Noain 2010. Mirari Bereziartua

{youtube}EPupkLGTGRQ{/youtube}

Memoria eskutik eskura!

1521 Noain

1521ean bi armadak aurre eman zioten elkarri Noainen: atzerriko okupazioaren kontra altxatu ziren nafarrena zen bat; bestea, berriz, matxinada zapuztu eta Nafarroaren independentziari azken hatsa emateko asmoz etorriak ziren gaztelarrena.

«Noain 2010» Nafarroaren alde borroka egin eta bizia galdu zutenen ausardia eta ahalegina gogora ekartzeko aukera da. Erribera aldetik, Pirinioetako bailaretatik, bortuz bestaldetik etorritako boluntario haiek garbi aski zuten zein herriren alde egin zuten borroka. Bazekiten nor ziren, ze lur defendatzen zuten eta nork erasotzen zituen.

Gaur, historiaren asimilazio eta manipulazioaren ondorioz, erreferenteak eta gertaerak ez zaizkigu argiak gertatzen. Baina, Noainen ikusiko dugun gisaz, memoria historikoak lekutzen gaitu. Garenari begirada egitea da memoriara jotzea. Borroka haren irudiak nor garen esaten digu, zer izan garen, eta biharko bidea erakuts diezaguke. Berreskuratzen dugun memoriak nahi gabe ere eragiten gaitu, gure kontzientzian aztarna ezabaezina uzten digu. Eta, hain justu, gure izaeraren eta historiaren parte direnek mugitzen gaituzte, izan ere, motibazio oro sentimendu eta erreferentzietatik bizi baita.

Zatoz gurekin Noainera, gure nortasuna eta kontzientzia indartzera; argi zutenen oroimenean bil gaitezen.
Noain 2010

2010eko Noaingo Batailaren gaineko oroitzapenaren egitaraua berria da. Urtero egiten dugun martxa aurten Getzetik aterako da Iruñeara egiteko, hau da, ohiko ibilbidea eginen da baina norabidea aldatuz, eta Iruñeko alde zaharrean eginen da bukaerako saioa.

Ibilbidean zehar makila bat pasako da eskuz esku, lekuko gisa. Parte hartzaileek ordainsari sinbolikoa emanen dute antolakuntzaren gastuak denon artean estali ditzagun.

Tarte hauek norbanakoaren izenean, herriko edo auzoko taldeen izenean, elkarte, peña edo udalen izenean erreserba daitezke. Laguntza hori sustatu behar dugu. Guztion eskutik eta makila honekin sinbolizatuta Noaingo memoria Iruñea eramatea da helburua.

Web: nabarralde.com/noain2010
Tfnoa: 620144142