Iñaki Egañaren liburua frankismoaz

6.018 zio ez ahazteko

34 urte betetzen dira gaur Franco hil zela. Biktima ugari eragin zituen haren diktadurak Hego Euskal Herrian. Iñaki Egaña historialariak haren lehen biktimak ditu gogoan liburu berrian: 1936ko gerrakoak.

Sei mila eta hemezortzi. Zenbaki hotz eta hutsa dirudi. Hemendik aurrera ez da horrela izango Hego Euskal Herrian. 1936ko gerran fusilatuak izan ziren euskal herritar identifikatuen kopurua da. Francoren lehen biktimak izan ziren; urteetan, ordea, ahaztuak izan dira. Estrainekoz haien zerrenda bildu du Iñaki Egaña historiagileak, atzo aurkeztu zuen Los Crimenes de Franco en Euskal Herria 1936-1940 (Francoren krimenak Euskal Herrian 1936-1940) liburuan. «Ez nuke esango kopurua eta zerrenda behin betikoak direnik. Egia jakitea komeni ez zitzaienez, Gobernu Zibilek gordetzen zuten informazio asko galdu egin da. Dena den, datua nahikoa zehatza izan daiteke», dio Egañak. Zerrendatik harago, hala ere, biktima horiek bizi izan zutena azaldu nahi izan du, eta interpretazioa eman. «Banakako istorioetatik, historia orokorrera iristen saiatu naiz». Liburua aurkezten lagundu zion Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta Arantzadi Zientzia Elkarteko buruak. Haren ustez, Egañarena ez da ohiko historia liburu bat. «Egañak memoria historikoaren gaia lantzen duenean, gertuago dago giza eskubideetatik historiatik baino. Berak liburuan dioen moduan, indusketetan aurkitzen diren gorpuzkinak sentimenduz jantzi ditu ».

«Liburua urte askotako lanaren emaitza da», nabarmendu du ezer baino lehen Egañak. 1936tik bertatik hasi ziren erbestean eta kartzelan zeuden errepublikazaleak beren memoria helarazteko lanean. «1939an ELA sindikatuak egin zuen erbestean fusilatuen lehen zerrenda», gogorarazi du Egañak. Ondoren, 47 urte itxaron behar izan ziren halako beste zerrenda bat ikusteko; Altaffayllak Navarra, 1936. De la esperanza al terror liburua liburua argitaratu zuen arte, hain zuzen. Ondoren iritsi zen Egañak berak zuzendutako 1936. Gerra Zibila Euskal Herrian lan entziklopedikoa. Hari horietatik tiraka, eta urteetako ikerketen ostean osatu du Egañak liburua.

Kasu honetan liburua ez da gertaeren kronologia hutsa. Hasieran 1936ko gerrako aurrekariak eta testuinguru historikoa azaltzen du. Hortik aurrera gertaerek eta, batik bat biktimek, hartzen duten garrantzia. Lehen fusilatzeak Nafarroan gertatu ziren. «Aurreneko hilabeteetan kontrolik gabe egiten zituzten, eta zaila izan da horiei buruzko datuak lortzea. Gero, modu kontrolatuan egiten hasi ziren, eta horiei buruzko datuak militarren artxibategietan zeuden gordeta».

Biktima gehienak fusilatuta hil zituzten. Francok, halere, 1932tik indargabetua zegoen garrotearen teknika berreskuratu zuen. Izan ziren ibaietan eta erreketan itota agertu zirenak ere. Kasu horietan, ez da argitu ahal izan itota hil ziren, edo hil ostean bota zituzten uretara.

Exekuzio horiek burutu eta babesen zituztenen artean, denetik zegoen: jauntxoen seme-alabak, falangistak, mertzenarioak, epaileak, apaizak… «Denek izen eta abizenak zituzten, halere», gogorarazi du Egañak.

Biktima bakoitzak bere istorioa du. «Dena den, guztiek ezaugarri komun bat zuten: beren ideiengatik eta nortasunagatik borrokatzen zuten, eta horregatik jazarri eta hil zituzten. Hori da, nolabait, liburuaren haria». Horien arten, udal agintariak aipatu ditu Egañak. «28 alkate hil zituzten urte haietan, eta zinegotzi mordoa». Liburuan jasotzen denez, halaber, jazarpen gehien jasan zutenen artean zeuden medikuak. Nolabait, debekatu egiten zieten errepublikazaleak sendatzea. Emakumeak izan ziren 1936ko gerrako beste biktimetako batzuk. «Sexu abusuak egiten zizkieten, eta bortxatu egiten zituzten. Kasu batzuetan, gainera, ilea guztiz mozten zieten».

«Bestelako biktima batzuk» ere izan zirela azaldu du Egañak. Hala, horiei tartea eskaintzen die liburuan. Izan ere, errepublikazale asko erbesteratuak eta kartzelatua izan ziren. 70.000 erbesteratu eta 55.000 atxilotu izan ziren. «Gainera garai hartan Franco Hitlerren aliatua zen, eta batzuk Alemaniako kontzentrazio eremuetara eraman zituzten».

Garai hori erabat itxita ez dagoen arren, 1940 eta 1975 arteko epea ikertzen hastea da Egañaren ustez etorkizuneko erronka. « Lan oso mardula dago egiteko». Etxeberriaren ustez, ezinbestekoa da orain arteko bidea jarraitu eta istorio anonimoetatik historia orokorra osatzea.

 

Liburu fitxa

Izenburua ‘Los crímenes de Franco en Euskal Herria 1936-1940).

Egilea. Iñaki Egaña (Donostia, 1958).

Argitaletxea Txalaparta.

Orrialdeak 503.

Prezioa 22 euro.

Berria-k argitaratua

 

Euskal Herrian 36ko gerran frankismoak hildakoen zerrendan, 6.000tik gora izen

Iñaki Egaña historialariaren liburu batean bildu dituzten datuen arabera, 1936tik 1940ra bitartean frankismoaren errepresioak 6.000 hildako baino gehiago eragin zituen Euskal Herrian: 6.018 hain zuzen ere.

Gaur 34 urte beteko dira Francisco Franco diktadore espainola gaixotasun batek eraginda ohean hil zenetik. Urte andana igaro den arren, frankismoaren errepresioak Euskal Herrian eragin zituen biktimen inguruko datu zehatzik ez dago oraindik.

Ikerketak areagotu diren heinean, datuak ere handituz joan dira, eta horren erakusgarri, atzo ezagutarazi zuten bezala, 1936tik 1940ra bitartean fusilatutakoen zerrenda eginez, 6.018 izen bildu dituztela. Iñaki Egaña historialari donostiarrak idatzitako «Los crimenes de Franco en Euskal Herria, 1936-1940» saiakeran jaso dituzte datuak. Frankismoak eragindako errepresaliatuei eskainitako lana da, eta Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratuko da liburua Durangoko Azokan.

Auzitegi-mediku eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria den Paco Etxeberriarekin batera egin zuen atzo aurkezpena Egañak eta jaso dituzten datu berriak «behin betikoak» izatetik gertu daudela esan zuen.

Fusilatuez gain, altxamendu frankista gertatu zenetik lehen lau urteetara izandako errepresioaren beste datu batzuk ere bildu dituzte. Egañak jakinarazi zuenez, Errepublikaren aldeko batailoietan borrokan aritu ziren 7.000 soldadu hil ziren gerra hasieran, 6.018 pertsona fusilatuak izan ziren eta 55.000 bat atxilotuak. Azken hauetatik, 1.700 bat pertsonak urte mordoa egin zuten kartzelaturik eta 70.000 bat pertsonak atzerrira ihes egin behar izan zuten.

Gara-k argitaratua