Ekainaren 27an eginen da Noaingo batailaren martxa

Nabarralderen ekimen honek gogorarazi nahi du orain 500 urte Nafarroak ez zuela bere etorkizuna erabaki: 1515eko ekainaren 11n Nafarroaren konkistaren alderdi juridikoa formalizatu zuten gaztelarrek Burgosen.

 

 

gsdg

Udalbideren irudia. | Argazki originala


Datorren ekainaren 27an Noaingo martxa eginen da, Iruñeko Getzetik Iruñeko Burgoen plazaraino. Martxa honetan, 1521ean nafar gudarosteak gaztelar armadaren aurka pairatu zuen porrota gogoratzen da. Orduko hura Nafarroak bere independentzia berreskuratzeko 3. saioa izan zen; eta azkena.

«Martxa honetan Nafarroak bere etorkizuna erabaki ez zuela aldarrikatuko da, eta aldaketa giroa usaintzen den honetan, nora goazen erabaki nahi dugula», nabarmendu dute Nabarraldeko ordezkariek.

 

Ekainaren 27an, goizeko 9:30ean Getzen elkartuko dira parte hartzaileak. 10:00etan martxa abiatuko da  da Ulibarrenaren monumentutik eta 13:30tan Iruñeko Burgoen Plazan eginen da amaierako ekitaldia Ortzadar eta Iruña Taldea taldeen dantza emanaldiekin eta ondoren herri bazkaria eginen da.
Aurten luxuzko pregoilaria izanen da Noaingo martxan: Fredi Paia bertsolaria, Bizkaiko txapelduna eta urte luzez Nabarralderen lagun eta lankide izan dena. Fredik eramanen du makila martxaren azken txanda.

 

Martxa baino lehenago, ekainaren 22tik 26ra, hitzaldi zikloa eginen da Iruñeko Kondestablearen jauregian; besteak beste Xabier Irujo (Gernika 1937, genozidio kulturala), Paula Kasares (Iruñeko euskaldunak, lehengoak eta oraingoak), Pello Iraizoz (Iruñea, izanaren hondamendia), Víctor Manuel Egia Astibia (Nafarroaren industri ondarea) eta Mikel Sorauren (Iruñea, euskaldunon hiriburu historikoa) arituko dira hizlari.

Nafarroak ez zuen erabaki

Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak azaldu duenez “1515eko ekainaren 11n, orain 500 urte hain juxtu, Nafarroaren konkistaren alderdi juridikoa formalizatu zuten gaztelarrek. Burgosen –ez Nafarroan– Gaztelako Gorteek –ez Nafarroakoek– gure aberria haiena zela erabaki zuten, Erromako Aita Sainduak halaxe esan zuelako. Literalki. Albako dukeak zeremonia handiz jakinarazi zuen, erregearen aginduz. Ex professo 3 urte lehenago egindako gerra ekintzari legitimotasuna emateko. Gaur egun arte mantendu den agintearen egitea izan zen. Eta erakunde ofizial arrotz horrek hartu zuen erabakia nafarren iritzia aintzat hartu gabe. Burgoseko Gorteetan ez zegoen nafar bat bera ere ez.

Dakienarentzat, hitz erdi bat nahikoa. Nafarroako estatu independentearen okupazioa ekintza bidegabea eta ez legitimoa zela frogatzen du argi guztietara Burgoseko Gorteetan hartu zen erabakiak. Hala edo nola, indarkeria ekintza bati itxura juridikoa eman behar zitzaion, nazioartean errespetatua izan zedin. Eta horrek badu bere garrantzia, inperioren erabaki horrek gure etorkizuna baldintzatu baitu, gure historia moldatu, eta ustelkeria, menderatze eta basakeriaren makinarian sartu gaitu (Amerikaren konkista, 36ko zorigaitzak eta Barcina) gaur egun arte”.

Euskalerria Irratia 2015-06-09

http://euskalerriairratia.eus/irunerria/1433873386647