Arnold Von Harff, XV. Mendeko Bisitaria (I)

Bazen behin, XV. mende amaieran, leinu nobletik etorritako gazte ameslari bat, Alemaniako Bedburg herrian bizi zena. Herri hau Kolonia hiritik mendebaldera dago, 20 bat kilometrotara. Bertan kokatutako Harff gazteluan bizi zen gure protagonista, eta hortik zetorkion, hain zuzen ere, abizena: ARNOLD VON HARFF.

1496an, 25 urte zituela, erronka haundi bati ekitea erabaki zuen: Kristautasunaren 3 hiri nagusiak (Erroma, Jerusalen eta Santiago de Compostela, alegia) ezagutzea. Ez dakigu zeintzuk izan ziren horretara bultzatu zuten benetako arrazoiak (aipatu gabeko bekatu bat garbitzea agian?); baina, horren ostean, Kolonia inguruko hizkeraz (Kölsch delakoaz, alegia) idatzitako kontakizunak garai hartako euskarari, nahiz euskaldunen ohiturei eta egoera politikoari buruzko datu bitxiak utzi zizkigun.

Bidaiaren lehenengo zatia: Kolonia, Erroma, Jerusalen

Azaroaren 7an Koloniatik atera zen. Hegoaldeko bidea hartuta, Alpeak Fern mendatetik zeharkatu zituen (erromatarren Via Claudia Augusta erabiliz), eta Verona, Bologna eta Florentziatik igaro ondoren, Erromara iritsi zen. Hortik Veneziarantz jo zuen, itsasontziz Lurralde Saindurantz bidaiatzeko asmoz. Eta hala egin zuen 1497-ko otsailean.

Rodasen eta Kretan geldialdi pare bat egin eta gero, Alexandriara iritsi zen. Kairo eta Sinai mendipeko Katalina Deunaren monasterioa bisitatu ondoren, Jerusalenera ailegatu zen. Bere kontakizunaren atal honetan, idazleak Etiopia, Madagaskar, Meka eta Indiarainoko ustezko ibilbidea txertatzen du; baina, ikerlari gehienen ustez, hau idazlearen asmakizun bat da, bere garaiko kondairetan eta bidaiarien aipuetan oinarriturik.

Arnold von Harffek bere bidaia jarraitu zuen, iparralderantz. Damasko eta Antiokia bisitatu ondoren, Armenia eta Anatoliako goi-lautada zeharkatu zituen, Konstantinoplara iritsi arte. Eta hemendik zuzen-zuzenean mendebaldera jo zuen, Balkanetan, Italiako iparraldean eta Proventzan barrena…. dat lant van Pascaien-era heldu arte.

Arnold von Harff “Pascaien”-en lurretan, joaneko bidaian

Joaneko bidean, gure protagonistak Done Jakueren Frantses Bidea delakoa jarraitu zuen (Donibane Garazi, Iruñea, Logroño…), Burgosera iritsi arte. Itzulerakoan, berriz, San Adriango bidea delakoa hartu zuen, Burgosetik Bureba, Arabar Lautada, Oria Ibarra eta Lapurdi zeharkatuz, Baionatik aurrera Gaskoniako Landetan barrena sartu arte.

Ekialdetik hurbildu zitzaigun, beraz, gure bisitaria. Marsiack (Marciac) eta Male burget (Maubourguet)  herrien artean aipatzen du nola Berne-n (Biarnon, alegia) sartzen den, eta nola bertan Nafarroako erregea (koeninck van Nauarnien) nagusi zen, Foixen (Foiss) bezalaxe. Gogorarazi behar dugu 1484tik Nafarroako errege ezkontidea Jean d´Albret zela, eta Biarnoko bizkondea ere bazela. Morlaàs-etik (Paue ondoan) pasatu zen eta,  Lugane (gave de Pau edo Paueko uhaitza) ibaiari jarraituz, Ortes (Orthez)-era iritsi zen.

Hemendik aurrera, hegoaldera jo zuen, Done Jakueren bidearekin batera. Horrela, Oriongo ospitaletik igaro zen, Saluaterra (Sauveterre-de-Bearn)-ra iritsi baino lehen. Hemen aipatzen du nola Jasconien (Gaskonia) amaitzen den, eta dat lant van Pascaien hasten den.

Ondoren ikusiko dugun bezala, esamolde hau (Pascaien) erabiltzerakoan, hizkuntzaz ari da batez ere gure idazlea. Izan ere, bere kronikan zehar, hainbat aldiz, lekuz lekuko hizkuntzaz ohartzen da, eta hainbat hizkuntzen hiztegi laburrak bildu zituen. Leku bakoitzean ordaindu behar ziren zergak ere arretaz zerrendatzen du bidai osoan zehar.

Sauveterreren ostean, Donapaleutik (Sent Paley), Izuratik (Astabat) eta Donibane Garazitik (Sent Johanne de Pede Port) pasatu zen.  Hemen Nafarroako erregeari ordaindu behar zitzaion neurriz kanpoko zerga salatzen du, kristautasunean naiz herrialde musulmanetan inoiz halakorik ordaindu behar izan ez zuelakoan. Lerro hauek XII. mendean Aymeric Picaudek Codex Calixtinus-en eginiko antzeko adierazpen ankerrak burura ekartzen dizkigute… badirudi gure arbasoak bereziki zorrotzak zirela bidaiariengandik sosak lortzen!!

Jarraian, Orreagatik, Auritzetik, Zubiritik eta Larrasoañatik igaro zen gure erromesa, Iruñera (Pampalonia) iritsi arte. Adierazgarria da nola, Iruñera iristean, euskaldunei (Pascayen) buruzko azalpen mamitsuak garatzen dituen. Argi dago bidaiari honentzako Iruñearen euskaltasuna agerizkoa zela…. Ziurenik, gaur bere liburua legez kanpo jarriko luke Iribas jaunak.

http://martinttipia.com/2014/10/24/arnold-von-harff-xv-mendeko-bisitaria-i/