«Ardanzak berak esan zion isiltzeko Arrasateko udaltzainburuari»

1981etik 2012ra Arrasateko (Gipuzkoa) udaltzainburu izandako Jose Luis Etxeberria Porru-k, 2015eko irailean, BERRIAn eman zuen droga trafikoari buruzko ikerketa baten berri. 1980ko hamarkadan, Arrasatera droga eramaten zuten hainbat ibilgailuei jarraitu, eta baieztatu zuten La Salveko eta Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteletatik zetozela.
Heroinari buruzko libururako, Porrurekin harremanetan jarri zen Justo Arriola, iaz: «Ez zuen hitz egin nahi. Jose Antonio Ardanzak berak [Arrasateko alkate eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak] esan zion isiltzeko. Espainiako Poliziaren EAEko buru izandako Enrique Pamiesek ere esan zion ez hitz egiteko gehiago, ‘arazorik’ ez izateko». Beste iturri batzuekin hitz eginda, Arriolak baieztatu zuen Porruk aipatutako «droga» hura heroina zela, eta, Arrasatera ez ezik, beste zenbait herritara ere banatzen zutela: Elgoibar, Eibar, Durango (Bizkaia)… «Banaketa enpresa baten antzekoa zen».