izatearen kontraesanik handiena litzateke. Herri baten duen izaera eta berezitasuna elebakar izate horri zor dio. Ezinezkoa litzateke haur bat bi zilborresteri lotzea, edo hobekiago pentsatuko duen esperantzan pertsona bati lepoan bi buru itsastea. Gizakiaren historia luze honetan inoiz ez da gertatu, eta gaur egun ere ez dago bi hizkuntzez mintzo eta biziraun duen herririk. Euskal Herriak bi edo hiru hizkuntzekin aurrea egin lezakeela pentsatzea anakronismo hutsa da. Ez da horrelako herririk izan eta izango. Bi edo hizkuntza gehiago izan diren herrietan, denboraren poderioz bata nagusitu da bestearen heriotza eraginez eta ez gara ohartzen euskarak ere heriotzaren kapa beltza geroz eta hurbilago duela.

Horregatik, kontzientziatu beharko dugu, lehenago edo beranduago Euskal Herrian hizkuntza bat nagusituko dela, dela euskara, gaztelera edo frantsesa. Hori gure baitan dago noski, hiztunen buru eta bihotzetan. Askotan, ordea, ez gara egiten ditugun hanka sartze sakonez ohartzen, euskaldun talde handia egonda ere, espainol bat egotea nahikoa da guztiok erdarara jauzi egiteko, eta hori ez da edukazioaren zeinua, ergelarena baizik! Zergatik dugu Euskal Herrian bizi garenok gaztelera edo frantsesa ikasteko obligazioa? Eurek ez al dute euskara ikasteko beharrik? Zergatik da hizkuntza bat bestea baino garrantzitsuagoa? Nork markatzen ditu parametro horiek?

Benetan esanguratsua deritzot Gotzon Garatek Jakin-eko 121ean idatzi zuen “Euskal Herrian elebidun” artikulua. Aurreko lerroetan aipatu ditudan ideiez gain, besteak beste, ondorengoa zioen: “Euskal Herrian elebitasuna erdaldun herrian sartzeko zubia da eta zubi horretan gaude orain: diglosian”. Miguel de Unamuno berak esana da euskara eta gaztelera bateraezinak direla: “dígase lo que se quiera, y si caben individuos no caben pueblos bilingües; es éste de la bilingüilidad un estado transitorio…”

Hizkuntza batek ez du luzaroan biziraungo herri aske batean bizi ezean. Kulturalki euskaldunak baina politikoki nafarrak garen guztioi, orain ia 500 urte munduaren aurrean askeak izateko aukera eta eskubidea kendu zizkiguten. Beraz, berandu baino lehen, bigarren aldiz garaituak izan eta arrain herria bihurtu ez gaitezen, historia ere gure paisaia delako, berreskuratu dezagun gure memoria historikoa izan zirenengatik, garenongatik eta izango direnengatik, euskaratik eta euskaraz!

Publicado por Nabarralde-k argitaratua