‘Atxorrotxeko gaztelua’ dokumentalaren teaser aurkezpena egin dute

Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak egin berri duten Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik dokumentalaren teaserra aurkeztu dute gaur, Ibarraundi museoan. Aurkezpenean, Angel Rekalde (Nabarralde Fundazioa), Beñi Agirre (historialaria), Joserra Zubizarreta (Eskoriatzako alkatea) eta Ibarraundi museoko Nerea Arana ordezkaria izan dira.

Dokumentalaren funtsa, 1.200 urteko gaztelarren konkistaren aurreko Gipuzkoaren eraketa azaltzea da. Gaztelarren jazarpena gertatu aurretik hiru nafar tenentziek osatzen zuten egun Gipuzkoa bezala ezagutzen dugun lurraldea. Hiru tenentzia horiek Ipuzkoa, San Sebastian de Hernani eta Aizorrotz ziren. Azken honek berebiziko garrantzia zuen Nafarroako erresumaren baitan, Arabako lautada eta penintsularen barrualdea itsasoarekin eta Akitaniarekin konektatzen zuen bidea gordetzen baitzuen.

Ondarea berreskuratzea helburu

Aurkezpenean, Angel Rekaldek adierazi du: «Atxorrotxeko eremua abiapuntutzat hartuz, erabakigarria izan zen pasarte historiko bat berreskuratzea izan da helburu nagusia. Gure eremu historikoko biztanleriaren ehuneko zabal batentzat ezezaguna den informazioa berreskuratzea eta zabaltzea izan da helburua, gure komunitatea beste komunitate kulturalekin, linguistikoekin eta politikoekin lotuz».

Nabarraldek, Jose Luis Orella Erdi Aroko Historian katedraduna, Iñaki Sagredo historialari eta arkeologoa eta Beñi Agirre historialaria elkarrizketatu dituzte erreportaje honetan.

Atxorrotxeko gaztelua leku estrategiko

Beñi Agirrek adierazi du, leku estrategikoa zela Atxorrotxeko Gazteluaren ingurua, eta Nafarroako erresumaren baitan zuen garrantzia azpimarratu du: «Atxorrotxeko gazteluak, herrian deitzen duten bezala, Debako bailararen bidez lautadatik itsasertzerako eremua babesten zuen. Are gehiago, gehien erabiltzen zen pasabide historikoa zen, uste denaren kontra. Bertan kokatzen da Arlabaneko portua, bataila handien eremu».

Estreinaldia urtarrilean

Dokumentalaren emanaldiak urtarrilean izango dira: urtarrilaren 11tik 13ra 13:00etan, eta 18:00etan eta urtarrilaren 14ean, 18:00etan, Ibarraundin. Urtarrilaren 15ean, berriz, 19:00etan, Zaldibar antzokian.

‘Atxorrotx. Arlabango igarobidean urrea eta odola’ erakusketa

Horrez gain, Atxorrotxen egin diren indusketa kanpainen ondorioz aurkitutako elementuak batzen dituen erakusketa ere irekiko da, abenduaren 20an, urtarrilaren 15era bitartean irekita egongo dena.

Guztira 80 bat elementu egongo dira ikusgai erakusketa monografiko honetan, eta izenburuak dioen bezala, armak (gezi puntak, baleztak, xabalinak, eta apaingarriak (la Tene kulturako fibula edota Antxo VII.aren arrano beltzaren zigilua, besteak beste) izango dira bertan.

Erakusketari hasiera emateko, Iñaki Sagredok hitzaldia emango du datorren martitzenean, abenduaren 20an, 18:00etan, Ibarraundin. Horrez gain, dokumentalaren aurkezpena urtarrilaren 10ean, 18:00etan egingo da. Bertan, Beñi Agirre eta Orellak emango dituzte azalpenak.