Abenduaren 3a, Nafarroaren eta euskararen eguna

¿Puede establecerse el euskara en todo el conjunto de Euskal Herria como una lengua común a todos sus habitantes, incluso compartida con otras, en un contexto de globalización, de dependencia de otros estados o de soberanía compartida con ellos? Muy difícil. Sin Estado propio, imposible.

 

Urteroko abenduaren 3a dago izendatuta Nafarroaren eta euskararen eguna ospatzeko. Egun berean bi gauzak batera gogoratzea ez da kasualitatea, sen onaren ondorioa baizik. Izan ere, ezin baitira ulertu bata bestea gabe.

Guk geuk, euskaltzale saiatuok, egia bailitzan irentsi izan dugu “Hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako”, ez ikasteak ezjakinaren ignorantzia dakarrela gutxietsiz eta egoera horretan komunikazio posible bakarra ezjakinaren hizkuntzaz ematen delako errealitateari garrantzia kenduz.

Ondokoa ere ez da egia: “dakitenek hitz egiten ez dutelako” galtzen dela hizkuntza. Norekin hitz egingo du dakienak? Ez dakienarekin?

Hala eta guztiz ere, paradigma horren huts handiena ez da hiztunaren borondatearen esku ustea hizkuntzaren biziraupena, ez. Hiztunen borondatea, aldeko jarrera, militantzia edota eskubideen defentsa nahitaezkoak dira derrigortasunik ez duen hizkuntza derrigorrezkoa den beste baten ondoan bizi behar duenean, euskarak adibidez.

Pentsamendu horren akatsik nabarmenena, esaldiak, bere barnean darama: eskubidea duen euskarak derrigortasuna duten erdaren aurrean hizkuntzen normalizazio eta biziberritzean parekideak izan daitezkeela ustea. Inoiz ez.

Hego Euskal Herriko euskaldun orok ongi ulertu dute hausnarketa honi hasiera eman dion gaztelaniazko paragrafoa, derrigorrez. Euskaraz idatzi izan banu zuk bakarrik ulertuko zenuke, ez dakienak ezin honaino iritsi, itzulpen bidez eta borondatez ez bada behintzat. Zu, Iparraldeko, Nafarroa Gariko edo Autonomi Erkideko euskaldun, iritsi zara honaino, zure borondatez.

Hizkuntza bat ezin omen da inposaketaz normalizatu; hortaz, zergatik dira batzuk derrigorrezkoak eta bestea borondatezkoa? Nork erabakitzen du zein, ala zeintzuk, diren derrigorrezkoak eta zein borondatezkoa, Estatua ez bada? Zergatik ez dira denak derrigorrezkoak ala denak borondatezkoak? Kasualitatea al da Estatuak berea propioa jotzean duena izatea ezagutzeko nahitaezkoa eta besteak nor bere borondatekoak?

Bien bitartean, euskararen mesederako plangintza, hizkuntza-politika, militantzia, estatu quo honi desobedientzia eta ahalik eta ekimen gehien sustatzea nahitaezkoak dira, baina horiek denak ez dute inoiz normalizazioaren helburua lortuko derrigortasuna aitortzen ez dion eta gurea ez den Estatu baten pean dagoen bitartean.

Euskararen eguna esatea estatu propioaren eguna aldarrikatzea da. Estatu bat behar dugu, gurea. Jar iezaiozue nahi duzuen izena, baina euskararen lurralde osoan aginduko duen hizkuntza legedia ezarriko duena izan dadila, eta saia gaitezen derrigorrezkoak diren hizkuntzen artean euskarari behintzat aitor diezaion hori.

 

Nabarralde-k argitaratua