Jean – Louis Davant: “Ene bi pasioak poesia eta historia dira eta pastoralean biak ezkontzen dira”

Eusko Ikaskuntzak 2016ko Manuel Lekuona saria eman dio idazle, kulturgile eta euskaltzainari. Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan egingo dute

davantpiedra1

Jean – Louis Davant.

 

Euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lan baliotsuagatik merezitako omenaldia jasoko du Jean-Louis Davant zuberotarrak. “Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin”, aipatu du Eusko Ikaskuntzaren epaimahaiak. Ustekabean baina pozik hartu du Davantek izendapena. Politikari eta gizarte gaiei beti adi, Zuberoan euskaltzale izateak dakartzan nekeak ezagutu ditu. Hala ere, etorkizunari baikortasunez begiratu behar zaiola uste du.
Eusko Ikaskuntzak “euskara eta euskal kultura indarberritzeko egindako esfortzuagatik” saritu zaitu. Nola hartu duzu zuk izendapena?
Sorpresaz, ustekabea izan da, lehiakide handiak bainituen. Pozik ere bai, noski, opari eder bat bezala hartu dut. Nik ezin dut erran meriturik egin dudan ala ez, baina asko mugitu naiz. Zer balio duen horrek, besteek erran behar dute.
Nola ikusten duzu euskara gaur egun Zuberoan?
Ezkorra naiz. Baina hori bagenekien hastetik, horretarako hasi ginen lanean. Sumatzen genuen beherakada handia etorriko zela eta horretarako sartu ginen militantzian, bai kulturan, bai politikan. Orduan asmatzen ez genituen gorapenak ere gertatu dira, adibidez, ikastolen lan izugarria. Horrek fruituak eman ditu. Beraz, izan da aurreikusitako beherakada hori, baina ustekabeko gorakada ere bai. Gero, botere publikoen laguntza oso berandu etorri zaigu, uste genuen lehenago eta azkarrago mugituko zirela.
Belaunaldi berriak dira etorkizunaren berme. Zuberoan gazteak ari dira euskaraz?
Orokorrean ez, ikastolakoak ari dira. Etxe ba-tzuetan euskara atxiki dute. Bestalde, irakaskuntza publikoan ere badaude gela elebidunak eta eskola katolikoan ere bai, baina hor ordu gutxiegi dira euskara ongi ikasteko eta egunero mintzatzeko. Ikastolakoek bai, ondo ikasten dute.
Askotan aipatzen da, euskara bultzatzeko Hego Euskal Herritik edo Baionatik datozen politikak ez direla Zuberoako errealitatera egokitzen. Zer neurri lirateke aproposak?
Aurrera egin behar da, ez da mirarizko irtenbiderik. Zuberoako euskaltzaleak Euskal Herri guztikoekin ari dira. Euskara batuko grafia zubereran sartua da, denek erabiltzen dute. Zuberoa besteekin batera doa, baina mugako herrialdea da, beraz, hemen eta itsasaldean lan bereziak egin behar dira.
Maule, gainera, Paris txiki bat bezala portatu da. Hango jauneria frantximanta izan da II. Mundu Gerraz geroztik eta maisuek frantsesa zabaldu dute. Baina orain, Maulen ere euskara bizi da, auzapez euskalduna eta euskaltzalea du. Pastoralak erakutsi du Maulen badela Zuberoan non-nahi baino euskaldun gehiago, baina lehen ez ziren agertzen.
Zuberoa herri txikia izanagatik, herritarrek antolakuntzarako gaitasun handia dute: Pastoralak, maskaradak… horrek lagunduko du euskal kultura hedatzeko lanean?
Bai, bai. Eta bereziki pastoralak eragin handia du. Hor, bistan da, oholtzan mintzatzen direnak euskaldunak dira. Euskaraz ez dakienak bertso bat eduki dezake, eta puntu. Gehien kantatzen dutenak euskaldunak dira eta, gero eta gehiago, ikastolatik pasatakoak. Erraterako, datorren neguan, maskarada Ezpeize herriaren inguruan emanen da. Hor, beltzeria, bertsoak dituen aldea, ikastolatik jalgitzen dena da. Gisa batez, euskaltzaleak dira. Euskaraz ongi mintzatzen dira taldea animatzen dutenak. Hori gertatzen da beste gai askotan: Aber-tzaleak ikusten ditut denen animatzen. Politikan ere, joera euskaltzale bat agertu da hautetsien artean. Zuberoan mugitzen direnek, bederen, Euskal Herriari begiratzen diote, ez lehen bezala, Biarnoko jauntxoen azpiko.
Zerk bultzatzen zaitu pastoralak idaztera?
Lehendabizikoa Anton Abadia jakintsuaz ida-tzi nuen eta hor pastoralak idazteko pasioa bildu nuen. Geroztik, afizioz ere idatzi ditut. Heroi baikor bat behar dut, maita dezakedana. Maite ez dudan batez ezin dut pastoralik idatzi. Pertsonaia eraginkorra izan behar du, gerra-gizona baldin bada ez dit balio, baina gerra-gizon horrek gauza interesgarriak egin baditu, orduan bai.
Modernitatera bidean, zer berritasun dira egokiak pastoralak aurrera egin dezan?
Garai bakoitzean aldian-aldikoa egiten da eta beti agertzen dira berritzapenak. Gehiegi ere ez da behar, kirurgiarik ez da behar, homeopatiaz jokatu behar da, berritasunak tradizioan ongi txertatuz. Oroz gainetik, historia bat kontatu behar da ahal bezain ongi eta euskara onean, jendeak uler dezan. Hizkuntzaren musika bat behar da, pastorala ez da irakurtzeko idatzi behar, baina bai erraz entzuteko. Istorioa nahikoa arinki idatzi behar da, xehetasunetan gehiegi sartu gabe. Nik beti, libretoaren bukaeran heroiaren bizia kontatzen dut. Ba-tzuk ez daude ados, diote hori piezan agertu behar dela. Baina nik diot ezin dela dena kontatu. Pastorala literatura da, erromantizismo puska batekin. Oroz gainetik, historia eder bat ongi kontatu behar da.
2015eko pastorala, Pierre Lhanderen gainekoa, frantsesez idatzi zen, gero euskarara itzuli. Zeuk ere bazenuen pastoral horretarako testu bat ida-tzia, baina ez zizuten onartu. Nola bizi izan zenituen gorabehera haiek?
Lehenik, ni zoratu egin ninduten, argi eta garbi. Auzapezak nire testua onartu eta hura bultzatzeko ardura hartu zuen. Gero, klerikalegia zelakoan, antolatzaile batzuek baztertu egin zuten. Tira, bizitzan halakoak badira, gorabeherak, eta hori beherakada izan zen.
Frantsesetik euskarara pasatzeko, itzultzailea franko urrundu zen jatorrizko testutik eta, gero, berari ezer erran gabe, aldaketak sartu zizkioten. Itzultzailearekin ere haserretu ziren. Beraz, ez dut uste berriz norbait hasiko denik ber gauza egiten, libretoa bi hizkuntzatan. Jendea harritu zen hura ikustean, frantsesez eta euskaraz gauza arras diferenteak erraten ziren! Pastoral polita izan zen, dantzari eta kantari onekin, baina pastorala pixka bat ezagutzen dutenek gustu gazi-gozo bat atxiki dute.
Poesia ere idazten duzu, pastoralez gain. Barruko sentimentuen ihesbide duzu poesia?
Bai, poesia ihesbide da niretzat eta gehienik idatzi dut lanpetua naizelarik. Poesia idaztea edonoiz egin dezakezu, paper puska batean mezu batzuk hasi eta gero etxean horiek osatu nahi duzun gisan. Askatasunaren eremua da, nahi duzunaz mintzatzen ahal zara, nahi duzun bezala. Poesia plazera da. Pastorala ere bai, baina pastorala maratoia duzu eta poesia, aldiz, atsegin momentuak dira. Lan pixka bat ere badu, noski. Paul Valery poeta eta pentsalari handiak zioen inspirazioak lehen neurti-tza ematen dizula eta gero zuk landu behar duzula beste guzia. Lan goxoa da, halere.
Gaur egun baduzu proiekturik esku artean?
Ene bi pasioak izan dira beti poesia eta historia. Pastoralean biak ezkontzen dira. Orain, historia lan bat egiten ari naiz, zeren Paueko etxe batek eskatu dit Euskal Herriko historia txiki baten idaztea. Frantsesez, bistan da. Pentsatzen dut datorren martxoan aterako dela.
Arantzazun, 1968an, euskara batuaren alde zinen zu. Batzuek oraindik ez dute ikusten batuaren beharra.
Horiek ez dute ezer ulertu. Uste dute batua sartu nahi dugula tokiko euskararen lekuan. Baina euskaltzaleek badakite ez dela hala. Zubererak bere lekua atxikitzen du baina batuari esker beste euskaldun guztiekin gurutzatzen ahal gara, denek elkar ulertzen dugu. Gero, goi mailako gaietan batuaren beharra dugu. Zubereraz hitz berriak batutik hartzen ditugu. Ni olerkiak idazten gusturago nago batuan, hor edozein hitz hartzen ahal dut, Zuberoatik, Bizkaitik… adibidez errima  batean gabe eta dabe parean jartzen ahal ditut. Batuak zerumuga zabaltzen digu eta maila goratzen. Zubereraz gai mugatuak lantzen ditugu. Zientzietan euskaraz egiteko, batura jo behar dugu.
Gizarte eta politika gaiek kezkatzen zaituzte eta militante ere izan zinen hainbat mugimendutan. Kulturgileak derrigorrez behar du engaiatua?
Ez dakit, ni hala naiz. Besteei ez diet erranen zer egin behar duten, gauza delikatua da. Ni euskaltzale izan naiz gaztaroan, gero ohartu naiz nolako mugak zituen orduan egiten genuen kultur lanak. Horrek politikaren babesa behar zuen baina politikan ez genuen arrakastarik eduki. Kulturan aurrera egin dugu askoz ere gehiago, gusturago nago kulturako lanetan. Ez naiz politika gizona, politika gauza gogorra da, bereziki minorian dagoen mugimendu batentzat. Politika armarik gabeko gerra duzu. Gerora politikak ere bere fruitua eman du, horren lekuko da Iparraldeko hautetsiek egin duten bidea, herri elkargo bakarra sortzeko. Urrats handia egin da. Gaizkiago izan gara; beraz, hobera goaz.
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko aldea handitzen ala txikitzen sumatzen duzu?
Euskaltzaleen artean aldea txikitzen ari da, baina jende arruntaren artean harreman gehiago behar litzateke. Eta euskaraz gehiago egin. Askok badaki euskaraz eta ez du erabiltzen. Batek euskaraz ez dakielarik, ez omen da polit hari euskaraz egitea, baina behar genuke. Iparraldearen eta Hegoaldearen ordez, hiru eremu ikusten ditut: Iparraldea, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa. Lurralde horietarik bakoitzak behar du bere taktika berezia, beti ere elkarlanera bideratuz. Elkarrekin orain baino lan gehiago eta hobeki egin behar lukete.

 

DEIA