Inicio Nabarmena Euskal Diasporaren Eguna Elkano erreferentzia hartuta?

Euskal Diasporaren Eguna Elkano erreferentzia hartuta? PDF Imprimir E-mail
Aitzol Azurtza   
Miércoles, 07 de Febrero de 2018 19:46

Ez nago ados irailaren 8a Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko eguna aukeratu izanaz, Elkanok ezin dezakeelako euskal diaspora ordezkatu.
Euskal herritarrentzat Elkano heroi abenturazale ausartaren eredua izan daiteke, baina diasporan bizi garenok ezin dugu Elkano eredutzat hartu, espainiar konkistatzaile itxura duelako (indarkeriaz edota trikimailuz lekuan lekukoen bizkar profitatzen denaren antza du).
Hautatutako egunak, irailaren 8ak, Elkano eta gainontzeko itsasgizonak Sevilla hirira iritsi zireneko eguna gogorarazten du. Espedizioaren irteera eta helduera lekuek ez dute zer ikusi zuzenik Euskal Herriarekin. Euskal diaspora Euskal Herritik irten zen (irteten da) eta Euskal Herrira itzultzen saiatzen da, ez Andaluziara....
Agian Elkanok merkataritza helburu duen euskal herritarra ordezka lezake, baina Euskal Herritik atzerrietara eta erbesteetara joandako euskaldunen artean itsas merkatari abenturazaleez gain bestelako jende mota asko zegoen, haien artean anitz nekazari xume bizitza berri hobean amesten zuena.
Elkanok ez zuen inoiz atzerrian bizimodu berria eraikitzeko helbururik, Euskal Herritik joandako gehienek egin zuten (egin dugun) moduan. Aitzitik, Elkanok atzerritarrengandik ahalik eta etekinik handiena lortu nahi zuen, ondoren etxera itzultzeko. Bost axola zitzaizkion atzerriko lurraldeetako biztanleak. Jokaera hau euskal diasporako partaide garenon arbasoek izan zuten jokaeraren erabat ezberdina da, diasporako arbasoek bizimodu berria eraiki zutenean harrera eman zien herrialdearen ehun ekonomikoa sortzen eta gizartea garatzen lagundu zutelako. Elkanok ez zuen halakorik egin.
Bestalde, Elkanoren merkataritza entrepresa Espainiako Koroak ordaindu zuen; beraz, Espainiako erregeren menpe zegoen. Euskal herritar asko Espainiako agintarien jazarpenari ihes egiteko joan zen erbestera (batez ere Ameriketara), Karlistadek, Gamazadak, Kubako eta Marokoko gerlek eta Espainiako Gerla Zibilak sortutako egoera politiko ezegonkor arriskutsuari ihesi. Elkanok ez zien Espainiako agintariei ihes egin; alderantziz, Espainiako agintariei men egin zien.
Elkano baino ordezkari aproposagoak badaude. Ternuara urtero joaten ziren baleazaleek, adibidez, itsasertzeko beren herrietako ekonomia suspertzeaz gain, merkataritza harreman aldebikoitza garatu zuten Ipar Amerikako jatorrizko biztanleekin. Iparragirre bardoa ere Elkano baino askoz ere ordezkari hobea litzateke (Urretxun jaio zen, Madrilen hazi, Frantzian erbesteratu zuten, Argentinan ezkondu zen beste euskaldun batekin, Uruguain sortu zituen seme-alabak eta zahartzaroan Euskal Herrira itzuli zen, Gipuzkoako Itsason hil zelarik). Zalantzarik ez dago Iparragirrek, argi eta garbi, Euskal Herria gogoan, bihotzean eta mihian zituela munduko bazterretan zebilen bitartean.
Elkanok Euskal Herria gogo-bihotzean zuen ez dakigu, bestelakoak irrikatzen zituelako (ondasunak, ospea, agintea, abentura...); horregatik, aukera desegokia dugu Euskal Diasporaren Egunak bera eredutzat har dezan.

BERRIA