Estatua bai, baina…

Euskararen egoera minorizatu eta estatus etnodiglosikoa iraultzeko erremedio erreza aurkitu du ideologia independentziazalearen aldaera batek: euskara estatu hizkuntza bihurtu, eta kito. Naziogintza euskaldunak egiten ez duena estatu-fetitxeak egingo omen du. Oraindik ere mirarietan sinesten dugu nonbait. Haritz Garmendiaren formulazio hau mirari horren atzetik dabilela dirudi: «euskarak normaltasuna irabazi nahi badu, nazio-hizkuntza izateari utzi eta estatu-hizkuntza izaten saiatu beharko du. Nazio-hizkuntza den artean, esku artean dituen baliabide eta aukerak mugatuak izango dira. Gaur-gaurkoz euskal Estatua da euskararen normalizazioa erdiesteko joko-zelai posible bakarra» (Euskara eta euskal estatuaren aldeko botoa, BERRIA, 2016-09-23).
Euskara nazio hizkuntza da abertzale askorentzat baina euskarak ez du funtzionatzen nazio hizkuntzaren arabera. Euskarak ez ditu inondik inora hizkuntza nazional baten funtzioak betetzen gizartearen komunikazio sareetan. Euskarak hizkuntza minorizatu batek bezala funtzionatzen du soziologikoki eta funtzio etnokulturalak betetzen ditu bere erabilera normalizatuen daukan hezkuntza-sisteman bertan ere. Beraz, euskara gure nazio hizkuntza delako kontu hori desideratum bat besterik ez da gaur-gaurkoz.
Miraria egia bihurtzeko arrazoia: «Estatuak birsortzen du normaltasuna», arrazoitzen du Garmendiak. Estatuak sortuko du normaltasuna baina normaltasun hori ez du ezerezetik sortzen, baldintza eta oinarri nazional batzuen bidez sortzen du. Josep R. Lloberaren iritziz estatu batek ez du funtzionatzen naziorik gabe, «estatu modernoaren egitura ideologikoa» ezin omen da bete gabe utzi, eta gaur arte behintzat «ideia nazionalaren edukiak» bete omen du hutsune hori.
Zertan ote dira nazio euskaldunaren eduki eta baldintzak? Eduki eta baldintza horiek, aurreratu dugunez, ez dira euskalduntasun nazionalarenak, euskalduntasun minorizatu eta etnodiglosikoarenak baizik. Euskararen egoera errotik irauli ezean, balizko euskal estatuak erabiliko lukeen euskarak ez luke funtzio komunikatibo nazionalik beteko, eta, dakigunez, hizkuntz normalizazioaren ezaugarri eta neurri, ezer izatekotan, funtzio nazionalen betekizuna da. Funtzio horretatik behera minorizazioaren kronifikatzea, gaitasun komunikatibo askirik eza eta euskaraz bizi ezina besterik ez dago. Funtzioen arteko dialektikan funtzio hegemonikoa den funtzio nazionalak ezaugarritzen ditu gainerako funtzioen zer-nolakoak.
[…] «Nazio-hizkuntza izateari utzi eta estatu-hizkuntza» bihurtu: horra miraria gauzatzeko errezeta zenbait independentziazaleren ustez. Horra nazio linguistikoaren asimilazioa eta minorizazioa gutxiesten duen eta arazoa balizko estatuaren bizkar uzteko gurean dagoen praktika linguistiko tamalgarria. Joseba Sarrionandiaren azken liburutik jasoa da honakoa: «Euskara independentziarekin lotu ohi dugu. Baina ergelkeria litzateke euskaradunen komunitatea balizko estatu propioaren zain egotea».
Hizkuntz arazoa izatez ez da estatu arazoa. Hobeki esan, izan estatu arazoa da gaurko munduan, baina, hala ere, nazio arazoa den heinean da estatu arazoa. Hizkuntz arazoa berez nazio arazoa da, eta nazio jakin baten eraikuntzan estatuak estatu arazo bihurtzen du bere nazioaren eraikuntzan oinarrizko osagaia duelako hizkuntza propioa. Izan, hizkuntzak ez dira estatuaren sorkari historikoak, komunitate etniko edo nazio historikoen emaitzak dira. Ez genuke ahantzi behar orobat Iurretako idazlearen ohartarazpen hau ere: «Nazioa eta estatua nahastearen kontrakoa izan da gure erresistentzia borroka».
Estatuaren eta nazioaren arteko eraikuntza dialektikoan nazio euskalduna lehenetsi behar genuke oroz gain, estatua euskaraz bizitzeko ez bada, zertarako behar dugu euskaltzaleok? «Zergatik Espainia handitik atera —dio Jean-Louis Davantek—, haren alboan Espainia txiki baten eraikitzeko?» Euskaltzale abertzaleok berdintsu pentsatzen dugu Euskal Herriko edozein bazterretan auzi horren inguruan. Euskaltzaletasunak huts egiten duenean sortzen dira independentismoaren inguruan orain gailendu diren pentsamolde politiko erdaltzaleak, eta ez bakarrik erdaldunen aldetik, baita euskaldunen artean ere. Euskara praktikan nazio-hizkuntzatzat ez daukan euskaldun gehiegi baitago gure artean.
Euskararen arazoa euskal estatu batek bakarrik bidera dezake noski, estatua delako nazio baten benetako autodeterminazio politikoa bermatzen duen botere-gune bakarra. Hala ere, naziogintza euskaldunarekin batera eraiki ez den estatuak ezin du nazio euskalduna minorizazioaren logika zitaletik atera, nazioak berak komunitate politiko gisa bere identitate linguistikoa eta kulturala berreskuratzeko borrokarik egin ezean. Gaurko egoeraren aurrean euskal nazioak berak erreakzionatu behar du lehenik. Horixe gertatu zen 1960. hamarkadatik aurrera neurri batean. Hona orduko naziogintzaren lagin bat: «euskararik gabe ez dago euskal naziorik; euskararik gabe Euskadiren independentzia sarkasmo hutsa da» (ETA, 1965).
Dakusagunez, mende erdia baino gehiago igaro da euskararen herriarentzat nazio politiko beregain bat eraiki behar dugula ohartarazi zigutenetik. Orain, berriz, independentziazale askok sinetsarazi nahi digute estatu propioaren eraikuntzan nazio euskaldunaren gaia ez dela funtsezkoa. Bistan da hastapen haietako abertzaleen euskaltzaletasuna ordezkatu egin dutela denboraren joanean gailendu diren beste zaletasun batzuek. Eta gaurko zaletasun politikoak, zoritxarrez, gertatu den aldaketa horren oinordekoak dira: balizko estatuaren izenean nazio euskaldunaren arazoa gutxiesten duen diskurtsoa gailendu zaigu bazter guztietan.
Bide batez, estatuaren eta hizkuntzen arteko loturaz ari garenez, gogora dezagun inoiz gutxitan aipatzen dugun kontu bat. Uste dugu estatua dela estaturik gabeko mintzairentzat salbabidea, baina estatu modernoa bera da, salbuespenak salbuespen, jaio zenetik hizkuntza gehienen urkamendia. Munduko hizkuntz aniztasuna larrutzen ari den erakunde politiko nagusia —orain globalizazioarekin batera— estatua da, hizkuntzak zerbaitek akabatzen baditu estatuak akabatzen dituelako. Bere mendeko diren eta bere identitate nazionalari ez dagozkion mintzairak hiltzeko makina handi bat da estatua. Uste denaren kontra, hizkuntz heriotzaren jatorrian ez daude hamaika faktore bakandu, kausa nagusi bakarra dago, eta hori estatua da bere erakunde sailarekin. Izan ere, estatu gehienak etnozidioaren gainean eraikitako botere-erakundeak dira.

BERRIA