Inicio Nabarmena Eneko Goia Donostiako alkate jaunari

Eneko Goia Donostiako alkate jaunari PDF Imprimir E-mail
Jexux Arrizabalaga Aramendi   
Lunes, 21 de Agosto de 2017 22:51

San Telmo museoan lehenengo solairura igotzen bagara aurkitzen dugun aurreneko irudia Cadizeko 1812ko konstituzioaren goraipamena da, non esaten den:

«Antzinako Erregimenean ez bezala iraultza liberalaren ondorioz sortutako gizarte modernoan mendekoak hiritar bihurtu ziren beren eskubide eta betebeharrekin, eta askatasun politikoak baliatzeko bermeak ezarri ziren.

Iraultza liberalek eta industria-iraultzak goitik behera aldatu zituzten gizartearen funtsak; gizarte harremanak, eguneroko bizitza eta elkarrizketarako guneak erabat eraldatu ziren. Handik aurrera, gizarte modernoa ezin da ulertu honako kontzeptu hauek kontuan hartu gabe: hiritartasuna, sufragioa, subiranotasuna, nazioa, norbanako eskubideak, askatasunak, jabetza pribatua, gizarte klaseak, kapitala, ideologiak, iritzi publikoa».

Cadizeko konstituzioa egiten hasi zirenean Euskal Herriko agintariak ez ziren bertan. Donostian zehazki Frantziako armada zegoen eta Frantziako iraultzaren menpe zeuden hemengo lurraldeak eta bertako agintariak negoziatzen ari ziren haiekin.

Cadizeko konstituzio honek ez zuen hemen inongo eraginik izan eta 1813ko sarraskiaren ondoren inposatua izan zen, nahiz eta oso epe laburrean indarrean izan eta herri honi abantailak baino kalteak eragin zizkion.

San Telmon dagoen testuan esaten dena ez da egia, ez behintzat Euskal Herriari dagokionez, eta zeresanik ez Donostia eta Gipuzkoari dagokionez. Konstituzio honek foruak abolitu zituen, soldaduzka derrigortu eta abar.

1817an plaza Berria berreraiki zenean plaza Berri honi Konstituzio plaza izena jartzea militar espainiarrek inposatua izan zen. Ordura arte herriak jartzen zituen plazen eta kaleen izenak eta hau izan zen ezarri zuten lehendabizikoa eta horren ondoren hasi ziren beste guztien izenen aldaketak. Beraz, izen hori ez da demokratikoa alderantzizkoa baizik, hau da, sarraskia eta gure menpekotasuna eragin zituztenena.

Donostia Sutan elkartea sortu zenetik ari gara esaten plaza Berria dela (Bilbon eta Gasteizen bezala) Alde Zaharrean dagoen «Konsti» plaza esaten zaionaren jatorrizko izena. Orain, demokrazian gaudela diogunean eta Euskal Herriaren subiranotasunaren alde ari garenean agintariei eskatzen diegu onar dezatela jatorrizko izan hori.

Halaber, eskatzen diegu San Telmo museoaren ardura dutenei ken dezatela hemen inoiz inolako esanahirik izan ez duen goraipamen hori eta horren ordez gure historiarekin lotura zuzenagoa eta benetakoagoa duen 1813ko sarraskiaren berri eman dezala, horrela memoria historikoarekin leialago izango baita.

Adeitasunez, Donostia Sutan elkartea.

*Donostia Sutan elkartearen izenean

NAIZ