Inicio Nabarmena Gipuzkoako historia idatzi du Beñi Agirrek 'ikuspegi nafarra' erabilita

Gipuzkoako historia idatzi du Beñi Agirrek 'ikuspegi nafarra' erabilita PDF Imprimir E-mail
Felix Ibargutxi   
Lunes, 11 de Diciembre de 2017 16:50

abeniikuspegnafar

Beñi Agirre, liburu berria eskuetan duela / F. I.

Nabarralde Fundazioaren bidez plazaratu du liburua, eta Durangoko Azokan aurkeztu

‘Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik’ liburua plazaratu du Beñi Agirrek, Nabarralde Fundazioa argitaletxearen bidez. Paleolito aroan hasi eta 1931ko estatutura arteko epea hartzen du kontuan. “1931n batasuna agertu zuten Hegoaldeko lau lurraldeek, handik aurrera haustura etorri zen. Horregatik aukeratu dut data hori liburuari amaiera emateko”, agertu du Agirrek.

Euskararen irakaskuntzarekin lotutako pertsona da Agirre. Urte askoan AEKren Gipuzkoako arduraduna izan zen. Azken urteok Nabarralde Fundazioari lotuta eman ditu.

Liburuko hitzaurrea Idoia Arrieta Elizalde Historian doktoreak idatzi du. Besteak beste, hau dio bertan: “Irudiak benetako dokumentu grafikoak dira. Testuari laguntzen dioten lagungarri horien bidez , errazago ulertzen baita ibilbide historikoa. Gainera, nabarmentzekoak dira ekonomiari eskaintzen dizkion azpigaiak, ildo nagusia Gipuzkoaren garapen politikoa izan bada ere. Idazleak, historiaren aurrean Euskal Herria subjektu politiko gisa irudikatu du. Historiaren errelatoa egiten duenean identitatea eta herri bateko partaide izatearen zentzu kolektiboa berreskuratu baitu”.

Eta lehen kapitulua honela hasten du Agirrek: “Gipuzkoaren marra-mugak, nagusiki, sortzen dira Gaztelako erresumaren inbasioak jatorrizko Nafarroari konkista bidez egiten dion zatiketaren ondorioz. 1200eko konkista bidez lehenengo eta, ondoko mendeetan, Gaztelaren interesetan bildutako eskualde batzuen antolaketa administratiboaren eraginez sortu da oraingo Gipuzkoa”.

Gipuzkoako lehenengo arau juridiko idatziak, berriz, Donostiako hiri-gutunean bildutakoak omen dira. Nafarroako Antso VI.ak errege baskoiak (1150-1194) emandako hiri-gutunak Zuzenbide Piriniotarretik eratorritako Foruetan du oinarria.

Eta ‘Bardulia’ kontzeptuari buruz hau dio Agirrek liburuan: “Barduliak, autore gehienen arabera, Baskoniako golkora isurtzen diren Oiartzun ibaiaren (Pasaia) eta Deba ibaiaren arteko itsasertzean hasita, hegoalderantz egiten zuen bertikalean, ‘Trifinium’ edo oraingo Trebiñuraino. Gaur egungo Gipuzkoa, ordea, hegoaldean, Pirinioetatik datorren ibai-isurien muga-marraraino iristen da. Pasaiatik Bidasoaraino baskoien zati bat hartzen du eta Debatik Mutrikuraino karistiarrei hartzen zaie”.

Hamabigarren mendean, Gaztelako erresumak Gipuzkoako hainbat toki egin zituen bere, ordu arte Nafarroako erregearen mendeko ziren tokiak, alegia. Rodrigo Semenezek bere ‘De Rebus Hispaniae’ liburuan bi aditz erabili zituen deskribatzeko zenbait hiribildu eta gaztelu Nafarroako erresumatik Gaztelakora nola pasa ziren: ‘obtinuit’ (obtener/eskuratu) eta ‘adquisivit’ (adquirir/bereganatu). Baina orain urte asko ez dela, Idoia Arrieta Elizalde historialariak (liburu honetako hitzaurregileak) aurkikuntza handia egin zuen, 2011ko kongresu batean aurkeztu zuena. ‘Konkistatu’ hitza aurkitu zuen Donostiako hiriaren konkistaz diharduen agiri zahar batean. 1332an datatua dagoen eta ‘Traslado del fuero de San Sebastián sacado a petición del concejo de la villa de Guetaria’ izenburua duen dokumentuak honela dio: “(…) Don Alfonso de Castiella, que Dios perdone, que la dicha villa conquistó(…)”.

Hemeretzigarren mendeko atalean bada ‘Zergatik pizten diren gerrak’ azpi-atala, eta bertan honela mintzo da Beñi Agirre: “Gerrak ez dira pizten erregea edo erregina hiltzen delako. Ez dira sortzen haien oinordekoak ongi konpontzen ez direlako. Horrela aldarrikatzen bada ere, erlijio sinesmen ezberdina edo berdina izatea ez da arrazoia, aitzalia baizik. Gerrak sortzen dira gizarteko jendarte nahiko indartsu batek, nazio batek, bestea menderatu nahi duelako, hainbat arrazoi medio, ekonomikoak nagusiki”.

DIARIO VASCO