Altzai, Nafarroako historiaren oroigune

‘Joanikot’ pastoralaren lehen agerraldia igandean eginen dute, eta bigarrena, agorrilaren 6an. Nafarroako Erresumaren burujabetza galtzea eta berreskuratzeko saioen porrotak ekarriko ditu gogora

altzainafarroako01

Joan den igandean, mustraka edo entsegu nagusia egin zuten arizaleek Altzain, ikusleen begiradapean.

 

Joanikot pastoralaren mustraka nagusia… Kiristien eta turkoen arteko lehendabiziko guduka. Galtzaile dauden kiristietako aktore batek sobera atzera egiten du… eta oholtzatik behera erori da, min handiegirik hartu gabe, haatik! Hain zuzen ere, horrelako ustekabeak saihesteko gisan eta okerrak zuzentzeko xedean egiten da pastoral baten mustraka nagusia. Dena den, pastoralaren eguneko agerraldian bezala egiten da, aktoreak jokoko jantziekin daudela. Saio nagusi horrek balio du, era berean, pastoraleko arizale askok soinean dauzkaten mikroen funtzionamendu egokia probatzeko. Halaber, pastoralaren egunean bezala milaka ez badaude ere, ikusle mordoa bada, horiek direla agerraldietan lanean ari behar duten herritarrak, baita Zuberoako beste herrietatik aitzin-begirada antzeko baten egitera joandakoak… gehien-gehienak pastoral batean edo bestean jokatu izan dutenak.
Gudukariaren erortze horretatik kanpo, ez zen makur berezirik gertatu joan den igandean Altzain (Zuberoa) eginiko Joanikot pastoralaren mustraka edo saio nagusian. Gogora ekarri behar da aurtengo trajeria —hori da pastoralaren izen zaharragoa— igande honetan bertan emango dela lehendabizi, eta datorren agorrilaren 6an bigarren agerraldirako.
Bazen jende multzoa, beraz, joan den igande arratsaldean Altzaiko frontoi handiaren eta eskolaren gibelaldean jarri duten pastoral soroan, hilabete askoko trebatze lanaren emaitza ikuskatzera joandakoa. Aktore guziak jokoko jantzietan zeudela, ikusle gutiz guzien ahoan entzuten zen «arropa ederrak» bazeudela. Distiratsuak bai behintzat, gizonezkoen zein emakumezkoenak, baina ziurtzat ematen ahal da historia kokatzen den XVI. mendeko janzkerari nahiko zehazki jarraitu diola Erramun Garzia Zabalegik, arropa horien diseinatzaile lanetan beste behin ere jardun duen Errenteriako (Gipuzkoa) jostunak. Hain zuzen ere, Garziak orain dela hemezortzi urte hasi zuen Zuberoako pastoralarekiko ibilbidea… Altzain eman zuten Agota trajeriarekin! Urte hartan ziren ikuskizuneko jantziak lehendabizi herrian bertan egin, herritar andere dendari andanak lan horri ekin ziolarik, Errenteriako jostun pastoralzale baten gidaritzapean. Jendea oraindik ere gogoratzen da Junes Casenave-Harigile Altzaiko erretoreak berak hornitu zuela Agota pastoraleko jantzi haien egiteko oihalketa handiena… ordurako baliatzen ez ziren elizkizunetarako arropa ugari emanda! Herrian bertan eta herritarrek beraiek egin aurretik, pastoralerako jantzi gehienak —satan dantzarienak izan ezik— alokatu egiten ziren; horrek kostu galantak zekarzkien, gainera.

Ahoskatze on eta ozenak

Jantzi distiratsuak ikusgai izango direla zehazteaz gainera, zer erran gehiago Joanikot pastoralaren edukiaz, ikusterat etortzeko asmotan direnei jakin-mina handitzearren? Euskaldunei belarrira nabarituko zaiela arizale ia denek euskara menperatzen dutela… ez baita pastoral guztietan, tamalez baina, beti horrela gertatzen! Altzai eta Lakarriko haranean euskara oraindik nasaiki mintzatzen da, baita haur eta gazteetan ere. Hortaz, ahoskatze onak antzeman daitezke aktoreen bertset emateetan zein abestietan. Ohartaraztekoa da, halaber, bertseten ematea ozen egiten dutela, baita kiristien aldetik ere… azken urteotako pastoraletan, deklamazio horietan, halako mantsotasun bat nagusitu da. Turkoen ahogorrikeriak ere halatsu dira, haien buruzagien jokoa egiten duen Nikolas Urruti oso entzungarria… eta ikusgarria geratzen delarik. Horiek horrela, gaiztoen jelkaldi horiek sekulako oihartzun zalapartatsuak eragingo dituzte, ziur asko, ikusleen artean…
Are gehiago euskal herritarrontzat historia minberati bat gogora ekarriko duelarik Joana Etxart gazteak idatzi duen Joanikot pastoralak, hain zuzen ere Nafarroako Erresumaren burujabetza galtzea eta hura berreskuratzeko saiatzeek izan zituzten porrotak. Joanikot kapitaina izengoitikoaz ezagutua zen Arberoako Joan (1470-1521) historia aztoratu baten protagonista nagusietarik izan zen. Izan ere, Gaztela eta Aragoiko indar armatuek Nafarroa militarki konkistatu zutelarik 1512. urtean, asaldatzaileekin bat egin zuen Joanikotek. Alabaina, okupatzaileen basakeriek jasanezina piztu zioten, eta Nafarroako burujabetasuna berreskuratzeko asmoz 1521ean gertatu zen oldarraldian parte hartu zuen, aldi hartan, haatik, Gaztela eta Aragoiko indarren aurka. Saio horrek porrot eginik, Donibane Garaziko gotorlekuaren defentsaren ardura izan zuen, baina etsaiak han ere garaile gertatuta, Joanikot atxilotu zuten, Iruñera eraman, eta, bertan sasi-epaiketa bat egin ostean, laurdenkatuta hil zuten.
Erik Alzazebe da Joanikot kapitainaren jokoan arituko, eta Pascale Elixondoborda-Aranbürü izango da, berriz, gudalburuaren emazte Oztako Maia. Hiru ordu eta erdi inguru irauten duen trajeria honek hemezortzi jelkaldi izango ditu, bai eta lau sataneria ere —Satanen hitzaldi-joko egiteak—; bertset emate eta taula-joko egiteen tartean, bestalde, hamahiru abesti izango dira, baita dantza sorkari bat ere.
Pastoral bat, baina, ez da 15:30ean finko hasiko den agerraldia soilik, baizik eta egun oso batean gozatu daitekeen jai herrikoi giro oso bereziko bat. Guztiz gomendagarria da, beraz, goizetik etortzea, aktoreek abestutako meza, herriko karriketan zeharreko ibilaldia, baita bazkaria bizitzeko eta gozatzeko ere.

 

BERRIA