Arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea

Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea». Izenburu hau duen elkarrizketa Euskonews-en irakurri nuen. Ale hark Euskal Herriko zientzialariekiko harrotasuna erakusten zuen. Zientzialari euskaldun bati izenburu hori zuen egindako elkarrizketa zekarren. Iruña-Veleiarekin pentsatu nuen berehala. Politikari batek ikerketa zientifikoa itxita zegoela esan zuen aferaren hasieran. Etena eman zion politiko hark hasten ari zen ikerketa zientifikoari. Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da. Nola liteke? Baliteke pertsonaia hura politikoa eta ez zientzialaria izateagatik gertatu izana. No se le puede pedir peras al olmo.

Grafitoak aztertzeko sortu zen Komisio Zientifiko hartan, baina, madaririk eskatu ezin zaion politikoa buru zegoen komisio hartan, beste kideak ez ziren politikoak, zientzialariak baizik. Nola liteke, beraz, beraiek ere bukatutzat ematea une horretan hasi beharreko ikerketa zientifikoa? Auzia epaitegietan dago oraindik, erabakirik ez da hartu, grafitoak benetakoak direla pentsatzen duenik badago; faltsuak direla esan zutenei eta faltsutasun hura frogatuko luketen haiek emandako argudioei erantzun zitzaien. Zalantza bat egonez gero, txikiena bada ere, nola liteke gaiaren jarraikitasunari ez eustea zientzialaritzat jotzen direnen artean? Ez al da zalantza zientziaren hazia?

Baten batek esango du urtarrilean egunkarietan irakurri zuela Madrilgo laborategi batean analitikak egin zitzaizkiela behingoz grafito madarikatuei eta modernoak zirela ondorioztatuta zegoela. Prentsaren bonba mediatiko horri ere erantzun zaio, baina: azaroaren 17an Gasteizen SOS Iruña-Veleiak emandako hitzaldian analitika faltsu horien berri izan genuen. Koenraad Van den Driesschek Madrilgo laborategiko analisiei buruz esandakoa egia bada… pentsatu beharra izango dugu ez Euskal Herrian ez Madrilen, Iruña-Veleiako aferari irtenbiderik ez zaiola aurkitu nahi.

Jarraikitasuna, Van den Driessche-rena. Egiaren atzean sei urtean ia lorik egin ez duen zientzialaria Zientziaren izenean lan itzela eta jarraia egiten duen Belgikako geologoarena bai jarraikitasuna. Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea. Zientzia egiteko borondaterik egon ez bitartean, harrokeria jo beharko da Euskal Herriak bere zientzialariekiko duen ikuspuntu itsua eta harrotua.

Berria