Gudarien aurrean hil zen

Gaur beteko dira 80 urte Kandido Saseta Eusko Gudarostearen komandantea tropa frankistek hil zutenetik, haien aurka Espainian borrokan ari zela. Estratega abil gisa nabarmendu zen gerran, eta aginduetara zituen milizianoekin orpoz orpo borrokatu zen. Ordutik, mito bat da Saseta.

gudarien

Sasetaren erretratua, uniformearekin. 32 urterekin hil zuten, 1937ko otsailaren 23an. BERRIA

 

Espainiako Poliziak Eustakio Mendizabal Txikia ETAko kidea hil ondoren (1973), Telesforo Monzonek haren omenezko bertsoak idatzi zituen, eta Pantxoa eta Peiok doinua paratu zioten kantari. Aurkezpenik ere behar ez duen abestia, gaur egun. Kanta horretan, Monzonek Txikia konparatu zuen Kandido Saseta Eusko Gudarosteen komandante hondarribiarrarekin: Mendizabal Sasetaren urrena; biak txiki, bizkor eta lerden; Saseta hil zen gudarien aurrean, Mendizabal hil zaigu bakarrik. «Gutako askok abestu dugu Txikia jakin gabe Saseta nor zen», erran du Joserra Enparanek. «Ni hondarribiarra naiz, baina Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenera arte ez nuen jakin Saseta ez zela kanta bateko kontua bakarrik. Orduan jakin nuen pertsona inportante bat izan zela, eta, gainera, Hondarribian jaioa. Nola zen posible Hondarribian bertan hain gutxi ezagutzea?». Enparanek hura ez ezagutzea goititik beheiti aldatu zen, urte batzuk geroago Sasetaren gorpuzkiak non zeuden ikertzen hasi baitzen, eta Sasetaren Aldeko Taldearen sorreran parte hartu baitzuen. 2008an lortu zuten komandantearen gorpuzkiak jaioterriko hilerrira ekartzea, baina Enparanek ez du uste Sasetari behar adinako garrantzia ematen zaionik gaur egun. «Saseta ez da noizbehinka omenaldiren batean oroitu behar den pertsonaia bat; Jose Antonio Agirreren pare oroitu beharrekoa da, Euskal Herriko historiaren pertsonaia handietako bat da. Faxismoaren aurka borrokatu ziren gudari horien balioak ordezkatzen ditu».
Gaur beteko dira 80 urte frankistek Saseta hil zutenetik, Asturiasko Areces herriaren inguruan (Espainia); gudarien aurrean, kantan azaldu bezala. «Ez zen soilik militar bat edo komandante bat. Gainerako gudariek eredugarritzat zuten, eta fede itsua zuten Sasetarengan. Borrokan sartzen lehenbizikoa zela eta erretiratzen azkena zela dioen kontu hori kontrastatutako egia bat da», azaldu du Enparanek.
Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariaren arabera, ez dago Sasetaren heriotzari buruzko «egia absolutu bat», baina «argi» dago frontean hil zela, lehenbiziko lerroan. «Ez zen kuartelean gelditzen zen komandante bat, eta hori oso ondo dokumentatuta dago. Nahiz eta fronte batetik bestera mugitu, batailan egon ohi zen, ez zen atzeraguardian gelditzen». Bucesen arabera, Saseta «mito» bihurtu zen «estratega gisa izan zuen gaitasunarengatik, eta maila handiko ofizial bat izan arren, borrokaren lehenengo lerroan egoten zelako».

Militar abertzalea

Saseta 1904an jaio zen Hondarribian (Gipuzkoa). Gaur egungo ikuspegiarekin aztertuz gero, haren ibilbidea berezitzat jo liteke, edo, are gehiago, kontraerrankortzat ere, euskal abertzaletasunarekin bat egin bazuen ere, Espainiako armadan karrera egin zuelako. «Ez dut uste gerraren aurretik Saseta oso ezaguna zenik, baina anaietako bat eta biak nazionalistak ziren, EAJren ingurukoak. Esate baterako, argazki bat dago Saseta armadarekin Marokon egon zenekoa, eta Euskal Herriko armarriarekin ageri da», azaldu du Bucesek.
16 urterekin sartu zen Saseta Espainiako armadan. Handik hamabortz urtera, buruzagi militar eskuindarrek Espainiako Errepublikaren aurka kolpea eman zuten, 1936ko uztailaren 18an. Sasetak Gasteizko kuartelean zuen postua, intendentziako kapitain gisa. Gasteiz kolpisten esku egon zen hasieratik, baina Sasetak berehala desertatu zuen. Abuztuaren hasieran Azpeitian (Gipuzkoa) agertu zen, eta Eusko Gudarosteen komandantziaren sorreran parte hartu zuen. «Militar profesional bakarra zenez, jakintza militarrik gabeko zibilak entrenatzeaz eta milizia nazionalistak antolatzeaz arduratu zen». Azpeitiko komandantzia abertzaleek bakarrik osatu zuten, eta, EAJk kolpisten aurka hartutako engaiamendua berretsi zuen, hasierako zalantzen ondoren.
Bucesek Karlos Almortzarekin batera ikerketa bat egin du komandantziari buruz, Azpeitiko Udalaren enkarguz. Apirilaren hasieran argitaratuko dute, eta izenburutzat du Eusko Gudarostea: eusko abertzaleak armak eskuan Espainiako militarren altxamenduaren aurka. Azpeitia, 1936. Irailaren 19an, frankisten erasoaldiaren ondorioz komandantzia desegin eta erretiratzea antolatu zuen Sasetak. Azaroan, miliziak armada bihurtu ziren, eta Eusko Gudarostea sortu zen horrela. Saseta 1937ko urtarrilean izendatu zuten armadaren komandante, eta hurrengo hilabetean hil zuten Asturiasen.

Oroimena berreskuratzen

Sei hilabete eskasean, mito bihurtu zen Saseta. «Haren aginduetara egon ziren gudarien lekukotza guztiek nabarmentzen dute Sasetaren gaitasuna», azaldu du Bucesek. «Hizlari eta antolatzaile gisa zuen gaitasuna bakarrik ez, baita estratega militar gisa zuena ere. Matxinatuek zailtasun handirik gabe egin zuten aurrera Tolosaraino [1936ko abuztuaren 11]. Orduan, Sasetak erabaki zuen borroka mendietara eramatea, gerrilla gerra antzeko bat egiteko, eta gai izan ziren 34 egunez eusteko matxinatuei».
Enparan Sasetari buruz ikertzen hasi zenean, liluratuta gelditu zen komandantea hil ondoren frankismoaren aurkako ordezkariek egin zituzten adierazpenekin. «Halako laudorioak egin zizkioten, eta ez abertzaleek bakarrik. Adibidez, Euskadi Roja-k [Euskadiko Alderdi Komunistaren aldizkariak] kide bat izango balitz bezala hitz egin zuen Sasetaz. Euskal unibertsaltasunaren ordezkari berria deitu zion. Atera kontuak!». Sasetari buruz erran eta idatzitakoak eta haren bizitzaren inguruko bertze xehetasun batzuk bilduta, Enparanek faksimile bat argitaratu zuen 1999an, Hondarribiko Muara eta Olagarro elkarteen babesarekin.
Sasetaren memoria berreskuratzeko lanean hasi ziren Hondarribian, «auzolanean»; hori bakarrik ez, gorpuzkiak berreskuratzeko lanari ere ekin zioten. «Emaztea eta biok hasi ginen Areces inguruan galdezka, eta jakin genuen Euskaldunen zelaia esaten zioten toki batean egon zitekeela, beste 100 gudarirekin batera lurperatuta». Bildutako informazio horrekin, Aranzadi zientzia elkartea Arecesen lanean hasi zen, eta 2008an aurkitu zituen Sasetaren gorpuzkiak.
Enparan kezkatuta dago, uste baitu Saseta ez dela behar bertze ezagutzen, eta oroimenaren transmisioa arriskuan ikusten du. Kritikoa da instituzioek izan duten jarrerarekin. «Euskal Herri osoan plaka bat bakarrik du; hemen, jaioterrian, eta elkarte batek jarri zuelako. Inoiz ez dira ikerketak egitera joan Asturiasera. Ahanztura eta utzikeria izan dute. Orain, oso berandu, baina hasi dira omenaldiak eta lan batzuk egiten». Monzonek Pantxoa eta Peiok abestutako Txikia kantan aipatu zuen haurrek biharko ikastoletan ikasi behar zutela Txikia eta Saseta nor izan ziren; Sasetaren kasuan, iritzi bera du Enparanek. «Unibertsitateak lana egin beharko luke, baina irakaskuntzan ere curriculumean sartu beharko lukete Saseta, Agirre eta besteak dauden bezala».
Sasetari 2008an lur eman zioten Hondarribiko hilerrian, ekitaldi jendetsu batean. Enparanek nabarmendu nahi izan du Sasetaren hilobiak «hogei zentimetrora» duela Jose Bergamin poeta eta intelektual errepublikano espainiarrarena. «Jose Felix Azurmendik artikulu batean idatzi zuen: ‘Bi errepublikano, eta borroka egiteko bi modu; errepublikano espainiar bat, Bergamin, eta errepublikano euskaldun bat, Saseta’. Oso irudi indartsua da hori».

 

BERRIA