Euskara herri eta hiriburu

Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilera egingo dute 2016ko abenduan. Non eta Donostian. Noiz eta Donostiaren Europako kultur hiriburutza baliatuz. Hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeko protokolo bat landuko dute aurretik, eta aurkeztuko dute bertan, gero munduan zabaltzeko eta tresna eraginkor izateko asmoz. Donostiako agiriarekin ordezkatu nahi dute 1996an Bartzelonan onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Helburu handiak, hizkuntza kontuetan ere bermea eta eraginkortasuna hizkuntza handiei eta menperatzaileei lotuta agertu ohi baitira.
Ez da kasualitatea Espainiako Gobernuak auzitara eraman izana Donostia 2016 fundazioaren patronatuak Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena goi bilera antolatzeko. Eusko Jaurlaritza ere itunaren kontra dago. Berez, helegitea hitzarmenaren kontrakoa da, baina praktikan, Espainiak ohi duen moduan, hizkuntza aniztasunaren eta berdintasunaren kontrakotzat har daiteke. Batzuek inolako erreparorik gabe pentsatzen eta sinesten baitute izan daitekeela kultur hiriburu bertako kultura zokoratuz eta anekdota kitsch bihurtuz.
Kontseilua eta kultur hiriburutzaren fundazioa dira goi bileraren sustatzaileak. Gaur aurkeztuko dute, Korrika bukatu eta bi egunera. Protokoloaren zain egon gabe ere, ona litzateke denek Lorea Agirrek aurtengo Korrikarako idatzitako mezua irakurri, aintzat hartu eta indarrean jartzea.

BERRIA