Pello Esarte: «Itunak onurak ekarri balitu, independenteak ginateke honezkero»

Nafarroaren konkista eta haren historia aztertu ditu Esartek, eta hainbat liburu publikatu. Orain, ohartarazi du iruzurra direla XIX. mendetik Espainiaren eta Nafarroaren artean sinatutako itunak.

Liburu anitz publikatu ditu Pello Esartek (Elizondo, Nafarroa, 1936), gehienak Nafarroako historiari buruzkoak. Berriki beste bat kaleratu du, Pamielarekin: España y Navarra desde el siglo XIX: la imposición que encubren los «Convenios» (Espainia eta Nafarroa XIX. mendetik: «Hitzarmenek» ezkutatzen duten inposizioa). Gezurrak agerian utzi beharra azpimarratu du.

Nafarroako politikan, etengabe aditzen da hitzarmen ekonomikoa. Itun faltsu bati buruz ari dira?

Nafarroan izan ditugun agintariek bat egin dute XX. mendeko bi diktadurekin. Orduan, nahiz eta hitzarmen guziek aurrekoa murriztu duten, nafarroi beti garaipentzat saldu dizkigute. Hitzarmena Nafarroarendako onuragarria dela diotenetik bost urtean behin berritzen duten itunak onurak ekarri balitu, independenteak ginateke honezkero.

Marko honetan, posible da parez pare negoziatzea?

Nafarroaren izenean negoziatu behar duenak behin-behinekotasuna eman beharko lioke hitzarmenari, jakitera emateko erabakitze eskubidea dagoenean hori zuzendu egin beharko dela.

Dena den, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak parez pareko negoziazioaren irudia eman nahi dute. Ongi datorkie?

Etengabeko engainua izan da Nafarroan. Erkidegoan, orain kasualitatez lortu dituzte zazpi urtez atzeratutako onurak. Kasualitate hori izan ez balitz, zer espero zitekeen?

XIX. mendetik hona nola garatu da salatzen duzun iruzurra?

1839ko Bergarako Besarkada ez da foruak babesteko itun bat. Foruen errespetua konstituzioaren barruan eginen zela sinatu zuten, ez besterik. Beraz, 1841eko legeak hori islatzen du. Ez zen hitzarmen sozial edo ekonomikorik izan: itun militarra, ez besterik. Hortik aurrera, lege batetik bestera estatua eskumenak hartzen aritu da.

Espainia zentralizatzera jotzen ari dela dirudi. Nola ikusten duzu?

Hori logikoa da. Baina kontrako ikuspegia behar dugu, hau da, zertarako balio digu beste estatu batek Europako Batasun ekonomikoan legeak tramitatzeak? Legeak gertukoago izan behar du. Solas zuzena izan behar dugu Europarekin.

Nafarroako historiari helduta, zer aurreratu da 2012. urtetik?

Garaituak izan ziren, eta ordutik isiltzea nahiago izan dute. Ez dute arnasarik hartu. Baina bada konstantzia bat: denbora pasatzen da, eta jendea hoztu. Katalunian, denbora pasatzen ari da, eta estatua mantentzen dute. Horregatik, afera hau mugitu beharra dago. Ez da faktorerik sortzen, eta orain Nafarroa jokoz kanpo dago. Gainera, gezurra hain izan da handia, oraindik nafar asko menpean dituzte.

Hitzarmen ekonomikoa iruzurra bada, Gamazada zer da?

Gamazada beste eskumen galera bat izan zen. Diputazioak eltzearen tapa bezala jokatu zuen, eta pentsatu zen garaipen bat izan zela. Ez ba. Gamazok dimisioa eman zuen, baina legeak onartu egin ziren. XIX. mendeko autoreek argudio bat ibili zuten: etorkizunean eskubideak bermatu behar dira, iraganean errespetatu zirelako. Beraz, gutxienez mantendu dadila 1841eko legea. Kontraesana da. Mende bat geroago, agerian dago erraturik zeudela. XIX. mendean abertzaleek erabili zuten argudioa orain espainiar eskuinak hartu du hemen.

Aipatzen duzun eskuin espainiar horrek manifestazioa antolatu du ekainaren 3an. Eguna dela eta, Gamazada gogora ekarri nahiko dute?

Ez dakit, baina ez dute erraza 2012an jasotako kolpearen ondoren. PPk ohartarazi zien buelta askorik ez emateko 1512aren aferari.

Haien kontra buelta liteke?

Nafarroako banderaren alde egitea nahiko kontra doakie. Nik uste bide historikorik ez dutela ibili nahi jadanik, soilik legediarena.

Zentzugabea da Nafarroako banderaren aldekoa izatea?

Izugarri irrigarria da, baina haiek horrela planteatu badute, hor konpon. Nafarroako bandera euskaroek egin zuten. Baina jada ez du merezi banderaren aferan sartzea. Gertakariak benetan izan ziren bezala azaldu behar ditugu, gezurra agerian uzteko, 1512koa bezala.

BERRIA