Itziar mugatu?

ESKERTZEKOA da Joseba Zulaikak Itziarri, Eliza eta Amabirjinari egiten dizkien aipamenak. Baita ere, berak esaten duen bezala, arrazoi historiko, geografiko eta sinbolikoak kontuan hartuta bere identitatea gorde egin behar dutela, batez ere bertakoek, ondorengoentzat.

Baina, horretarako Itziar mugatu? Berak dioen bezala, Santxo IV.ak, Gaztelako erregeak, 1294ko ekainaren 24an Itziarko lekuan hiri bat sortu zuen, bertako gizonei mesede egin eta aberatsago eta gordeagoak izateko, Monreal izenarekin eta Gasteizko foru berdinekin.

Aurrerago eta hiritarrek ikusita leku hura portutik aparte eta goian zegoela bai arran-tzarako eta trafikorako eta bai soroen lurgin-tzarako, hiritarrek Itziarren sortutako hiria lekuz aldatzeko eskatu zioten Erregeari, hain zuzen ere, herriko muga barruan zeuden lurretan, itsas bazterrean.

Alfonso XI erregeak 1343ko ekainaren 17an eman zien baimena aldaketa hori egiteko, aurretik emandako foru berdinekin, eta Monreal izenarekin jarraitzeko kondizioetan.

Hemen ikusten da herritarren eskaera eta erabakia izan zela, ez zuten herria zatitzerik eskatu, arrantzarako, lurgintzarako eta merkataritzarako aukera nahi zuten. Zergatik orain zatitu?

Oso ados nago Joseba Zulaikarekin, Itziarrek izan duen eta daukan oihartzunarekin, bere izena ere Humboldtek idatzi zuenez «itsas-zehar» esan nahi zuela, baita itsasgizonentzat ere Itziarko Eliza maitatua eta Amabirjina itsasoko izarra zela. Elkano bezalako itsasgizonek Itziarko Amabirjinari utzi zizkiotela ondareak bere testamenduan, Orio bezalako arraun taldeak Itziarko Amabirjinari eskaini izan dizkiola irabazitako banderak. Nola orduan Itziarri eta Amabirjinari kendu itsasoari lotuta dagoen alde hori? Debako aldea eta Itziarko aldea beti bat izan dira, eta edozer gauza egiteko horrek denen erabakia izan beharko luke, lehen bezala.

Itziarko historia, izena, sinbolismoari eusteko, nire ustez, ez dago beste herri bat aparte sortu beharrik, egongo dira beste ekintza ba-tzuk. Lehen ibai eta itsaso ertzean bazeuden aberastasunak, orain baliteke industrialde batean egotea. Zergatik sakabanatu, lehen ez bazuten egin?

* Jesús Mª Agirrezabala. Debako Alkatea