(hispano) Zentrismoa

Orain Hego Euskal Herriaren gehiengo zabalak erabakitzeko eskubidearen alde egin duela, orain Madril eta Bartzelona ETAk irabazi dituela, orain aldaketa pobreen ahotan dabilela eta alderdien muina dela, orain guztiok aldaketa bozkatu dugula; orain, aldaketa zentrokoa egin zaigu, konbentzionala, errepikakorra eta moderatua.

Ez, ez naiz ari Nafarroa Garaiari buruz (zorionekoak guztiak), Aristotelesi buruz baizik. Aristotelesek zioen moderazioa beti dela ona, moderazioa zentroa delako eta zentroa beti da egokiena, muturretatik urrunen dagoen kokagunea baita, eta muturrak beti dira desegokiak, definizioz baita muturra gehiegikeria, ertz, periferia. Erretorika esaten zitzaion horri orain dela gutxi arte, argudioen bidezko pertsuasioaren artea, orain zentrismo du izena, isilik egon gabe ezer ez esatearen artea. Diskurtsoen homogeneizazioan, programatizazioan, konbentzioaren birteorizazioan eta prozesu historikoen erlatibizazioan datza. Laburbilduz, eskuinaren garaipen diskurtsiboa da zentrismoa.
Ezkerra (ez naiz alderdiez ari) borroka politikoa galtzen ari da Euskal Herrian, Europa barne, zentzuaren (diskurtsoaren) borroka galtzen ari delako (bueno, eta dirurik ez duelako). Ezkerraren krisiaz ari naiz, boterea (denbora, espazioa eta prestigioa barne) birbanatzea helburu duten diskurtso eta praktika multzoez, alegia. Eskuinaren garaipena da, espektro politiko osoa eskuinerantz mugitzen duelako zentrismoaren ideologiak: lehen eskuin-muturra zena orain eskuina da, eskuina zena orain zentroa da eta ezkerra zena orain ezker-muturra da. Eta muturrak, gogoratu Erretorika, beti dira desegokiak.
Alderdi tradizional guztiek (konbentzionalak, errepikakorrak eta moderatuak direnak) aldaketa aldarrikatzen dutenean (hauteskunde hauetan bezala), aldaketa konbentzionala, errepikakorra eta moderatua izango da. Bai, badakigu gizartea errepikakorra, konbentzionala eta moderatua dela baina, nire lehen galdera, zenbateraino (erantzuna ez da bai ala ez, baizik zenbateraino: noiz, nola, non) egokitu behar du ezkerrak bere diskurtsoa gizarteak duen moderazio eta konbentzionalismorako joerara, hura eraldatu nahi baldin badu?
Komunismoak oso ondo landu zuen gai hori, Gatopardo-k bezalaxe, guztiz kontrakoa lortzeko azken horrek (dena aldatu ezer ez aldatzeko). Eta Gatopardo-z ari garela, EAJk hauteskundeak berriro irabazi dituela aipatu beharko da. Are gehiago, abertzaleek irabazi dituztela berriro. Are-are gehiago, erabakitzeko eskubideak irabazi duela, hein handi batean estatu-mailako alderdi tradizionalak geldo baina etenik gabe desagertze bidean daudelako. Ados. Baina abertzaleen eta zehazki EAJren garaipen eternala, ez koiunturala, azaltzeko, uste dut ez dela nahikoa PPren beherakada jarraitua argudiatzea, Bilduren desgastea, atez atekoa… edota bozkatzaileen argudioak, hau da, EAJren zintzotasuna, kudeaketa, moderazioa, 5. kontenedorea eta eraginkortasuna. Erantzun horiek interesgarriak dira, hain justu, esaten ez dutenagatik: EAJren azken hiru hamarkadetako garaipenaren arrazoi nagusietakoa ez da berez EAJ. Espainia baizik. EAJk ez du kudeatzaile onenak direlako irabazten, espainiar gobernu guztiekin alderatuta kudeatzaile oso onak izan direlako baizik. EAJk ez du ondraduena delako irabazten. Espainiar alderdiekin alderatuta oso-oso ondradua izan delako baizik. EAJk ez du berriro ere euskal langileria klasearen boza jasotzen sozialdemokrata bilakatu delako, espainiar alderdiekin alderatuta sozialdemokrata izan delako baizik, etab. Politika alderatuan dago gakoa.
Hego Euskal Herriko gizartearen gehiengo oso handiak Espainia du erreferentziatzat (LaSexta, Telecinco, Correo, Diario Vasco, ETB…), ez Euskal Herria, are gutxiago Alemania, Finlandia edo Norvegia. Nire bigarren galdera: nola deseraiki beti irabazle den mentalitate hispanozentrikoa? Horrek bai ekarriko lukeela aldaketa.

Berria