Euskarak hizkuntza-politika ez, politika behar du


Patxi Baztarrika. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea

Eguneroko jardunean aurrera egitea du erronka euskarak, Baztarrikaren esanetan, eta horretan indarra egiteko asmoa du. Iragarri du Eusko Jaurlaritzak zeharkako gai gisa hartuko duela hizkuntz politika, sail guztietarako.

Lau urteko etenaren ostean itzuli da berriro Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzara Patxi Baztarrika (Ataun, Gipuzkoa, 1958). Bihar du lehen agerraldia Eusko Legebiltzarrean, baina aurreratu ditu neurrietako batzuk. Ostegunean egindakoa da elkarrizketa, parlamentuak haur eskoletan gaztelania ezartzeko eskatu aurrekoa.

Arrue ikerketa aurkeztu berri duzue. Eskolak handitzen du euskararen erabilera, baina eragin handia du gizarteak. Ikasleak erdalduntzen ditu.

Ikerketaren balorazioa oro har positiboa da. Etxeko hizkuntza euskara dutenak %20 izanik, ikasgelara joan, eta euskara %60k darabilte. Euskararen ezagutza bermatu eta zabaltzeko tresna soilik ez, euskara erabiltzeko gune ere bada eskola. Batez ere ikasgela. Eskolako beste espazio batzuk gizartearen eraginpean daude; jolastokia, adibidez. Eremu formaletan gora ari da egiten euskara, baina esparru ez-formaletan, nekez. Eskolako hizkuntz eredua oso euskalduna izan arren, gizarteko hizkuntz eredua ez bada neurri berean euskalduna, indartsuenak, gaztelaniak, irabazten du partida. Euskara biziberritzeko prozesuan, eskola gabe ezin dugu, baina eskolarekin bakarrik ere ez.

Euskara maila eskasa dute A ereduko ikasleen %86k, B eredukoen %42k eta D eredukoen %25ek. Egokia ote da euskara tituluetatik salbuestea?

Ikasketak euskaraz egiten dituenak behar du aitorpen bat. Nolakoa behar den erabakitzeko, ondo neurtu behar da zer gaitasun eskuratzen den; euskararen kasuan bereziki, bai baitakigu ikasleek eskuratzen duten gaitasuna ez dagoela soilik hizkuntz ereduaren esku. Aitorpen bat egitearen aldekoa naiz. Ikasketak euskaraz egiten dituen bati, lortzen duen euskara maila lortzen duela, gizarteak ezin dio eskatu bere hezkuntza sistemaren bidez eman dion euskara gaitasuna baino altuagoa, eskolan eskuratu duen gaitasun profesional horretan jarduteko. Euskara hizkuntza normalizatua ez denez, gaitasun diferentea dute ikasleek. Hori gehiegitan lotu dugu eskolarekin soilik, gizarteko beste faktore batzuekin duen zerikusia ahaztuta. Maila aitortu? Noski. Zein? Eskuratzen den batez bestekoa. Horrek ez du esan nahi ez denik gaitasuna hobetu behar. Hobetu behar da, jakina.

Dekretuari eutsiko diozue.

Ez dugu dekretu hori ukitzeko asmorik. Guk beste prozedura bat jarraituko genuen dekretua egiteko. Oinarria izango zen azterketa bat egitea: egoera soziolinguistikoa, sarea… Dekretua eginda dago, eta ez dugu ukitzeko asmorik.

Legez, oinarrizko irakats-aldia amaitzean euskaraz eta gazteleraz komunikatzeko gai izan behar da. Datuek esan nahi dute legea urratzen dela?

Esan nahi dute A eredua nahitaez gainditu behar dela. Gurasoek erakutsi dute. Progresiboki eta etengabe, A eredua hutsaren hurrengoa izatera iristen ari da, gurasoek erabakita. Badakite euskara gaitasun hobea eskura daitekeela euskara ordu gehiago dituzten ereduetan. Hizkuntz ereduen oinarrian printzipio bikoitz bat dago: gurasoei aitortzen zaie eskubidea seme-alaben irakats-hizkuntza nagusia aukeratzeko, eta obligazioa dago derrigorrezko hezkuntza amaitzean bi hizkuntza ofizialetan behar besteko gaitasuna edukitzeko. Printzipio horien uztardurarekin jarraitu behar da, emaitza oso onak izan baitira euskara biziberritzeari egindako ekarpenean. Emaitzak perspektibaz ikusi behar dira. Prozesu honi ekitean, %8 ere ez ziren euskaraz irakasteko gai ziren irakasleak. D eredua gero eta onarpen handiagoa izatera iritsi da, B eredua ere bai, eta A eredua bertan behera erori da. Hori gurasoek erabaki dute. Ohartzen al gara zer-nolako indarra ematen dion horrek euskara biziberritzeko prozesuari? Indar sozial horri ez genioke bizkarra eman behar.

Hiru eleko eredua probatzen ari dira.

Gure hezkuntzak eleaniztuna izan behar du. Jarri behar da helburu bezala ikasle eleanitzak sortzea. Ezinbestez, euskarak izan behar du ardatz nagusi, gure hizkuntza propioa izateaz gain, bi hizkuntzen arteko harremana asimetrikoa delako eta euskara delako ahulena. Gakoa da hizkuntz helburuak finkatzea. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean bermatu behar da ikasleek edukitzea bi hizkuntza ofizialetan gaitasun praktikoa. Hori zehaztu behar da: maila bakoitzerako gutxieneko helburuak jarri behar dira ikasle guztientzat. Xede berberak euskaraz eta gaztelaniaz; ingelesean, maila apalagoa. Atea ez zaio itxi behar laugarren hizkuntza batera hurbiltzeari. Esperimentazioa behar da, jakiteko zein helburu diren anbizioz baina era errealistan plantea daitezkeenak. Egoera soziolinguistikoa askotarikoa izanik, helburuek gutxienekoak eta batez bestekoak eskura ditzakeenak izan behar dute. Egingarriak. Aukera irekita utzi behar da eskola bakoitzak helburuak hobetzeko.

Euskaltegiek diote hezkuntzari baino garrantzi gutxiago eman zaiola alor horri. Doakotasuna eskatu dute.

Euskararen biziberritzean lan eskerga egin dute, inoiz behar beste aitortuko ez dena. Derrigorrezko hezkuntza sistemak egin du kuantitatiboki ekarpen handiena. Euskaltegiak badirudi beste maila batean ikusten ditugula. Ez da horrela. Ehun bat mila elebidun sortu izana zor zaie, eta beste milaka pertsonak erdaldun elebakar izateari utzi diote. Euskaltegien lana ikaragarria da. Baina ez daude derrigorrezko hezkuntzaren barruan. Ordaintzen da euskara ikasteagatik, baina jakina da alde ikaragarria dagoela euskara edo beste hizkuntza bat ikasteagatik ordaintzen denaren artean, normala denez. Finantzaketa publiko inportantea bideratzen da euskaltegi publiko eta itunpekoetara.

Matrikulazioetan jaitsiera izan da, hasieran esperotakoa ez izanda ere. Krisia soilik ez, euskarak prestigioa galdu izana aipatu dute arrazoi gisa.

Euskarari prestigioa emateko saio handiak egin behar dira, eta herri agintariek zeregin handia dute. Arreta ikaragarria jarri behar dugu euskararen prestigio soziala areagotzeko. Prestigio soziala handitzen den neurrian, eragina ziur izango du euskaltegietako matrikulazioan. Ez dut uste onera egin dugunik, eta tarte handia dago aurrera egiteko. Erantzukizunez hartzen dudan egitekoa da.

Aurrera ez da egin, beraz. Eta atzera?

Ez nuke esango atzera egin denik ere. Baina fenomeno sozialetan, aurrera egiten ez duzunean, ondoko beste hizkuntza batzuek aurrera egiten badute, zuk atzera egiten duzu. Ez da ezer gertatu objektiboki esateko euskararen aurkako jardunak azaldu direla eta aldekoak ez. Egia da euskararen aurrerabidea zalantzan jartzen duten diskurtsoek badutela orain urte batzuk baino indar handiagoa plaza publikoan. Baina bistakoa da euskara hazi egin dela gure gizartean. EAEri buruz ari naiz, ez Nafarroaz edo are gutxiago Iparraldeaz. Hazkunde hori ez zen inolaz ere gertatuko gizartearen atxikimendurik ez balitz. Aurrera ez dugu egin prestigio sozialean, eta, segur aski, erlatiboki egin dugu atzera, beste hizkuntza batzuen prestigioa areagotu delako.

Deigarri da: krisiarekin, hizkuntzak ikasteko izen-emateak asko handitu dira; euskara ikastekoak, aldiz, jaitsi.

Prestigioarekin du zerikusia. Ez nator bat esatean krisiak azaltzen duela jaitsiera. Izan dezake eragina, baina euskara ikasteagatik baino gehiago ordaintzen bada beste hizkuntza batzuk ikasteagatik, eta horietan ez bada beherakadarik gertatu, krisiarekin ezin azal daiteke. Krisian egon, eta, gainera, euskara ikasteari ez bazaio behar den adinako balio sozialik aitortzen, ez bazaio behar besteko prestigiorik ematen, alde batera uzten da. Horri buelta ematen ahalegindu behar dugu. Jaurlaritzaren mezuak garbia izan behar du: euskararen auzia bizikidetza sozialaren auzia da. Euskara zenbat eta indartsuago izan gure arteko bizikidetza ere sendoagoa eta harmoniatsuagoa izango denez, aktiboki bultzatu behar dugu euskara ez dakiten herritarrek ikasteko pausoa eman dezaten.

Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideen dekretua eztabaida iturri izan da. Zer egiteko asmoa daukazue?

Dekretu horren inguruan manipulazio asko egin da. Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak aitortu eta bete daitezen neurriak ezartzen ditu. Hankak lurrean genituela egin genuen dekretua, progresibotasunean oinarrituta. Enpresa handienentzat zen, eta urte batzuetako epea jarri zen obligazioak betetzeko. Epe hori aurten betetzen da. Azterketa bat egingo dugu, ikusteko zer neurritan betetzen den dekretua. Gutxi betetzen bada, neurriak hartu beharko dira; normal eta neurri zabalean betetzen bada, igual pentsatu beharko da eragin eremua zabaltzea. Errealitateak esango du. Betetzen ez bada, betearazteko neurriak hartu beharko ditugu.

Jaurlaritza bera noiz izango da gai zerbitzu guztiak euskaraz emateko?

Hori da erronketako bat. Perspektibaz ikustea oso inportantea da. Orain hamar urte baino gehiago errespetatzen dira hizkuntz eskubideak, baina egiteko dagoena handia da. Egiteko dagoenak ez gaitu eraman behar egindakoa ez ikustera, eta egindakoak ez gaitu eraman behar autoatseginkeriara eta egiteko dagoena ahaztera. Bi tresna garrantzitsu ditugu. Batetik, Jaurlaritzako euskararen erabilerarako bosgarren plana egingo dugu aurten: ardatz nagusi moduan izango ditu euskara zerbitzu hizkuntza bezala bermatzea eta euskara lan hizkuntza bezala ere erabiltzea gero eta gehiago. Bestetik, Elebide sendotuko dugu: herritarrari adierazi nahi diogu euskara erabiltzeko eskubidea baliatu behar duela eta Jaurlaritzaren babesa eta animoa duela. Eskubideak urratu direla uste duenean, jakin nahi dugu. Neurri zuzentzaileak hartzeko oso baliagarri zaigu.

Gainera, bada elementu berritzaile bat Jaurlaritzan: hizkuntz politikaren zeharkakotasuna. Bere euskara unitatea eratuko du sail bakoitzak. Horien egitekoa izango da, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren irizpideei jarraiki, sail bakoitzaren eremuan hizkuntz irizpideak finkatu eta garatzea, eta euskara erabilerarako plana finkatu eta garatzea. Lehentasunezkotzat hartuz, sail bakoitzaren eremuan herritarren hizkuntz eskubideak errespetatzea.

Ertzaintza eta Osakidetza. Beltzune kroniko bihurtutako alorrak al dira?

Ezin dezakegu onartu kronifikatuta daudela. Egia da behin eta berriro agertzen direla bi alor horiek, justiziarekin batera, Arartekoaren eta Europako Batzordearen txostenetan. Ez da atzera egin sektore horietan. Aurrera egin da. Osakidetzan orain hamar urte baino gehiago erabiltzen da euskara. Egiteko ikaragarria dago, eta gobernua ahaleginduko da. Sailek arduraz eta erantzukizunez begiratzen diote, eta neurriak hartuko dituzte. Osakidetzan, adibidez, euskararen erabilera plana 2011n amaitu zen, eta 2012 osoan ez zuten egin. Egingo dugu.

Euskara lehenesteko asmoa dute erakunde batzuek. EAJk programan aipatu zuen eremu batzuetan egin litekeela. Zer egingo du Jaurlaritzak?

Kontzeptua Euskararen Legean bertan dago zenbait esparrutarako: hedabideak, hezkuntza… Euskarak behar ditu eremu batzuk gero eta neurri handiagoan ohikotasunez erabiltzeko. Parteka ditzake eta partekatu behar ditu guneak beste hizkuntza batzuekin. Hor jokatu behar du. Baina, partekatzeaz gain, behar ditu eremu batzuk non ohikotasunez eta normal erabiltzen den hizkuntza, nagusiki erabiltzen dena, izango den. Jaurlaritzak bultzada emango du. Egoera aztertu behar da: non eta nola.

Euskararen Legeak 30 urte eginda, EAJk dio gara daitekeela. Zertan?

Lege horrek ikaragarrizko balioa du. Euskara biziberritzeko prozesuan EAEn eman den aurrerakada ezin da ulertu lege horrek eman duen aukeraz jabetu gabe. Herritarrei hizkuntz eskubideak aitortu zizkien, eta horiek bermatzeko obligazioak jarri herri agintariei. Adostasun politiko eta sozial handi batean oinarritu zen. Hori da giltzarri etorkizunera begira ere. Legea ez dago agortuta. Gizarte honek euskara biziberritzeko prozesuan egin nahiko lukeen zer ezin da egin lege hori dagoelako? Gaur egiten dena egiten jarraitzeko edo gehiago ere egiteko aukera ematen du. Kolokan jarri ordez, balia gaitezen legeaz, aurrera segitzeko. Pausoak emateko mugak ez daude legean. Askoz gehiago daude gizartean. Oinarrizko ditugu lege babesa, hizkuntz politika aktiboa eta herritarren atxikimendua. Ezinbestekoa da legeak erakutsi zuen bidea garatzea: adostasuna.

 

«Jokoan ez dago euskararen iraupena, bizi-indarra baizik»

G. Goikoetxea Donostia

Mozketak izango dira hizkuntz politikan ere, baina euskalgintzarekiko elkarlanari eutsi nahi dio Baztarrikak, nahitaezko dela eta.

Seaskako ikastolak eta Nafarroan euskararen alde ari diren taldeak larri dira. Jaurlaritzaren babesa izango dute? Murrizketak hor izango dira?

Murrizketak politika publiko guztietan izango dira. Aurrekontuak prestatzeko prozesuan gaude; ez dakigu nolako eragina izango duten. Gure nahia ez da Iparraldeko ikastolei bizkarra ematea. Ikuskizun dago zer neurritako kolaborazioa izango den posible. Murrizketak izango dira. Jaurlaritzak, hasteko behintzat, 1.200 milioi gutxiago izango ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren urteko aurrekontua halako bi gutxiago.

Hedabideetan, erdaldunak dira nagusi. Zer egin liteke herritarrak euskarazko hedabideetara hurbiltzeko?

Guztiok geure buruari galdetu behar diogu zer egin dezakeen bakoitzak. Herri aginteek euskarazko hedabideei babesa ematen jarraitu behar dute, laguntzen eta kontsumoa sustatzen. Hedabideek eurek ere beren buruari galdetu behar diote —galdetzen diote— kontsumitzaile potentzialak erreal bihurtzeko zer egin dezaketen. Gero eta gehiago dira euskarazko hedabideak kontsumitu ditzaketenak. Aztertu beharko da zer egin litekeen horiek erakartzeko.

Urteroko laguntza deialdiak ez, itunak nahi dituzte komunikabideek.

Hitz egin beharko da horretaz. Ateak irekita dauzkat. Baina ez dakit itunena den bidea. Ulertzen dut egonkortasunaren interesa eta helburua egotea. Aztertu beharko da hori nola lor daitekeen.

Erakundeen eta euskalgintzaren arteko elkarlana maiz aipatu duzu. Zer rol jokatu beharko luke bakoitzak?

Jaurlaritzari dagokio nagusiki bi helburu nagusiren aldeko lanean aritzea: euskararen hazkunde soziala eta euskal komunitatea trinkotzea. Gaur jokoan ez dago euskararen iraupena, bizi-indarra baizik. Partida hori batez ere etxean, lagun artean jokatzen da. Beharrezkoa dugu euskarak hazten jarraitzea, gero eta herritar gehiagoren bigarren hizkuntza izatea eta lehen hezkuntza gisa dutenek hala jarraitzea, gehiago izan daitezen euskara ohikotasunez erabiliko dutenak. Bestela, gerta daiteke euskaldunak gero eta gehiago izatea baina euskararen bizi-indarra makala izatea. Egunerokotasuna da garrantzitsua hori sendotzeko. Jaurlaritzari lidergoa markatzea dagokio. Gizarte ekimeneko mugimenduek zer egin dezakete? Herritarren euskararekiko atxikimendua, borondatea eta gogoa sortzeko agenteak dira. Indar ekonomiko, politiko eta mediatiko handirik ez duten hizkuntzak bizi-indarrez aurrera ateratzeko, ezinbesteko da herritarren borondatea. Horrekin soilik ez, baina hori gabe ezin da aurrera egin. Borondatea, gogoa, motibazioa eta hizkuntzarekiko identifikazioa eta erakarpena landu eta sendotzea herri ekimeneko eragileen egitekoa da nagusiki.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2013-02-10/008/001/_Hizkuntz_politika_zeharka_bideratuko_da_sail_bakoitzaren_bitartez_.htm