Hizkuntza dominatzailea

Hizkuntza bat izan ote daiteke dominatzailea? Horra ikastola bateko ikastaro batean planteatu den zalantza. Lekuko batek esan didanez, ez dirudi halako tasunik, edo, hobeki esan, keriarik, beregana dezakeenik hizkuntza batek. Ondorio horretara iritsi ziren nonbait: hizkuntzak ezin duela ezer txarrik egin horrelako izen makurra bereganatzeko.

Beraz, dominatzailea boterea edo hiztuna izango da, edo erabilera-modua, nola ulertzen den. Erabilera-moduak zehaztuko liguke hizkuntzaren izaera eta funtzioa: halako testuinguru sozial eta politiko batean hizkuntzaren erabilera dominatzailea izan liteke, hizkuntza-politika inoiz ez delako neutrala. Baina, hala ere, hizkuntzak neutrala izaten segituko luke, erabilera-modua delako hizkuntzaren funtzioa dominatzaile egiten duena.

Erabileraren testuinguruak esango liguke, hortaz, hizkuntzaren funtzioa dominatzailea den edo ez. Eman dezagun Tibet, edo Kurdistan, edo Euskal Herria. Tibeteko testuinguruan zer da txinera? Hizkuntza dominatzailea? Seguru aski bai. Kurdistangoan turkiera hizkuntza dominatzailea ote da? Seguru aski, bai. Eta Euskal Herrian hizkuntza dominatzaileak al dira espainiera (gaztelania eta espainiera ez dira sinonimoak) eta frantsesa? Hori beste kontu bat da, kanpoko kolonialismoak onartzeko ez daukagu eragozpenik, baina etxekoak!

Espainiera Puerto Ricon hizkuntza dominatua izan baldin badaiteke, Euskal Herrian ezin omen da izan hizkuntza dominatzailea. Hizkuntzak berez ez baitu halako tasunik edo keriarik bere izaeran. Beraz, espainiera, beste edozein hizkuntza bezala, neutrala da bere erabilerak sortzen dituen ondorioekiko. Botereari edo hiztunari hartu behar zaio kargu, eta hizkuntza bakean utzi.

Orain arte gauzak nahiko argi daude. Bitasunak ez digu zalantzarik planteatu. Gauza horiek, ordea, ez dira horren sinpleak nire ustez. Lehenik eta behin, hizkuntza, berez, bere horretan, existitu ere ez delako egiten, hizketari eta erabilerari zor dio bere izana eta izatea: alegia, hizkuntza hizketak eta erabilerak egiten dute, horretan berritzen eta sortzen da, eta hori gabe ez da deus.

Bigarrenik, kargu hartu behar litzaiekeen eragile estralinguistiko horiek, izan espainiar edo frantses estatuak, izan horien konplize diren gizarte zibilak, izan hiztunak… ez lirateke direnak izango dagozkien hizkuntzarik gabe. Zerk egin ditu, besteak beste, Espainia eta Frantzia, hizkuntza nazionalaren baitan sozializatutako kulturak, ideologiak, historiak eta abarrek egin ez baditu? Nazio-estatu horiek ez dira noski hizkuntza bakarrik, baina hizkuntza dute ezaugarri nabarmenena. Beste horrenbeste esan dezakegu hiztunari buruz.

Egia da hiztunak sortzen eta berritzen duela hizkuntza, baina, egia da, era berean, pertsonaren izaera eta nortasuna hizkuntzaren baitan burututako sozializazioan eraikitzen dela. Alegia, hizkuntza berregiten duen gizakia, gizakia egin duen hizkuntza dela aldi berean, hizkuntzarik gabeko gizakirik ez delako sortu munduan. Eta gizakia hizkuntzak sortzen duela diogunean, ez dugu esan nahi, jakina, gizakia hizkuntzak bakarrik egin duenik.

Nolanahi ere, hizkuntzak badu modua bere izaera ezaugarri dominatzailez hornitzeko, osatzeko, gauzatzeko, hizkuntzaren izaera bere erabilera-moduaren izaera delako. Hizkuntza erabilera eta jarduna baita, izatez. Ez al da bada hizkuntza fenomeno dinamiko bat?

Laburbilduz: hizkuntza ez da deus erabilerarik gabe, eta erabileran baizik ezin dugu ulertu hizkuntzaren benetako izaera. Hizkuntza bat dominatzailea edo dominatua izan daiteke, beraz, zalantzarik gabe, eta hizkuntza hori (hizkuntzalarien objektu abstraktu eta formal gisa ulertzen ez badu behintzat), ezin da bereizi eta aldendu gizakiak eta talde etniko eta nazionalek egiten duten bere erabileratik, erabilerak hizkuntza berregiten duelako eta hizkuntzak erabilera bermatzen duelako. Juan Carlos Moreno: «Hezkuntzako programa batean hizkuntzetako bat hizkuntza dominatzailea baldin bada, programa horren helburu nagusia hizkuntza dominatzaile hori inposatzea izango da» (La dignidad e igualdad de las lenguas). Bide batez, irakaspen ederra, ereduak gora eta ereduak behera gabiltzan honetan.

Espainiera eta frantsesa hizkuntza dominatzaileak dira herri euskaldunarentzat, ez dira hizkuntza neutroak. Duten izaera inperialistaren lekuko, azken mende luzeetako historia. Hizkuntza ezin dugu definitu hizkuntzalaritza formalak egin duen moduan, definizio hori ez delako «zientifikoa» inplikazio sozial, politiko, nazional, historiko, lurraldezko, kultural eta ideologikoak dituen neurrian. Eta hizkuntzak beti ditu inplikazioak bere jardunean.

Hizkuntza, ezer izatekotan, jarduna da, ez egon dagoen izaki abstraktu bat: «Hizkuntza esentzialki hitz egitean datza; hizkuntza ez da, hor dagoen ezer, hiztegi eta gramatiketan edo» ( Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua, Joxe Azurmendi).

Gogoan hartzeko kontu bat: guk egiten dugu hizkuntza, baina hizkuntzak ere egiten gaitu gu, eta hizkuntza ez da sistema formal hutsa, gizatasunarekin, duintasunarekin, boterearekin eta identitatearekin zerikusirik ez duen zer bat. Besteak beste, eta nazio-identitatearen beste faktore gehienek baino areago, Espainiaren izate-posibilitatea espainierak ahalbideratu eta berregin du, eta Frantziarena frantsesak.

Euskal Herriari dagokionez, ez al dugu bada gure herria ere euskararen herria? Salbuespenak salbuespen, aho batez onartutako definizioa. Alegia, euskararen baitan sozializatutako gizataldeak sortutakoa. Euskararen baitan diogu, eta ez euskararekin, gainerako elementuak (kultura, lurraldea, historia, pentsamendua, balioak…) hizkuntzaren baitan baizik ezin baitira sozializatu gizakiaren eta gizataldearen nortasuna eraikitzeko. Euskara ez da beste elementu bat gehiago gure herriaren identitatean, oinarria bera da. Bera gabe gainerako ezaugarriak hutsaren hurrengo dira.

Publicado por Berria-k argitaratua