Urko Aristi. Noain 2011


{youtube}uHpdZYaVAGk{/youtube}

 

Noain 2011 Ekainak 26
Orain 500 urte Estatua ginen

Zer esanen dugu heldu den urtean?

Nafarroa europar Estatua zen. 1512ko Nafarroaren konkistarekin eta erasoarekin hasi zen Espainiar inperioa hedatzen. Heldu den urtean, 2012, 500 urte geroago, ezin izanen dugu independentziaren oroitzapena errepikatu. Esanen dugu: orain 500 urte konkistatu gintuzten.

Gizataldea historian zehar eratzen da. Iragan horrek aztarna uzten du bere izaeran, orainean. Harrotasun motibo da pertsonentzat. Eta gizarteari sendotasuna eta kohesioa ematen dio arrasto horrek. Baina injustizien eta bortizkerien ondarea ere herrestan dakar. Gaur, Noainen, gerra luze hartako bataila baten oroimena ekartzen dugu gogora.

1512an Nafarroa konkistatu eta zatitu zuten. Zapaldu zuten. Euskal kultura, birrindu. Euskarak, oraino ere, ondorioak sufritzen ditu. Ez dugu ahanzturaren kirtenkeria nahi, eta mendeetan zehar inposatu zaizkigun miseriak gurekin eraman. Gure historia desegin eta gure lurra are gehiago zatikatu zuen gerra hura ezin dugu ospatu.

Heldu den urtean Europako herri libre bat ginela gogoratuko dugu, burujabetza kendu zigutela. Konkista kolonialetara eraman gintuztela Amerikan barrena eta sekula gureak izan ez ziren errege-erregin eta errepublikengatik besteren gerretara ere bai. Munduan gure tokia hartu nahi dugula, askatasunen adibide izanen den nafar presentzia batekin.

Nafarroa aske!