Biteri kultur etxean izango da Pello Zabala

biteri1

«Euskal musika oso potentea izan da, Europa mailan ere»

  • Hitzaldia eskainiko du Pello Zabalak, asteazkenean, Hernaniko Biteri kultur etxean: ‘Euskal musika eta dantza munduan zehar’.
  • «Inon idatzita ez dagoena azaleratzeko asmoz», hitzaldia es­kainiko du Pello Zabalak, datorren asteazkenean, Hernaniko Biteri kultur etxean: Euskal mu­sika eta dantza munduan zehar. Arratsaldeko 19:30etan izango da hori, Hernani Errotzenek antolatuta.
    Bertan landuko du Zabalak, euskal kulturaren historia, eta munduko musika eta dantzari egin dion ekarpena: «Europa mailan oso potenteak izan dira euskal musika eta dantza. Na­barmentzekoak dira, esaterako, Pariseko balletean, aurreneko dantzariak Iruñatik joandakoak izan zirela; edota partitura musikaletako puntilloa, Iruñan asmatu zutela. Gauza bitxiak dira, eta erakusten dute nolako indarra zeukan euskal kulturak, Europa mailan ere», azaldu dio Zabalak, Kronikari.
    «Euskal musika oso tapatuta egon da; baina bazegoen, eta oso aberatsa»
    Zabalak dio, «Espainiak oso tapatuta eta ezkutuan» eduki izan duela euskal musika, historian zehar: «ematen du, ez dela euskal musikarik izan; baina egon, bazegoen, eta oso aberatsa gainera».
    Are gehiago, azpimarratu nahi izan du, azken urteotan Espainian aritu izan diren ma­estro gehienak, euskaldunak izan direla.

Arantzazuko egutegitik, ikerketa sakonagora
Zabalak berak onartu du, asmoa ez zela ikerketa lan bat egitea, euskal musika eta dan­tzaren historiaz informazioa biltzen hasi zenean: «berez, Arantzazuko egutegian jartzeko zen, pentsa! Baina informazioa biltzen hasi nintzenean, konturatu nintzen zerbait sa­konagoa egiteko informazioa bazegoela», kontatu du.
Handik eta hemendik bilatuz, hari muturretatik tiratuz bildu zuen informazioa, Pello Zabalak. Eta horrekin, hitzalditxoak eman zituen, eta baita artikulu bat argitaratu ere, herria 2000 eliza aldizkarian: Gure musika kultura.
Bertan aipatzen du Zabalak, besteak beste, Nafarroa Behe­re­ko Isturitzen topatu zela, 1921ean, ezagutzen den flauta zaharrena, 20.000 urtetik gora dituena: «ahotsa bai, baina artean hitzik apenas omen zutenean, bazuten doinurik eta dantza saltorik», dio Zabalak.
«Oso gai interesgarria da, eus­kal musika eta dantzaren historiarena», onartu du be­rak. Guztiei luzatu die gonbitea.

http://www.kronika.eus/albisteak/hernani/albistea/2016/11/12/eff3145660373/euskal-musika-oso-potentea-izan-da-europa-mailan-ere/?azpimarratu=pello%20zabala