Munduan gutxienez 72 gatazka politiko badira egun

Txente Rekondo, analista politikoarekin elkarrizketa


Txente Rekondo, nazioarteko politika aztertzaileak eman digun datuetako bat da. Berarekin aztertu ditugu puzzle konplexu honen protagonistak, arrazoiak eta etorkizunera begirako zenbait iragarpen.

 

mundue (id: 9636990)


 

L.L.A/ Mondraberri, 2009ko martxoaren 3a, martitzena.

 

Euskal Herria, Palestina, Afganistan… eta zein gehiago? Buruari bueltak emanez gero, besteren batzuk etorriko zaizkigu burura, baina planetaren zati handiena gatazkaren batean murgilduta dagoela kontutan hartuta, munduan gertatzen ari denari buruz ezer gutxi dakigunaz aitortu behar.

 

Txentek dio, gure ignorantzia horren arduradun nagusiak kazetariak direla (eta neu ez naiz zaku horretan sartuko, nire eremua ez baita Leintz bailaratik haratago heltzen). Informazioa jaso, jasotzen dugu, Internetetik esaterako borborka gainera; asko eta azkar baina biziatuta… gure begiek ikusi ezin duten errealitate horri zenbait interesek ematen baitiote forma gugana heldu orduko. Are gehiago, gatazka edo errealitate horiekiko gure interesa ere hedabideek kontrolatzen dute, beren medioetan interesatzen zaienean haien berri komeni den modura emanda.

 

Zenbaitetan irakurri izan ditut Txentek Mondraberrin atera izan dituen artikuluak. Noizbehinka mundura zabaltzen nauten kronika horiek jakin mina piztuta eskatu genion buruan genituen zenbait galdera erantzuteko. Honatx, berarekin izandako elkarrizketak emandakoa.

 

150.txente (id: 9502830)Txente Rekondo: “Gatazken garrantzia ezagutzea kazetariek sortzen duten interesarekin dago zuzenean lotuta”

Zenbat gatazka ditugu momentu honetan munduan?

Ez da batere erraza hori  zehaztea, bereziki modu baten edo bestean planetaren zati handiena halakoetan sartuta dagoela kontutan hartzen badugu. Orain gutxi Nazioarteko ospe handiko talde batek gatazken  inguruko txosten bat plazaratu eta ari ikus dezakegun ia ez dela lurraldetasunik edota estaturik aipatzen.

 

Hauxe da, hain zuzen, atera duten zerrenda:

 

– Israel/Palestina, Madagascar, Mali, Sri Lanka/ Tamiles

– Bangladesh, República Democrática del  Congo, Zimbabwe

– Afganistán, Argelia, Armenia, Azerbaijan, Bahrain, Euskal Herria, Bielorrusia, Bolivia, Bosnia, Burundi, Camerún, república de África Central, Chad, Chechenia , Colombia, Costa de Marfil, Chipre, Ecuador, Egipto, Etiopía, Georgia, Guinea, Guinea-Bissau, Haití, Indonesia, Irán, Iraq, Kashmir, Kazakhstan, Kenya, Kosovo, Kyrgyzstan, Lebanon, Liberia, Macedonia, Mauritania, Myanmar, Nagorno-Karabakh (Azerbaijan), Nepal, Nicaragua, Níger, Nigeria, Cáucaso Norte , Corea de Norte, Pakistán, Perú, Filipinas, Rwanda, Serbia, Somalia, Sudan, Siria, Taiwán, Tajikistan, Tailandia, Timor-Leste, Turquía, Turkmenistan, Uganda, Ucrania, Uzbekistan, Venezuela, Sahara Occidental, Yemen.

Agian ez dira agertzen diren guztiak, baina hor dauden denak behintzat badira!

Zerk eragindakoak dira gatazkok?

 

Hain zabala da gatazka edo egoera iskanbilatsuen zerrenda… arrazoi zeharo desberdinak daude. Une honetan munduan ekintzaile berriak agertu dira, aurretik zeudenei erantsiz (nazio-estatua, estatu askotako elkartzeak…). Horrek iskanbilen tipologia eta berauen eskakizunen dibertsifikatzea ekarri du:

 

Ekintzaile berri horien artean globalizazioaren aurkako mugimenduak aurki ditzakegu, mundu desberdin baten eskakizunarekin eta munduan zehar inposatzen diguten globalizazio sistemaren aurka eginez.

 

Izendaturiko islamismo politikoaren gorakada ere aurkitu dugu; mugimendu heterogeneoa da, batzuetan bertako agendak markatuta eta bestetan nazioz handiko grina batek bultzatuta.

 

Munduko hainbat lekutan berriz, bertako Herriak gatazkako nagusitasuna hartu du, politika egiteko eredu tradizionalak hautsiz eta jendartea eta Naturarekiko erlazio ugariak eraldatuz.

 

Beste atal bat Nazio Askapenetako borrokena da;  hauetan iskanbila kopuru oso garrantzitsua dagoe. Autodeterminazio eskubidea defendatzen dute, kasu askotan beren Estatu propio baten eraketa gauzatu nahirik. Batzuen zein besteen bideak desberdinak izan daitezke, baina orokorrean helburu berean bat datoz (Eskozia, Quebec, Katalunia, Flandes, Groenlandia, Korsika, Euskal Herria, Kurdistán, Txetxenia, Tamilak…)

 

gaza (id: 9570480)

 

Estatu-poloak deiturikoen saila berriz, goraldian dago. Ikurtzat “bolivariana” ideologia hartuta, oso eraldaketa garrantzitsuak ematen ari dira, Latinoamerikan bereziki eta eraldaketa horiek status-quoaren defendatzaileen funtsezko oposizioarekin talka egiten ari dira. Venezuela, Ekuador, Bolivia, Nikaragua … adibide xume batzuk besterik ez dira.

 

Jendarteko aurkaketaz eragindako iskanbilak edo borrokak ere aurki ditzakegu; Filipina-ko edo Indiako gerrillan esaterako, edo Kolonbiako FARC-a, Nepaleko maoisten mugimendua, MST brasildarra…

 

Azkenik “puzzle” konplexu honetan beste jokalari bat ere ari da indartzen, Sindikal mugimendua hain zuzen eta hainbat kasutan, prozesu desberdinetako motore bihurtu da gainera! Antzinako Sobietar esparruan; Hego Afrikan; Asiako zein Afrikako kontinenteen zona desberdinetan eta Euskal Herrian ere, horietako gune batzuk badira.

 

Zeintzuk dira arazo kezkagarrienak eta zergatik?

Gatazken garrantzia ezagutzea edo gure errealitatean duten eragina, kazetariek sortzen duten interesarekin dago zuzenean erlazionatuta. Hala, ikus dezakegu iskanbila horiek zelan egunkarietako lehen orrialdeetan aldioro agertzen diren, edota bat-batean bigarren mailara pasatzen dituztela edo di-da batean desagertzen diren.

 

Zelakoa da haiei buruz heltzen zaigun informazioa? Benetan konturatzen gara haietan gertatzen ari denaz?

Aipatu berri dudan testuinguru horrek, iskanbila bakoitzaren benetako maila ikustea ekidin eta haiengana hurbiltzea oztopatzen digu nabarmenki. Ezin ditugu ahaztu  media horiek baldintzatzen dituzten gainontzeko interesak eta bereziki beraiek darabilten  mendebaldeko ikuspegi eurozentrista.

Internet bezalako teknologien erabilera handia egiten duen jendartearen Historia aldian gaude eta agian, informazioa jende kopuru gehienera iristen den unea izan daiteke. Baina aldi berean, lehen aipatu ditudan arrazoiengatik, informazioa baldintzatuta datorkigu eta batzuetan hainbesteko kantitatetan dator, ezinezkoa dela guztia kontrolatzea edo iragaztea.

palestina (id: 9587054)Euskaldunok palestinarrekiko elkartasuna askotan erakutsi dugu. Hango eta hemengo gatazkak zertan dute antzekotasuna?

 

Beste gatazkez aritzen garenean orokorrean antzekotasuna edo diferentziak aurkitzen saiatzen gara, Palestinar kasuan edo Irlandarren bake prozesuan egiten dugun bezalaxe. Antzekotasuna  aurkitu nahi izaterakoan azpimarratu beharko  genuke “prozesu guztiak desberdinak direla”, baina hortik hasita, errealitate desberdin horietara heltzeko garaian antzekotasun puntuak aurkitzea beharrezkoa zaigu…bereziki akats berdinak ez egiteko.

 

 

Duela hilebete inguru negoziazio prozesu batean sartu ziren Palestinako nazio adiskidetze bat bilatu nahian…

Konponketa bideratzeko garaian aurre-adierazitako porrotaren isla hutsa da hori. Hasera batetik “jokalarien” arteko asimetri erlazio batekin topo egiten dugu, non Palestinar Herria guztiz baldintzaturik agertzen den mahaira. Ia-ia beste aldekoek (israeldarrek) jartzen dizkieten baldintzak onartzera beharturik daude. Bakea ez lortzeko mendebaldeko gobernuek markatzen duten lotsarik gabeko paperak du errurik handiena, etengabe israeldarren sarraskiak eta Estatu honen jarrera kolonialista jasangaitza lagunduz.

Palestinar ordezkari handien interlokutorea (HAMAS) ukatzea bake saiakera guztia porrot egitera kondenatzea da.

 

obama (id: 9618464)Hedabideetan esan zutenez, Obamak eragin zuzena izan zuen Israelen atakeak geratze hartan. Salbatzailea balitz bezala hartu da presidente berria, baina zenbaterainoko aldaketa ekar dezake orokorrean bere politikak?

Israelek palestinar herritarren aurka Gazan eginiko sarraski berria, AEBn emandako gertaeraren inguruan ulertu behar da. Obamak zuzen lezakeen aldaketaren itxaropena sinesgarritasun gutxikoa da, baina badaezpadan, Israeldar makinaria martxan jarri da hori baldintzatzeko… Israelek Washingtonerantz zuzendu duen mezua argi eta garbia izan da: Gauzak ez dira aldatu behar.

Egia da atakeak Obamaren izendatzearen bezperan amaitu zirela, baina ez zen AEBtako lehendakari berriaren eraginez izan, Tel Avivek prestatutako gidoian halaxe pentsatua zegoelako baizik. Israeldarren Inteligentzia izan da gertakarien aldia uneoro kontrolatu duena.

 

Krisi garai honek zelan eragingo du mundu mailako mapa politiko eta ekonomikoan? Kapitalismoaren amaiera dator? Garapen bidean diren herriak indartuko dira ala are gehiago ahulduko dira?

 

Mundu osoa astintzen ari den finantza eta ekonomi krisia, azken hamarkadetan garatu diren globalizazio prozesuen isla hutsa da. Munduko ekonomien arteko erlazioak,  krisia edozein tokitik zabaltzea eta ondorioak leku guztietan antzekoak izatea ahalbideratzen du.

Oraingoz liberala eta kapitalista den Sistemaren kontraesanetara joan gara, bankuek eta Enpresariek sistemari egin dizkioten kalteak zuzentzeko Estatuaren interbentzioa eskatuz. Analista batek oso ongi adierazi zuen bezala: galerak sozializatu, etekinak-irabaziak- pribatizatzen jarraitzeko”.

Sistema kapitalista “ukituta” dagoela egia bada ere, ez dakigu krisiak zelako ondorioak izango dituen eta goizegi da sistemaren amaieraz aritzeko. Izan ere, sistemak mekanismo bereziak jarri ditu martxan, uzte badiote behintzat, autodefentsa egiteko.

 

afganistan (id: 9603554)

 

Afganistango hotsik apenas entzuten da orain. Zelan dago hango egoera?

 

Aipatu dugun guzia, hots, komunikabideek zer paper jokatzen duten jasotzen dugun informazioaren inguruan… Afganistango kasua dugu horren adierazle garbia! Herriak bizi duen egoera zaila eta latza da, militarki beteta dago eta etengabeko aurrez aurre batean jarria. Komunikabideetan komenientziaren edo berri zehatz baten arabera agertu eta desagertzen da (atentatu bat, mendebaldeko politiko baten bidaia,…) eta beste zenbait kasutan afganiar errealitatea ezagutzen ez duten topikoz beteriko erreportajeak eskaintzen dizkigute: Drogaren ekoizpen eta trafikoaz, jendartearen islamizazioaz, gerraren jauntxoaz, estatuaren porrotaz… Eta egia esan behar dugu: Afganistango historia –berriro ere-  errepikatu egin da. Historikoki behin eta berriro okupatzaileak galtzaile gisa irten dira; Ingelesak, Errusiarrak eta une honetan AEB eta beraien aliatuak!

 

Bestalde, egoera oso konplexua da: Gobernuak, orain arte mendebaldeak lagundurik, Kabulgo Jauregi barruan du boterea eta ez dira berreraikitzea eta laguntzak iristen! Gobernuaren ustelkeria eta botere eza nonnahi agertzen da; Indar okupatzaileek milaka pertsona erail dituzte ( kolateralak nonbait!) eta aldi berean, egunez egun erresistentziak laguntza eta baliabide material gehiagoz ari da. Obamak hartu duen erabakiak – bere ahalegin militarista Herri honetan metatzea- ez du gauza onik ekarriko, ez okupatzaileentzat, ezta afganiar herritarrentzat ere! Hortik dator, bertako behatzaileek  analisien arabera egiten duten iragarpena: Udaberri eta uda bero-beroa.

 

Beste kontu bati eutsiz… Chavezek bere burua aurkeztu ahalko du 2012ko hauteskundeetan. Zer suposatzen du honek Venezuelarako? Eta Hegoamerikako gainontzeko herrietarako?

 

Chavez-en irudi eztabaidatsua gai oso erabilia izan ohi da mendebaldeko komunikabideetan. Bere azken proposamena, konstituzioaren moldaketa hain zuzen, Venezuelako buruzagiaren aurkako komunikabideen kanpaina berri baten hasera izan da. Kasu honetan argi geratu da islaturik Mendebaldeko hainbat komunikabide, zein politikoen haserre bikoitza.

 

Behar bada Chavez izan daiteke azken urte hauetan hauteskunde eta erreferendum gehien irabazi duen politikoa eta hala ere, bolibiar proiektuak duen herri laguntza ontzat eman gabe jarraitzen dute hainbat eta hainbatek.

 

chavez (id: 189734)

 

Boterean iraun arazteko saiakeratzat aurkezteko posibilitatearena da pertsonaia hauen argudioetariko bat. Hala ere, ahaztu egiten dute hauxe Mendebaldean fenomeno oso arrunta dela eta kritikatzaileen arteko batzuk bi hamarkada baino gehiago daramate etengabe kargu publikoetan: Frantzia edota Alemaniako lehendakariak esaterako, Chavez bera baino urte gehiago egon dira boterean orain dela urte batzuk! Espainiako erregeak ez aipatzearren…

 

Venezuelatik kanpo eraldaketa oso garrantzitsua eragiten ari da bolibariana politika; inguruko Herrietan antzinako ereduak hausten ari diren protagonista berriak agertzen ari dira; beraien Herrientzat ildo berriak ipiniz, orain arte eman direnak baino askoz demokratikoagoak.

 

Nazioarteko politika aztertzailea zaren horretatik, zelan ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

 

Euskal Herrira itzuliz, goian aipatu duguna berreskuratzea behar beharrezkoa zaigu! Errealitate guztietatik zerbait ikasi ohi da, baina iskanbila konpontzeko gakoa bertako populazioan datza, hots, bertakoen gehiengoaren erabakia errespetatzean.

 

Irlanda eta Hego Afrikako esperientziak Euskal Herriko arazo politikoa konpontzeko eredu baliagarriak izan daitezke… Baina behar bada, azkenean konponketa bideratzen badugu eta azken lorpenera iritsiko bagina, etorkizunean arazo politikoa konpontzeko Euskal ereduaz edo Bakerunzko Euskal bideaz arituko ginateke.