Donostia erre zutenetik 199 urte igaro dira

{youtube}ZoIHeit3yOE{/youtube}

 

Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak, Kañoieta elkarteak eta 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak urteurrena ospatzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, hiriburuan. Bideoa: 1813ko abuztuaren 31n sutea izan baino lehen, Donostiak zuen itxura hiru dimentsiotan berregin dute Eneka Mujikak eta Actual 3D taldeak.

1813ko abuztuaren 31n Donostiak bere historiako «hondamendirik handiena» jasan zuen. Castaños eta Alava jeneralek espainiarren aginduetara hiria erre zuten. Ondorioz, 1.600 lagun hil ziren arpilatzean, emakumeak bortxatu zituzten eta ostean, populazioaren %17,5a gaixotu egin zen. Donostian zutik geratu zen kale bakarra Abuztuaren 31-koa izan zen.

Gaur 199 urte betetzen dira Donostia erre zutenetik eta hirian hildakoak omentzeko eguna da. Hori dela eta, Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak, goizean, auzoko hildakoen aldeko meza antolatu du San Bizente elizan. Gaueko 10etatik aurrera, Konstituzio Plazan izango den ekitaldian bideoa, antzerkia, bertsolariak eta abar. izango dira. Elkartea maiatzean sortu zen gertatutakoa argitzeko eta ezagutzera emateko helburuz.

18:00etan, Kañoieta elkarteak, hamazazpigarren urtez danborrada egingo du. Guztira hogei elkartek parte hartuko dute aurten. Zuloaga plazatik abiatu dira eta Parte Zaharraren inguruan ibiliko dira. Danborra jotzeaz gain, kanoikadak eta tiroak botako dituzte bidean.

21:00etan 1813ko abuztuaren 31ren oroimenerako elkarteak antolatuta, argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte. Txistulariek Donostiako martxa joko dute San Bizente elizako atarian, eta desfilea egingo dute jarraian, tronpeta joleekin batera. 21:30ean, berriz, Santa Zezilia abesbatzak, Gaztelupeko Ganbara abesbatzak eta Donostiako Orfeoi Txikiak hainbat kantu zahar abestuko dituzte Santa Maria elizako atarian. Ekitaldi horretan bertan, Andoni Alemanek bertso batzuk irakurriko ditu, Arrats izugarria izenburupean.

 

http://www.berria.info/hara/1859/donostia_erre_zutenetik_199_urte_igaro_dira.htm