Paisaia eta euskara

Nork ez du erabili inoiz «paisaia» hitza? «A zelango paisaia polita» moduko esaldiak erabiltzen ditugu begi bistan dugunaren edertasuna goraipatzeko, kasu askotan konturatu barik baten batek hartzen duela horrela mantentzeko ardura (baserritarrak, dendariak, herritar xumeak, Udalak berak…).

Paisaia hizkuntza ere bada, eta zeinen erdalduna den gurea!

Ume txikiak irakurtzen ikasten hasten direnean, hor doaz kalean zehar ikusten dituzten letreroak, paskinak, paperak irakurri nahian, baina zein hizkuntzatan deszifratzen dituzte mezu horiek? Gehiena gaztelaniaz dago!

Horrelakoetan konturatzen gara gurasook zein erdalduna den gure paisaia linguistikoa! Gure umeek eta gazteek euskarak gutxiago balio duela xurgatzen dute, eta gaztelania jaun eta jabe dela.

Egun hauetan sare-sozialetan bolo-bolo dabil herritar baten kexa eta bat egin nahi izan dugu berarekin. Salatu du Zuhatzuko futboleko instalazioen errotulazioa gaztelera hutsean dagoela eta eskatu arren, ez dela aldaketarik egon.

Paisaia ez denez argazki mugiezina, EH Bildu udal taldeak horrelako eskaerak babestu eta Euskara Sustatzeko Plana betearaztea bultzatuko du, bere politika linguistikoari jarraituz.

Egin diezaiogun espazioa euskarari!

NAIZ