Inicio Nabarmena Biltzarre: burujabetzarako bilgune baten beharra

Biltzarre: burujabetzarako bilgune baten beharra PDF Imprimir E-mail
Patxi Alaña Arrinda   

Gaur egun independentziara begira dauden hainbat ekimen baditugu, mota eta estrategia desberdinetakoak. Alderdiek eta sindikatuek haien esparru propioa dute baina non gaude gainerakook? Zein da norbanakoen eta herri mugimenduaren zeregina burujabetza prozesuan? Zer egin dezakegu?

Zein da norbanakoen eta herri mugimenduaren zeregina burujabetza prozesuan?

Non dago gure herri-estatu proiektua?

Espainia edo Frantziako moduko estatu bat sortu, beste motako bat ala behetik gora egituratuko sistema bat sortu?

Nola eguneratu daiteke gure antzinako batzar irekien sistema gaurko gobernantzara?

Euskal Herriko estatua sortu, Nafarroakoa berreskuratu, estaturik gabeko lurralde aske bat…?
Katalanengandik zerbait ikasi ahal dugu?

Zergatik ez dugu azken 100 urteotan independentzia lortu?

Txibertan zer gertatu zen? Lizarra-Garazin zergatik ez genuen aurrera gehiago egin? Eta Udalbiltzan?

Azken 40 urteotan euskera hobera joan al da? Eta elikadura sektorea? Eta industria? Eta hezkuntza? Eta ekonomia? Eta demografia? Eta ingurumena? Eta kultura? Eta feminismoa? Eta osasuna? Eta euskal sena? Eta herri honekin dugun konpromisoa…?

20 urte barru nolako munduan egongo gara? Oligopolizazioak, errobotizazioak… nola eragingo digu?

Milaka urte iraun ondoren, Europako zaharrena den herri hau egoera larrian dago ikuspuntu askotatik ikusita. Hegoaldeko autonomia estatutuek edo Iparraldeko mankomunitateak ez diote bueltarik eman edo emango herri hau desagertzeko prozesuari baina harrigarria da ere, ondoan ditugun estatu bi horiekin ere, bizirik gaude, euskerak gure ezpainetan jarraitzen du, euskal nafar herritarren artean auzolanen bidez proiektu handiak egiten jarraitzen dugu… Bai, bizirik gaude eta bizirik jarraitzeko asmoa dugu baina, horretarako, burujabetza prozesu bati denon artean ekin beharko genioke.

Gaur egun independentziara begira dauden hainbat ekimen baditugu, mota eta estrategia desberdinetakoak. Alderdiek eta sindikatuek haien esparru propioa dute baina non gaude gainerakook? Zein da norbanakoen eta herri mugimenduaren zeregina burujabetza prozesuan? Zer egin dezakegu? Dauden ekimenak, gogoetak, asmoak… hobeto ezagutzeko eta horien gainean gogoeta egiteko antolatu dira jardunaldi hauek eta bertara etortzeko denok gaude gonbidatuta, norbanakoak zein erakunde/elkarteak.

Azaroaren 18an Elgoibarren egingo ditugun jardunaldietan hiru ikuspegi landuko ditugu. Batetik herri mailako diagnostiko eta proposamenak. Bestetik arlo mailakoak (osasuna, ekonomia, kultura, elikadura…). Eta, azkenik, nazio mailakoak (herrigintza/estatugintza): estatua eskuratzeko azken hamarkadetan izan ditugun esperientziez gogoeta egitea, gaur egun dauden ekimenak hobeto ezagutzea, batzar sisteman oinarrituta egitura nazional bat osatu litekeen aztertzea, ikuspegi oso desberdinak dituztenak bat etortzeko lana egitea (estatu «zaleak» eta estaturik nahi ez dutenak, behetik gorako zein goitik beherako ikuspegia dutenak, egitura horizontalaren aldekoak…), prozesu sendo bat egon dadin zeintzuk diren behar ditugun oinarriak, etab. Herrigintza/estatugintza prozesu horretan nola gauden aztertu: diskurtsoak eta komunikazioa, gure historiaz herritarrek duten ikuspegia, behar diren mobilizazio motak,  egituraketa, bakoitzak eduki behar duen espazioa (norbanakoek eta herri mugimenduak, alderdiek, sindikatuek), etab.

Jardunaldia bertaratuko garenon gogoeta eta proposamenekin egingo dugu. Bertan zuen ekarpenak egiteko bi era daude: ahozko aurkezpena zein idatzizkoa.

Jardunaldi hau arlo desberdinetan gauden norbanako eta elkarte batzuen gogoetatik irten da, ikusten dugulako, gako nagusietan hutsune nabarmenak ditugula: euskeraren erabilera beherantz (kale neurketak emandako datuak alarma guztiak piztu ditu eta hizkuntza politika errotik aldarazi beharko genuke denok, baina, hemen, diru gehiena obra faraonikoetara zuzentzen jarraitzen da); demografiaren egoera larria da, azken 20 urteotan jende kopuru bera eta gero eta zaharragoa; ekonomian ere eskas (soldatak Espainiako soldaten mailara jaisten ari dira urtez urte eta horrek gure gazteen etorkizuna are gehiago kolokan jartzen du); elikaduraren sektorean baserritarrek, arrantzaleek, abeltzainek… desagertzen jarraitzen dute politika autonomikoei esker; aldaketa klimatikoa dena hankaz gora jartzen ari da baina benetan zer egiten ari gara?

Jardunaldi hauek ekimen herrikoi baten abiapuntua izan nahi dute, herria saretzeko, proposamenak partekatzeko, elkarlana pizteko. Asmoa auzolanetik naziolanera joatea da, elkarrekin eta helburu argi batekin: gizaki askez osatutako herri askea lortzea.