Kaleak, lasai

Kaleko musikari bat atxilotu dute, haren bizibide den eskusoinua kentzen saiatu zen udaltzainari zaplazteko bat emateagatik. Donostian gertatu zen, herenegun. Ez du merezi xehetasunetan sakontzea, kasu bakoitzak bere xehetasunak ditu eta.

Baina badira kaleko artistak atxilotzeko edo dauden lekutik egozteko errepikatzen diren elementuak. Udal araudiak ez betetzea da horietako bat; herritarren batek salatu izana bestea; oinezkoak edo eserita daudenak gogaitzen dituztela ebaztea udaltzainek; artistak atzerrikoak izatea, etorkinak alegia; eta beste zenbait. Ahaztu gabe kaleko artista hauek oinezkoek ordaintzen dietenetik bizi direla eta, noski, ez dutela sosik uzten lekuan lekuko udaleko altxortegian.

Dantzan eta kantuan egiten duen herria gurea, baina dagokigun unean bakarrik. Izan ere, egun seinalatuetan udal horiek beraiek betetzen dituzte kaleak artistaz, oinezkoak edo eserita daudenak gogaituko dituzten edo ez aintzat hartu gabe. Edo udaleko altxortegia hustuko dutenak nazioarteko ospea duen artistaren bat herrira eramateko.

Begira Gasteizi. Erroldatutako artisten hogei bat lan aukeratuko ditu Udalak irailean, haien grafitiekin orube abandonatuak apaintzeko. Grafitigileek aukera gutxi dute lanak modu librean egin ahal izateko, eta, gainera, erabilitako materiala ordaindu egingo diete. Hori gutxi balitz bezala, bi obra onenak 1.700 eta 1.200 eurorekin sarituko dituzte. Lan guztien jabetza Udalarena izango da; ez esan ez dela merkea artelanak erostea.

Hori bai, hogei lan horiek izan ezik, delitua izaten jarraituko du Gasteizko hormak espraiz eta pinturaz zikintzea.

Kaleak lasai nahi dituzte, artista gogaikarririk gabe, biluzten den jende arrarorik gabe, manifestaziorik gabe, aratz; susmagarria den oro kaletik egotzi behar da.

-Kaleko banku batean lasai ederrean eserita liburuak irakurtzea ere debekatu egingo dute aurki. Ba al dago ezer susmagarriagorik, egunotan, liburu bat irakurtzea baino?-.

Publicado por Berria-k argitaratua