Ozeano oso baten zipriztinak

Nafarroan euskara bi mila urtez erabili dela dokumentatzen duten idazkiak bildu dituzte ‘Navarrorum’ erakusketan, Nafarroako Artxibo Nagusian. Inprenta asmatu aurreko eta ondoko erdarazko dokumentuetan ere ikus liteke euskara gehiengoaren hizkuntza zela.

ozeanoiker

Lergako hilarria. 150. urtekoa da, eta ummesahar eta abisunharri hitzak irakurri litezke hor. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

 

Linguae navarrorum. Horrela deitu zion bertako hizkuntzari Antso VI.a Jakitunak duela 850 urte. Aralarko pergaminoko idazkia horren lekuko. Aurretik, al-baskiya deitu zuen kronista arabiar batek 950. urtean. Hori zen Iruñean aditzen zuen «hizkuntza ulertezina». Nafarroak berezko duen hizkuntza, alegia. Euskara. Kontua da Nafarroan idatzi diren lerro gehienak ez direla euskaraz izan, eta, horren arrazoiak kontuan hartu gabe, pertzepzio makurra izan lezake historialariak. Euskara, gehiengoak hitz eginagatik ere, apenas idatzi zen inprenta sortu zen arte. Baina lerro artean ere irakurtzen jakin behar da. Bi mila urtez beste hizkuntzetan izkiriaturiko esaldietan irazi da euskara. Ongi irakurtzen dituenak antzemanen du zipriztinak itsaso oso baten aztarnak direla.
«Gehiengoaren hizkuntzari buruzko erakusketa bat da hau. Hor dago, baina oso zaila da ikusteko arraroa ez den fenomeno batengatik: planetan dauden hizkuntza gehienak ez dira sekula idatzi. Euskara bai, baina berandu. Gainera, haren presentzia hain da nonahikoa, irazi egiten baita». Peio J. Monteanok hitzokin azaldu du Nafarroako Artxiboan ikusgai den Navarrorum erakusketa. Artxiboko goi teknikaria ez ezik, erakusketaren komisarioa ere bada. Ezkutuan den Nafarroako izozmendiaren puska bat ikusi liteke artxiboan.
Ez dute publiko espezializatua jomugan; herritar guziak erakarri nahi dituzte. «Nafarrei elementu objektiboak eman nahi dizkiegu haien jarrera eta iritziak modu arrazionalean eraiki ditzaten. Ezjakintasun izugarria dago. Argi dago euskara ez dela Martetik jausi, ezta hegoaldeko eremuetan ere». Helburua argi du Monteanok: «Agerian utzi nahi dugu Nafarroan euskara izan dela denboran gehien luzatu den identitate ikurra». Ez hori bakarrik. «Euskararen munduak Nafarroa izan du ardatz».
Ez da euskararen historiari buruzko erakusketa bat; euskara idatzizko dokumentuetan nola agertzen den erakusten du. Horretarako, 36 dokumentu aukeratu dituzte. Herritarren erabilera eta testu zibilak lehenetsi dituzte, eta, eremuei dagokionez, euskara galdu zuten lurraldeak. Horrekin batera, azken urteotako aurkikuntzak lehenetsi dituzte: Murillo del Frutoko petxak (1400), Zalbako Matxinen gutuna (1416), Arreko koplak (1612)…
Erakusketako dokumentu asko Nafarroako Artxibo Nagusian, Nafarroako beste artxibo batzuetan eta Bilbon bildu dira, baina baita atzerriko artxiboetan ere: Madrilen, Santiago de Compostelan (Galizia), Parisen, Oxforden (Ingalaterra), Chicagon (AEB) eta Timbuktun (Mali).
Hizkuntza bat idatzi ez arren, ez du esan nahi erabiltzen ez denik. Horixe da Monteanok urteetan erabili duen premisa bere ikerketa lanean. Hala, 150. urtean nafarren hizkuntza euskara izan arren, ez zen hori idazteko erabili zutena. Antzinaroan, hizkuntza jainkoen eta pertsonen izenen bidez irazi zen hainbat dokumentutan, latinizatutako baskoiek ez zituztelako aldatu. «Hizkuntza batean aldatzea gehien kostatzen den elementua da hori». Lergako hilarria eta Uxueko aldare harria horren erakusgarri.
Aurrerago, hizkuntzaren berri zuzena ematen dute dokumentuek, euskara bera aipatuz. Hizkuntzari izena ematen diote, normalean kanpokoek. 950. urtekoa da al-basquiya aipatzen duen kronikari musulmana, Iruñeko biztanleak «pobreak» eta «bidelapurrak» zirela azaltzen zuena. Kalisto erromes frantsesaren idazki batean, euskara aipatu ez ezik, hitz batzuk nola esaten ziren ere azaldu zuen: ogia, ardoa, haragia, etxea, jauna… Kanpoan bakarrik ez, barnean ere bazuen izena euskarak. 1059ko Leireko kartularioan basconea lingua deitzen zioten Agezako toponimoen hizkuntzari, eta 1167ko Aralarko pergaminoan «nafarren hizkuntza» gisa ageri da.

Jalgi hadi paperera

Erdi Aroaren bukaeran, euskara pergamino eta paperetan ikus zitekeen. Hitz gutxi batzuk, baina. Monteanok azaldu duenez, beti pentsatu da Errenazimentutik aurrera idatzi zela euskaraz. «Nafarroan Behe Erdi Arora aurreratu dezakegu euskararen idazketaren presentzia». Hala, erromantzez edo latinez idatzitako hainbat dokumentutan euskarazko hitzak agertzen dira, edo esaldiak. 1400eko Iruñeko katedraleko eskribau batenak dira hitzok: «Pater Noster txikia, Deus peretentzia / lurrak dakar ogia / zotzak ardan bustia». Berriki aurkitutako Murillo del Frutoko petxetan euskarazko toponimoak ageri dira. Euskarak Erriberan zuen tokiaren lekukotasun berantiarrena da hori. Horrekin batera, 1416ko Zalbako Matxinen gutuna azpimarratu du Monteanok. Karlos III.aren gorteko funtzionario gorenetako biren arteko gutun trukean, erromantzeaz gainera, euskara irakur liteke. Beraz, pentsa liteke etxean ez ezik, gorteetan ere erabiltzen zutela euskara.
Errenazimentuan, eskuz oso gutxitan idatzitako euskarak paperera salto egin zuen inprentaren asmakuntzari esker. Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko kontrapasak tokia du erakusketan. Aurretik, 1499an Von Harff noble gaztearen liburuak euskarazko hitzak jaso zituen: hark bezala, Donejakue bidea egiten zutenendako hiztegitxoa. Euskararen erabileraren eremua azaltzen duten XVI. mendeko dokumentuak bildu dituzte artxiboan. Adibidez, aita santuaren dekretua zabaltzeko Gatibuen bulda idazkiak Nafarroa bitan banatzen zuen: eremu euskaldunean euskaraz baizik ez zen egiten iparraldea ez ezik, erdialdea ere horren parte zen— eta erromantzeduneko puska batzuetan elebidunak ziren.
Lizarrerriko Zufian ere aritzen ziren euskaraz. Bertako bikote gazte baten ezkon hitza paperera iritsi zen, hain zuzen ere, inoiz ez zirelako ezkondu. Epaitegietan bukatu zuen aferak, mutilak hitza jan zuelako. Herri xeheak ez ezik, eliteek ere euskaraz egiten zutela ondorioztatu liteke garai hartako beste dokumentu batzuetatik. Frantzisko Xabierkoak euskara bere hizkuntza zela zioen 1544an idatzitako eskutitz batean, eta Iruñeko ospitaleko ordenantzak euskaraz idatzi zituzten 1563an, «denek uler zitzaten». Ordenantza horiek langileendako ziren, ez gaixoendako.
Inprentak eragin zuzena izan zuen hizkuntzetan. Izan ere, haien estandarizazioa bultzatu zuen, kopia bera hiztun askok irakurri behar zutelako. Euskararekin gauza bera gertatu zen. Euskara batua geroago sortu zuten arren, bi aurrekari izan ziren Nafarroan. Joanes Leizarragak Testamentu berria denek ulertzeko hizkeran idatzi nahi izan zuen. Horretarako, Alemaniako ereduari jarraitu zion: dialektoen baturari. Frantzian eta Ingalaterran, baina, dialekto bat aukeratu zuten hiztun guziengana zabaltzeko. Juan Beriain Utergako erretoreak bigarren aukeraren alde egin zuen 1621ean, Meza entzuteko tratatua idaztean. Iruñeko euskalkia erabili zuen, «hura baita erabiliena euskaraz mintzatzen den toki gehienetan eta hobekien ulertzen dena».
Artxiboko goi teknikariak azaldu duenez, XVII. mendean hizkuntza komunitate baten kontzientzia agertzen da hainbat dokumentuetan. Axularrek, Gero liburuan, Euskal Herria hitzaren barruan biltzen du euskararen lurraldea —adiera XVI. mendekoa da—, eta 1616an Gabriel Etxart Zuberoko prokuradorearen eta Migel Ros Erronkaribarreko alkatearen gutun bidezko negoziazioa haien «mintzaira naturalean» izan zen, euskaraz.
Mende horretan, euskara ohiko hizkuntza zen Nafarroako eremu zabal batean. Ziraukin, funtzionario euskaldunak eskatu zituzten; Uxueko priore izateko euskara jakitea beharrezkoa zen; eta Nafarroatik Kataluniara eta Portugalera bidali zituzten tropen kapilaua euskalduna izateko eskatu zuten Nafarroako Gorteek: «Ez badaki, ez dio soldata ordaindu behar». Garai hartan Iruñean egindako literatur lehiaketara aurkeztutako testuak hiru hizkuntzatan ziren: gaztelera, latina eta «erresumaren jatorrizko hizkuntza».
Bestelako aztarnek ere erakusten dute zein zen euskararen egoera Nafarroan XVII. mendean: adibidez, berriki aurkitu dituzten Arreko koplek. Kasu horretan ere, epaiketa bat tarteko bildu ziren euskaraz kantatutako bertsoak. Apaizaren sexu kontuak aipatzen zituen, eta irainak zirenetz erabaki behar zuten epaileek. Ez zituzten itzuli; beraz, iradoki liteke koplariak ez ezik magistratuek ere bazekitela euskaraz.

Balioaren galera

Monteanok dioenez, garai horretan euskara espazio publikotik zokoratzen hasi ziren, eta herrietan, elizetan eta familietan gordetzen. Atzerakada sozial eta geografikoa hasi zen, eta indartuz joanen zen, azken hamarraldietan berriz ere egoerari itzulia ematen hasi arte. «Euskarak gizarte tresna gisa herritarren artean duen balio galeraren aurrean, balio zientifiko izugarria ematen zaio. Hori erabat desorekatu zen XIX. mendean». Horren lekuko argia da erakusketaren bukaeran dagoen mapa, Luciano Bonaparterena. Euskarak eremu anitz galdua zuen ordurako. Euskararen egoera hobetu bada ere, mapa horren ondokoa da erronkarieraren galera. Euskalki horrek ixten du Nafarroan euskarak bi mila urtez izan duen presentzia agertzen duen ibilbidea: Julian Gaiarre kantari famatuak 1884an familiari idatzitako gutuna. Etxeko hizkuntza erabili zuen: «Goraintzi guzientako eta piyco bat neskatxi polit Erronkariko guziat».

BERRIA