Inicio Munduan barna Katalunia ez da Espainia

Katalunia ez da Espainia PDF Imprimir E-mail
Ainhoa Oiartzabal Azketa   
Lunes, 21 de Agosto de 2017 22:47

Unerik gogorrenetan agertu ohi da norberaren benetakotasuna. Osteguneko erasoen ondotik, ongi ikusi da hori Bartzelonan. Hirian ez ezik, Katalunia osoan ere. Eta hein berean, Espainian.
Egoera ez zen batere erraza kudeatzen: arriskua eta nahasmena handia zen, erabakiak azkar hartzeko eta inprobisazio askorekin jokatzeko egiazko une horietako bat zen. Halako atentatu batek agerian uzten ditu herrialde baten antolaketa, haren erakundeen gaitasuna eta tokiko gizartearen kohesioa. Bada katalanek erakutsi dute baietz, ongi antolatua daudela, eta, gainera, langileak, serioak eta bizkorrak direla. Adibide bat: une oro eduki dituzte herritarrak eta atzerritarrak informatuta, gutxienik, lau hizkuntzatan.
Oso bestelako irudia eman dute Espainiako agintariek, eta batik bat, hedabide handiek. Lehen minututik ahalegindu dira atentatua Kataluniako burujabetza prozesuarekin lotzen, nahasten, zikintzen. Azkenaldian Europan halako hamaika atentatu izan ez balira legez. Hain eskrupulu gutxirekin jokatuta, badirudi Espainiak berak de facto onartzen duela Bartzelonan eta Crambrilsen hildakoak ez dituela bereak.
Batasunaren izenean eskatzen diote Kataluniari asmo sezesionistekin ez jarraitzeko; izan ere, irudiek eta jokaerek erakusten dute Espainiak galdu duela Katalunia.

BERRIA