Iñaki Egaña: «1813ko gertaerak jakiteko altxorrak dira testigantzak»

Iñaki Egaña. Historialaria
Donostiako gizartean 1813an bizi izandako tragedia ezagutarazi eta zabaltzeko, aurten ere, hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostia Sutan elkarteak, abuztuaren 31ko egunaren harira.

Frantsesen mende zegoen Donostia, 1813an, eta armada ingeles eta portugaldarrek hiria hartu eta erre egin zuten. Igandean, abuztuaren 31n beteko dira 201 urte 1813ko gertaera lazgarri haietatik. Donostia Sutan elkarteak hainbat ekitaldi egingo ditu iragana gogoratzeko. Iñaki Egaña (Donostia, 1958) historialari eta elkarteko kideak hitzaldia emango du, esaterako, gaur San Telmo museoan, 19:00etan, garai hartako testigantzen inguruan.

1813koa zergatik izan zen Donostiako tragediarik handiena?

Hainbat erantzun egon daitezke. Bistan da Napoleonen garaiko gerraren azken aztarnak Donostian eta Irunen (Gipuzkoa) izan zirela, Iberiar penintsulatik ihesean joan zirenean. Baina zergatik suntsitu zuten Donostia? Batetik, setioa oso luzea izan zelako, bi hilabetekoa eta nolabaiteko mendekua hartu zuten Donostiako biztanleekiko. Bestetik, erantzukizun politikoa zegoen. Hogei urte lehenago Konbentzioko gerran Espainiako Gobernuak traizioa leporatu zien Donostiako eta Gipuzkoako agintariei. Horren ondorioetako bat izan zitekeen.

Egileek aitortu al zuten erasoaren erantzukizuna?

Historian beste hainbatetan gertatu den bezala, orduko hartan ere borreroek ezkutatu eta ukatu egin zuten egindakoa. Wellington ingelesa zen Espainiako aliatu nagusia. Berak zuzendu zuen Donostiako setioa. Bada, Wellingtonek Lesakatik (Nafarroa) hurrengo egunetan ukatu egin zuen haiek izan zirela eta frantsesei leporatu zien sutea. Oso bitxia izan zen. Espainiako aliatu nagusiek, alegia, ingelesek, portugaldarrek eta eskoziarrek hiria setiatu eta frantsesengandik askatu zuten, baina, era berean, Donostia suntsitu zuten.

Zer egin zuen Donostiako Udalak?

Egoera horretan, Donostiako Udalak eta inguruko herrietako udalek izugarrizko ahalegina egin zuten egia zabaltzeko. Bi enbaxadore bidali zituzten Europara. Bata Madrilera eta bestea Parisera eta Londresera. Horrez gain, lekukotasunak hartu zituzten epaile baten aurrean: 79 guztira. Helburua zen epaiketa bat egitea eta egindako kalte ekonomikoak berreskuratzea. Ez zuten xedea lortu; baina, etorkizunera begira, oso testigantza aberasgarriak utzi zituzten, egia esan.

Non gorde ziren lekukotasun horiek?

Donostiako Udal Artxiboan; kopia batzuk beste udal artxiboetan daude eta Foru Aldundiko Artxiboan. Asko zabaldu ziren lekukotasunak, nahiz eta oihartzun gutxi izan. Iaz, Donostiako Udalak berrargitaratu zituen liburu formatu batean, eta sarean daude bai euskaraz eta bai gazteleraz. Epailearen aurrera joan behar zutenean gazteleraz hitz egin behar zuten, eta bitxia da batzuk itzultzailearekin joan izana, euskaldun elebakarrak baitziren. Donostia herri oso euskalduna, langilea eta arrantzalea zen.

Zeintzuk dira testigantzarik gogorrenak?

Bortxaketenak. Asko ezkutuan geratu ziren, gainera. 79 lekukoen artean bi emakume bakarrik daude, eta horrek adierazten digu orduko gizartean andrazkoek zuten pisua. 1813an gertatutakoa ezagutzeko altxorrak dira testigantzak. Wellingtonek berak onartu zuen albo kalte batzuk egon zirela, baina askoz ere garrantzitsuagoa zen lortutako garaipena. Zoritxarrez, gaur egun ere, albo kalteez hitz egiten zaigunean ematen du bigarren mailako kontuak direla.

Iazko mendeurrenaren ondoren, zein ekitaldi egingo dituzue aurten?

Aurreko urteetan ohikoak diren ekitaldiak antolatu ditugu. Iazkoa berezia izan zen. Gaur hitzaldia emango dut San Telmo museoan, eta larunbatean omenaldia egingo dugu Plaza Berrian; kandelekin eta iazko antzerkiaren bideo emanaldiarekin. Horrez gain, Parte Zaharreko kaleetan erakusketa bat ere jarriko dugu.

Donostia Sutan elkarteak beti defendatu izan du gizarte zibilaren historia idatzi behar dela, agintarien historiatik kanpo.

Historia handiak izen batzuk utzi dizkigu, orain arte aipatu direnak: Wellington, Castaños, Alava… Borroka militarra bakarrik izan balitz bezala. Baina askoz ere gehiago izan zen. Gizarteak izugarrizko kaltea jasan zuen. Donostiaren benetako berreraikuntza harresia bota eta gero hasi zen, handik 60 urtera. Bolada horretan, pobrezia areagotu egin zen, eta txiroen eta aberatsen arteko aldea handitu.

Herrietako historiak zer garrantzi dauka Euskal Herriko historian?

Guk ematen dioguna. Ezin gara iraganaren preso ibili; baina, aldi berean, ezin dugu ukatu iraganeko seme-alabak garela. Izan zirenen ondorioz da herri hau gaur egun dena.