Inicio Gogoeta Kirola eta nazio sinbologia

Kirola eta nazio sinbologia PDF Imprimir E-mail
Víctor Alexandre   

Tags: Víctor Alexandre

Gaur, Fresnon (AEB), bozketa egin eta erabakiko dute Katalunia sartuko den Nazioarteko Patinaje Federazioan (FIRS). Emaitza baiezkoa baldin bada, aurrerapauso handienetakoa bat izango da Kataluniaren nazio eskubideak berreskuratzeko bidean. Hori esatea, zalantzarik gabe, boutade-a irudituko zaio bati baino gehiagori. Lanak ematen ditu sinesteak kirol federazio soil bat onartzea garrantzitsuagoa dela osasun arloan, irakaskuntzan, kulturan, polizia propioan eta abarretan boterea izatea baino. Hala ere, bistakoa da eskubide osoko nazio baten botere egiazkoa baino askoz ere apalagoa dela eskumenen maila. Ez da ahaztu behar Espainiako Estatua autonomia erkidegoetan antolatua egotea ez dela bilakaera politikoaren fruitua, baizik eta Estatuak ulertzen ez duen errealitate batera egokitu beharraren fruitua. Autonomien Estatua, beraz, honetarako egituratu zen: katalan nazioaren eta euskal nazioaren nortasun juridikoa nazioartean sendotu dadin trabatzeko. Eta horretarako eman zuen amore Espainiak eta onartu nazionalitateak eta eskualdeak bereiztea. Horren erakusgarri da denborarekin nazionalitateen eskumenen parekoak lortzen ari direla eskualdeak. Nazionalitate terminoak nazioa ezkutatzeko balio du (Herrialde Katalanak eta Euskal Herria), eta elkartasun hitzak, berriz, lapurreta eta zapalkuntza ezkutatzen du: bi herri horiei espainiar ordena hegemonikoak egiten diena.

Kataluniako Gobernura alderdi independentista bat iritsi arte, herrialde horren nortasun juridikoa ez da normalizatzen hasi kirol munduan. Dena dela, espainiar nortasunaren ezaugarri nagusietako bat, itxikeria, ez da batere aldatu. Ikusi besterik ez dago: tarteka izaten diren egoera politiko batzuetan bakarrik katalanen eta euskaldunen aldekoetan lortzen dira orain dela 25 urte kultura egiatan demokratiko batek lehentasuntzat zituen gauzak.Espainia goi-goian ari da estutzen, nazioartean Katalunia onar ez dezaten, eta jokabide hori itxikeriaren ondorioa da. Horregatik, huskeria da patinajea gutxi batzuen kirola izatea, futbolaren aldean esaterako: kontua da jurisprudentzia zehaztea etorkizuneko eskaerei begira. FIRSeko presidenteak esana du: "Botere politikoa sekulakoa da kirol boterearekin konparaturik. Hark esku sartzen duenean, gu jokoz kanpo geratzen gara". Zorionez, bozketa isilekoa da eta katalanek aukera ona dute, baina artikulu honen mamia ez da asmakizunen jolas zentzugabea, baizik eta, hasieran esan dudan bezala, Katalunia nazioartean onartzearen garrantzia eta hala gertatuko balitz horrek izango lituzkeen ondorioak, bai Espainian, bai Katalunian eta bai, hedaduraz, Euskal Herrian ere. Jose Luis Rodriguez Zapaterok esana da: "Kataluniak eta Espainiak ez dute sekula jokatuko elkarren kontra, Espainiako selekzioak ordezkatzen baitu Espainiako Estatua nazioarteko lehiaketetan". Jainkoak hala nahita esatea bakarrik falta izan zaio. Zapaterok iragarri du Katalunia nazioartean onartuko balute ere Espainiak ez duela haren kontra jokatuko. Baina horren arrazoia ez da Kataluniako selekzioak, munduko onenetakoa izanik, umiliatu egingo lukeela; arrazoia da lehia horrek ondorio psikologikoak izango lituzkeela sinboloen arloan. Horrelako lehia bat batez ere kirol ezagunenetan jokatzen duten egunean, Kataluniaren eta Espainiaren harremana aldatu egingo da. Horren beldur da Espainia; badaki kirol sinbologiak eragina izango duela katalanen nazio autoestimuan.

Espainiak, Estatu den aldetik, oso ondo ezagutzen du sinbologia hori, horretaz baliatzen baita bere nazio kohesioa sendotzeko; horren gainean oinarritzen du batasun santuaren arau irrigarria, eta horregatik ez dago prest katalanei eta euskaldunei beren kohesioa sendotzen uzteko, ez baitator bat Espainiaren kohesioarekin. Espainiak badaki ez dela gauza bera nazioaren ereserkia barne ekitaldietan aditzea edo milaka pertsona isilik daudela atzerrian aditzea, ez dela gauza bera senyera Tarragonako kanpaleku batean astintzea eta ikurrina Donostiako hotel batean egotea edo Katalunia eta Euskal Herria atzerrian eskubide osoko kide gisa irudikatzeko erabiltzea. Kontzientzia hartzeak horrelakoak dakartza. Bat-batean, Katalunia eta Euskal Herria konturatu dira erakustaldietako txakurren pare ibili direla orain arte kirol lehiaketetan: saria jabeak irabazten du beti.Gaur, Fresnon, baliteke mendeetako bidegabekeria horren amaiera hastea. Hortik aurrera, sentimenduetan oinarrituriko anbiguotasuna "ni katalana eta espainiarra sentitzen naiz" eta "ni espainiarra eta euskalduna sentitzen naiz aldi berean", Espainiako lege esparruari iraunarazteko balio duena, ez da posible izango, kirola eta sentimenduak estu loturik baitaude. Gutako nork ikus dezake Katalunia edo Euskal Herria Espainiaren aurka jokatzen, Greziaren eta Maltaren arteko partida ikusiko lukeen ezaxola berarekin? Lehenago edo geroago, erabaki behar izaten dugu, eta erabakitzen dugun horixe gara.

www.berria.info