Zuk ingelesez, guk zergatik ez?

Kanpoko sorkuntzatik ere edan du euskal kulturak. Inspirazio iturri izan dira, adibidez, Ingalaterrako eta AEBetako folka, rock-a edota punk-a. Baina, hamarkada anitzetan zehar, euskal artistek erakutsi dute euskaraz kanta daitekeela genero horietan, ez dela ingelesera jo beharrik. Joera berri bat ageri da, ordea, azken urteetan, musikari gazteen artean: gero eta gehiagok ingelesez kantatzeko hautua egin dute.

Hari mutur asko eskaintzen ditu Ion Andoni Del Amoren doktore tesi interesgarriak. Besteak beste, ingelesez kantatzearen kontu hori ere aipatzen du. Ingelesa lehenesten duen talde batek aipatu dio bere ikusmoldea: euskarazko hitzak idatziz, askoz «biluziago» sentitzen omen da, eta ingelesez kantatzean ez omen zaio iruditzen bere buruaz ari dela. Beste batzuek diote errazago zaiela ingelesezko kantuak idaztea, silaba gutxiagoko hitzak dauzkalako, euskararekin konparatuz. Halaber, hainbatek aipatu dituzte euskal musikaren «ajeak»: euskarazko kantuek maila literario jasoa behar omen dute beti; eta baita mezu politikoa ere (nahiz eta leloak musikatzera mugatu, zenbaitek diotenaren arabera). Non bukatzen da egia? Non hasten dira topikoak? Argi dagoena da gogoeta sakon anitz eta hausnarketarako gaia eskaintzen duela lan horrek.

Aldi berean, euskal musikaren presentzia anitz apaldu da irratietan eta, bereziki, tabernetan. Jendeak «ongi pasa» nahi omen du, eta «ongi pasatzeko» biderik ez bide du eskaintzen euskarazko musikak. Eta horrela zabaldu da reggaeton estiloa, Karidadeko Benta taldearen Belaunaldia kantuak bikainki azaltzen duen bilakaeraren sinbolo gisa. Eta musika horrekin, bereziki espainola da gure artean nagusitzen den hizkuntza. Berriz ere.

Ingelesezkoek prestigio gehiago ematen dutelakoan eta espainolezkoak alaiagoak direlakoan, euskara bi hizkuntza hegemonikoren biktima da. Oraino ere. Europa iparraldeko estatuak ere kezkatzen hasiak dira, gero eta zailagoa delako hango hizkuntzetan kantatzen duten taldeak aurkitzea. Euskal Herria ez da horretara heldu, oraino. Baina ez dirudi bide onetik dabilenik.

Bakoitza libre da nahi duen hizkuntzan kantatzeko, eta nahi duen musika entzuteko. Bistan da. Baina hizkuntza horiek, diren bi horiek direlako, euskararentzat mehatxu bihur daitezke, laster. Ingelesa ez da euskararen zuzeneko mehatxua, baina Euskal Herrian ez ditu hainbeste espainola eta frantsesa ahultzen, bai, ordea, euskara, jadanik minorizatua delako.

Gertatzen dena da, Del Amoren tesian agertzen den bezala, anitzentzat gatazka «bukatua» dela eta beraz, euskaraz eta politikaz kantatzeko edo entzuteko «behar» edo «presio» hori ere desagertu dela. Halaber, euskara —Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki— normalizatu da: ofiziala da, ez da aldarrikatzeko beharrik sentitzen… Ikastolako hizkuntza da, baina ez lagun-artekoa, ez dibertitzekoa, ez kultura kontsumitzekoa…

Euskara baztertu duten euskaldun horiei leporatu behar ote zaie? Berriz ere solas zaharra dator gurera: zibilizatua izan nahi bazen, euskara ukatu behar zen, frantsesaren edo espainolaren mesedetan. Orain ere ez ote gara antzeko zerbait bizitzen ari, euskal kultura gutxietsiz eta ingelesa goratuz, espainola eta frantsesa entzuten ditugun bitartean?

Gure kulturak ez du besteenak baino gutxiago balio. Zabaltzeko baliabide gutxiago dauzka. Hori da arazoa. Boterea ez dauka herri honek; estatuek eta multinazionalek daukate.

Horregatik da zapaldua gure hizkuntza, eta oraino ere sinetsarazten digute ez digula balio mundu honetan zerbait lortzeko.

BERRIA