Iruña-Veleiaren plan zuzendarirako hitzarmena: eskandalu hutsa!

Ostegunean jakin dugunez, Arabako Foru Diputazioaren Euskara, Kultura eta Kiroletarako foru diputatu Lorena Lopez de Lacallek lankidetza-hitzarmena sinatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin Iruña-Veleiarako plan zuzendaria egiteko. Badira hitzarmen horretan hiru atal deigarriak bezain kezkagarriak.

Atal batean, plan berria egiteko arduradun Julio Nuñez izendatzen da. Gogora dezagun grafitoak faltsuak zirela erabaki zuen Batzorde Zientifikoaren partaideetako bat bat Nuñez izan zela. Eta hori onartezina da, ezin da epaile eta onuradun nagusia izan aldi berean. Era kontzientean zein inkontzientean, ezin da objektiboa izan jakinda emango duzun epaiak eragina izan dezakeela zure ondorengo lan ibilbidean. Berri horrek auzi ak daraman prozesuarekiko ezinegona eta kezka areagotzea baino ez dakar. Eta areago, Batzorde Zientifikoak egindako hainbat txostenek beren balizko sinesgarritasuna eta balioa galtzen dute neurri handi batean.

Gainera, plana idazteko 100.000 euro emango direla jakiteak haserrarazi gaitu. Nola liteke aurreko astean Lorena Lopez de Lacalle foru-diputatuak esatea krisian gaudelako ezin zirela egin plataformak, Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk eskatutako froga berri independente eta kostu gutxikoak, eta hurrengo astean diru kopuru hori ematea?

Beste atal batean, berriz, bi aldeek plana egin bitartean sortutako datu eta informazioak sekretupean gordeko direla irakurri ahal da. Hots, gardentasunaren ordez, obskurantismoa.

Horren guztiaren aurrean, zera eskatzen diegu foru-diputatuari eta alderdi politikoei:

-Ezin da itxitzat eman grafitoen inguruan sortutako eztabaida, gutxiago azken egunotan Batzorde Zientifikoaren txostenen ondorioak zalantzan jartzen dituen 13 txostenen aurkezpena egin eta gero. Ezin da izugarrizko balioa izan dezakeen grafito multzoa bazterrean utzi hainbeste duda eta kontraesan egonda. Ezin da, berriz ere, presaka ibili gure ondarearekin. Hain ziur badaude, zergatik hainbeste beldur eta oztopo froga berriak egiteari?

-Iruña-Veleiarako edozein plangintza egin aurretik, behar diren froga berriak egin ditzatela grafitoen faltsutasuna edo benetakotasuna argitzeko. Hau argitu bitartean edozein plangintza berri hilda jaioko baita.

Arduraz joka ezazue, arren, denon ondarea da eta.

Maritxu Goikoetxea.

SOS-Veleia plataformaren izenean.

Berria-k argitaratua