Saseta, 80 urte oroimenean

Joan den ostegunean, otsailak 23 zituela, 80 urte bete ziren Asturiaseko II. euskal brigadako gudari birrinduek Nalon ibaia gurutzatu zutela, erretretan, bi egun lehenago hasitako ofentsibari amaiera jarriz. 60 ordu inguru zeramatzaten atsedenik gabe borrokan Amaiur, Euzko Indarra eta Prieto batailoiek, Oviedoren aurkako eraso errepublikanoaren parte zen operazio hartan. Ehun gizonetik gora geratu ziren gudu zelaian, tartean Candido Saseta hondarribiarra, brigadaburua eta Euzko Gudarosteko gudalburua.
Zortzi hamarkada bete ziren ostegunean. Hain gertu, baina aldi berean hain urrun. Egungo ikuspegitik begiratuta, Saseta eta bere gizonen ibilerak beste mundu bateko kontuak direla ematen du. Konpromisoa krisian jarri duen XXI. mendeko Baumanen gizarte likido honetatik, harrigarriak dira gizon-emakume haien eskuzabaltasuna eta sakrifiziorako gaitasuna. Zilegitasun demokratikoaren izenean bizitza emateko prest, askatasuna, demokrazia edota aberria bezalako balioen defentsan.
Garai latzak ziren 1930eko hamarkadako haiek eta, zorigaiztoaren aurrean, hazi egiten dira pertsona handiak. Horietako bat izan zen Saseta. Hondarribian jaio zen 1904an, eta 16 urterekin sartu zen Espainiako Armadan, diotenez, bere nahia mikeleteen buru izatera iristea baitzen. Abertzale sutsua zen ordea Saseta, eta armadak ez zuen okertuko berak hartutako bidetik. Esaterako, Marokon zegoela, bizi zen etxolaren sarreran zera omen zuen idatzia: Emen sartzen dana, Euzkadin da; Euzkalduna bazera, mintzatu euzkeraz; Eta abertzalea bazera, deadar zazu nerekin: Gora Euzkadi azkatuta!
Franco eta beste militarrak Errepublikaren aurka altxatu zirenean, Sasetak ez zuen zalantza izpirik izan: lehen unetik jarri zen EAJ/PNVko agintarien esanetara. 1936ko abuztuan Euzko Gudarostea antolatzeko ardura eman zioten Loiolan eta hastapenetan zen gerra lazgarri hartan lehen defentsa lerroak diseinatzeari ekin zion. Birritan zauritu zuten, Andatza mendian eta Legutioko ofentsiban. Legution, garai hartan Martiartu batailoiko buru zen Pablo Beldarrainek gogoratzen duenez, nahiz eta operazioan ardurarik ez izan, lehen lerroan zebilen gudariekin. Honelako ekintzek laster piztu zuten Saseta gudalburuarekiko miresmena.
1937ko otsailean Madril estutzen ari ziren altxatuak, gogor borrokatzen zen Bruneten. Iparraldean, bide batez Estatuko hiriburuaren egoera leuntzeko, aginte errepublikanoak Oviedoren aurkako azken saiakera egitea erabaki zuen. Euskadik ere bere ekarpena egin beharko zuen; nahiz eta horrek iritzi kontrajarriak sortu zituen alderdian, azkenean bi brigada bideratu ziren Asturias aldera. Horietako baten buru jarri zuen Agirre lehendakariak Saseta, EAJ/PNVk zuen militar gutxietarikoa.
Asturiasen, ofentsibaren atarian, Sasetak berak gutuna bidali zion Euzkadi Buru Batzarreko presidenteari, Euzko Gudarosteko gudalburu kargua bere esku ipiniz, baldin eta «brigada euskaldun hau zuzentzeko Euzkaditik irtetean alderdia atsekabetu badut». Bere esker ona eta «baldintzarik gabeko atxikipena» ere adierazten zizkion hondarribiarrak. Karguan berretsi zuen EAJ/PNVk eta, esan bezala, otsailaren 21 eta 23 bitarteko Nalon ibaiko operazioan hilko zuten, ohi zuen bezala lehen lerroan bere gizonak zuzentzen zebilela.
Sasetaren ondarea 1936ko faxismoaren aurkako gerran borrokatu zuen belaunaldi oso baten oinordetza da. Agirre, Leizaola eta abarrek ordezkatzen zituzten balioak partekatzen zituen hondarribiarrak: zilegitasun demokratikoaren defentsa, askatasuna eta aberria. Bakearen defentsan, borroka egitera behartu zituzten justiziazkoa zenaren alde. Tradizio politiko bat sortu zuten giza eskubide eta demokrazian oinarritua, eta bide honen oinordekotza aldarrikatzen dugu guk orain, XXI. mendean. Ideia hauen oinordeko eta jarraitzaile gara, aldi berean. Giza duintasuna printzipio nagusi izanik herri hau altxatu duen herrigintza egiteko moduaz ari naiz, hain zuzen.
Gaur egun 1930eko hamarkadako mehatxuen zantzuak berpizten ari direla dirudi. Faxismo kutsuak dituen populismoak han eta hemen gora egiten ari dela ikusten ari gara: intolerantzia, xenofobia, masen manipulazioa… Erakunde eta gizarte eragileen aldetik, gure ardura da gizartea gotortzea gorrotoan oinarritutako mezu hauen aurrean. Herritar kritikoak sustatu behar dira, intolerantziaren bide orriari aurre egin eta zoru etikotzat elkartasuna dutenak. Hori genuke bermerik onena iraganeko mamuak berpiztu ez daitezen eta etorkizuna bermatu dezagun.
Tamalez, urte luzeetako bortizkeriaren ostean, indarkeriak dakarren injustiziaz eta sufrimenduaz asko ikasi duen herria izanik, ongi dakigu giza eskubide ororen defentsa zein inportantea den. Horregatik behar-beharrezkoa dugu esparru honetan inbertitzea biharko elkarbizitza segurtatu nahi badugu. Horretan sinesten dugu eta horretan ibili gara urteetan zehar, 1930eko hamarkadako abertzale haien tradizio politikoaren oinordekotza aldarrikatzen dugunok. Saseta, Agirre, Leizaola eta garairik zailenean ere zilegitasun demokratikoaren eta Euskal Herriaren alde dena eman zuen belaunaldiaren bidetik.

BERRIA