Inicio Nabarmena Arturo Campion gure bihotzean

Arturo Campion gure bihotzean PDF Imprimir E-mail
Xabier Arregi   
Martes, 21 de Noviembre de 2017 21:12

Ez nau larregi harritzen Nafarroako Parlamentuko alderdi espainolistenek bat egin izanak Campion erdeinatzeko orduan. Edozein aitzakia ona zaie euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna betiko simaurrarekin estaltzen ahalegintzeko. Horrela azaleratzen dute euren barrenean duten errezeloa, ikusezina ez denean, euskal kutsukoa den edozein adierazpenekiko. Campioni egokitu zaio orain, besteetan beste batzuei egokitzen zaien bezala. Nafarroako gobernuak erabaki duenean Campioni, Hermilio Olorizi eta Julio Altadilli Nafarroako urrezko domina ematea, berehala egin dute bat UPNk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak gaitzespen agiri berari babesa emanaz, Campionen oroitzapena lokaztatzeko.
Gutxiespen horretarako aitzakia modura jarri dute bere bizitzaren azken unetan sinatu omen zuen agiria kolpistei babesa ematen. Ia itsua, osasuna galduta, alargunduta, bere laurogetakak gainean, azken hilabeteak Donostian pasatu zituen. Bere etxean, gudariek babestuta, beldurrez ez ote ziren edozein unetan milizianoak sartuko, eta ez ote zuten bera hilko. Mehatxua ez zen txantxetakoa. Miliziano sozialista eta komunisten ekintzak kontuan hartzeko modukoak ziren, eta gertutik bizi izan zituen. Bere iloba, Jose Vila Campion, hil zuten milizianoek, baita iloba horren bi seme ere, gauzak orduan egin izan ziren estiloari jarraituz. Harrigarria al da, egia bada agiria berak idatzi zuela, hain egoera ahulean, babesgabean, dagoen gizonak amore ematea?
Eurek gutxiesten duten gizona euskaldunok erreferentziazkoa dugu, ahaztu ezinekoa, Azkue, Manuel de Irujo edo Barojatarren mailan jarri beharko genukeena, bere izena harrotasunez aldarrikatu behar duguna, maite duguna eta maiteko duguna. Gaitasun handiko gizona, euskaltzale bizia, ekintzailea eta polifazetikoa. Gaztetan ikasi zuen euskaraz egiten, eta euskararen euskalki ezberdinetan idazteko gai izan zen. Maila intelektualean literatura lanak, historia ikerketak eta idatzi politikoak utzi zizkigun. Ekintzailea izan zen aldetik, politikan bere bidea egin zuen, alderdi politikoetan sartu barik. Madrilen nafarren diputatu modura Nafarroaren defentsa egin zuen gamazadaren garaietan. Gure foru errepubliken defendatzaile konprometitua izan zen, eta, horregatik, hain zuzen, demokraziaren babeslea. Garai haietan euskararekin eta euskal bizi eta esangura eremuarekin zerikusia zuten ekimenetan parte hartze zuzena izan zuen. Eusko Ikaskuntzako ohorezko presidentea 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaile eta urgazlea. Ez zuen ulertzen Nafarroa, Euskal Herria, gure foru errepublikak, euskararik gabe, gaur hainbatek ikasi beharko luketena.
Leporatzen zaio jarrera katoliko integrista izan zuela, eta beste hainbat gauza, inolako ahaleginik egin gabe bere garaian eta testuinguruan ulertzeko Campionen jarduna. Ez zitzaien bizitza samurra egokitu garai haietako gure arbasoei. Oinazea zekarten erabaki zailak hartu edo jasan behar izan zituzten, horietatik asko Espainiatik, edo urrunagotik, ezarritakoak. Gaurtik ikusita, hobea izango al da orduko ezkerraren estalinismoa? Hobea haien fededun katolikoen aurkako jazarpena ankerra? Hobea 1936-37an, sei hilabeteko tartean, milizianoek Gipuzkoa eta Bizkaian gauzatu zituzten 800dik gorako hilketak? Hobea gaurko ezkerraren ildo baten islamofilia, eta, aldi berean, juduen, eta, oraindik, kristauen, aurkako gorrotoa?
Jarrera haien barrenean dago euskaltzaletasuna arrazakeriarekin, atzerakoitasunarekin, sentimentalismo irrazionalarekin, batzeko obsesioa, euren Espainia arrazoiarekin, zentzunarekin, batu nahi duten bezalakoxea. Euskaldun guztiok iraintzen gaituzte Campioni (eta berari bezala euskaldun eta euskaltzale guztioi) eskatzen diotenean gardentasun politikoaren ziurtagiria, eurek banatzen duten ziurtagiria, noski. Horrekin ahantzarazi nahi digute benetako arrazista izan zela euren Canovas del Castillo, inolako lotsa barik goraipatzen dutena; ahantzarazi Ortega y Gasseten arrazakeria eta frankismoa, Joxe Azurmendik Espainiaren arimaz liburuan eta Gregorio Moranek, El maestro en el erial liburuan erakutsi digutena. Baina Canovasi, Ortegari, Menendez Pidali, Sanchez Albornozi... ez diete konturik eskatzen, ez dute gardentasunik erakutsi beharrik, Espainiaren zutabe fundatzaileetan baitaude.
Hori dena ez da harritzekoa, kontuan badugu bat egin zutela espainiar komunistek, sozialistek eta frankistek 1978an frankismoaren erreformarekin. Eurena egin zuten denek frankismo ekonomikoa, soziologikoa, politikoa, besarkada konstituzional lizun hartan, euskaldunok bizkarra eman geniona. Baita frankismo judiziala ere, bere salbuespen epaitegiekin, Altsasuko gazteak kartzelatuta dituztenak dagoeneko urte betez. Baita frankismo militarra ere, militar frankistak izan baitziren Hegoaldeko lau lurraldeen patua diktatu zutenak. Baita frankismoak ezarritako hizkuntza menperaketa ere. Frankismoaren hizkuntza politikak (eta lehenagokoak) ekarri zuen euskararen egoera tamalgarriari eusten diote lotsatu barik, hortik etekin politikoak ateratzeko, eta euskarari ahal diren traba gehienak jartzeko. Onartu behar badugu eurek xenofobiatzat jotzen dutena hala dela, ez al da xenofobia izango ere euren euskarari trabak ipintzeko jarrera setatia? Ez al da xenofobia herri bati jazartzea bere hizkuntzan hitz egiten duelako? Eta oraindik kapazak dira Campioni kontuak hartzeko!

BERRIA