1936ko azaroaren 16a. Asurmendi In Memorian

Azaroaren 16a aukeratu du Iruñeko Udalak erorien monumentu iraingarrian dauden gorpuak behin betiko ateratzeko. Data horrek ez dio ezer esango erabakia hartu duen inori, baina Iruñeko hogeiren bat familientzat bada esanguratsua. Egun horretako goizeko seietan hogei preso «askatu» zituzten Iruñeko kartzelan: Jose Maria Asurmendi, Joaquin Nagore, Lorenzo Yoldi, Antonio Laguardia, Antonio Bubea, Juan Perez, Francisco Escudero, Eladio Zaro, Fermin Etxarren, Francisco Arbeloa, Pedro Belloso, Jose Catalan, Cipriano Daroca, Juan Goikoetxea, Armando Gravalos, Luis Guillo, Victor Pascual. Isidro Pidal eta Calixto Rojo. Egun bertsutan beste batzuk «askatu» zituzten eta Ultzamako Orgin akabatu eta lurperatu, ziur aski Gipuzkoa menperatzeko borroketan preso hartutakoak, haien familiak deus ere jakin gabe. Epaiketarik gabe, hogei familia baino gehiago ehorzterik gabeko doluan. Haien gorpu batzuk 1970eko hamarraldian atera ziren argira. Gainontzekoak… haien bila gabiltza oraino: ez da dolurik izan familientzat.

Egun, osaba Jose Mariren familia osoa zendu da ama izan ezik. Haren izenean eta amatxiren izenean eskerrak eman nahi dizkiot Iruñeko Udalari, aurreko berrogei urteetan Iruñeko boterea eskuetan izan duten horiek egin nahi izan ez dutena ausardiaz egiteagatik. Historia ezin da aldatu, baina guk egiten duguna ere historia da. Eta zentzu horretan eskerrak eman nahi dizkiot (zergatik ez?) Molaren familiari, eragozpenik jarri gabe haren gorpuzkiak ateratzeagatik, krudelkeriaren goraipamena den kripta hori eraisten hasteko. Kontrara, terrorearen sinboloak diren horiek mantentzen tematzen diren horiek eta sinbolo horien esanahia urtero berritzen dutenak kriminalen alde jartzen dira. Horiek ere historia egiten ari dira: herri baten historia beltza. Lurra arina izan zaizula zioten epitafio erromatarrek. Egun, gure hildakoen gainean zegoen harlauza pisutsua arinagoa da. Eskerrik asko, Iruñeko Udala.

BERRIA